Euskaltelek martxan jarri du 4G zerbitzua
Euskaltelek 4G zerbitzua eskaintzen die jada bere bezeroei. Euskal operadoreak beste urrats bat egin du aurrera bezeroei azken belaunaldiko telekomunikazio mugikorreko zerbitzuak eskaintzeko konpromisoan, bezeroak abiadurarik handienean konekta daitezen smartphonetik Internetera. Urrats horri esker, irmo eutsi dio Euskaltelek, teknologia aurreratuena erabiliz, Euskadi telekomunikazio finkoen eta mugikorren abangoardian jartzeko erronkari.
Mugikortasuna gakoa da Euskaltelen estrategian. Haren helburu nagusia da bezeroei abiadura handiko zerbitzua eskaintzea edozein tokitan daudela ere, nola zuntz-sarearen bidez, hala mugikorreko sarearen bidez, bezero guztiek izan dezaten datuak mugikortasunean atzitzeko zerbitzurik onena eta osoena.
Estrategia horren ildotik, Euskaltelek martxan jarri du aurten Euskaltel WiFi zerbitzua, zeinaren bidez erabat doan baitute euskal operadore honen bezeroek nahi beste giga Euskadiko kaleetan erabiltzeko aukera mugikorreko datuak kontsumitu gabe. Zerbitzu horrek oso harrera ona izan du Euskaltelen erabiltzaileen artean, eta, une honetan, 165.000 sarbide-puntu ditu.
Orangerekiko akordioari jarraikiz 4G-ko zerbitzua martxan jarri izana Euskaltelek bere estrategian jarri duen bigarren mugarria da. Une honetan, konpainiak lanean jarraitzen du bere bezeroek Interneten are eta konexio gehiago eta hobeagoak izan ditzaten, euskal geografia osoan gero eta WiFi puntu gehiago ezarriko baititu eta 4G-ko sarea laster batean hedatuko baitu, Euskadirako lortu duen 4G/LTE lizentziari esker.
4G-a komunikazio mugikorren estandar berri bat da, belaunaldi berri bat, aurreko UMTS (3G edo hirugarren belaunaldia) eta GSM (2G edo bigarren belaunaldia) belaunaldiekin alderatuta. Teknologia honek nabigazio-abiadura handiagoa ematen du, eta gailu mugikorretan nabarituko da web-orriak kargatzeko denbora gutxiago behar dela, fitxategi erantsiak azkarrago deskargatzen direla terminalera edo streaming bidezko bideo batean buffering-denbora laburragoa dela.
Fase honetan, teknologia horrekin bateragarriak diren terminalak dituzten eta 1,5 gigako Biribila tarifa eta nahi adina deietako tarifa finko indibidualak dituzten bezeroentzat dago eskuragarri 4G zerbitzua. 4G-rekin bateragarriak diren tarifak dituzten bezeroentzako abantaila nagusia da ez dutela SIM txartela aldatu beharrik, prozesua automatikoa baita, Euskaltelek sareko azken teknologia duelako.
4G zerbitzua aktibatua duen eta teknologia horrekin bateragarria den terminal bat duen bezero bat 4G estaldurako eremu batean sartzen denean, haren terminala automatikoki konektatuko da sare horretara, eta, mugikorraren pantailan, estaldura-barren ondoan, “4G” agertuko da gaur egungo “H” ikurraren tokian (HSPA edo 3G-ren ikurra).