Eusko Jaurlaritzak bere I+G politiken etengabeko hobekuntza bilatzen du Austrian ‘Know-Hub’ proiektu europarraren barruan
- Know-Hub proiektuak helburu dauka esperientziak trukatzea eta berraztertzea eskualdeko estrategien kudeaketaren eta espezializazio adimendunaren estrategien prestakuntzaren arloan (S3- Smart Specialization Strategies).
- Proiektuan parte hartzeak honako helburu hauek ditu: Gure estrategia berriak berraztertzea (biobasque, nanobasque, energibasque, kronikbasque, marbasque (advance manufacturing…)), bai eta arestian onartutako PCTI 2015-ri egokitzen zaizkion berrikuntzarako estrategia, politika eta tresna berriak garatzea.
- Garatzekoa den lanari esker gure lehiakortasun-posizioak hobera egingo du HORIZON 2020 oinarrizko programa europar berriari begira eta nazioarteko merkatuetan.
- Proiektuan Europako hainbat eskualdek eta zenbait herrialdek parte hartzen dute, esaterako Polonia, Belgika, Hungaria, Frantzia, Austria, Alemania, Eslovakia, Bulgaria eta Espainia.
Eusko Jaurlaritzak bere berrikuntza-politikak aurkeztuko ditu Know-Hub proiektuaren barruan, bertan Europako hainbat eskualdek parte hartzen dutela. Know-Hub proiektuak helburu dauka esperientziak trukatzea eta berraztertzea eskualdeko estrategien kudeaketaren eta espezializazio adimendunaren estrategien prestakuntzaren arloan (S3- Smart Specialization Strategies).
Maiatzaren azken astean partehartzaile eslovakiarrak (Banská Bystrica) egon ziren Euskadin. Orain, aitzitik, Eusko Jaurlaritza Austria Beherera joango da berrikuntza-politika “in situ” ebaluatzeko, eta eskualde horretan Espezializazio Adimendunaren Eskualdeko Estrategiak (S3) ezartzeko eta diseinatzeko erabilitako jardunbide egokien kasuak detektatzeko.
Europako Batzordeak pizgarriak eman dizkie eskualdeei I+G-i-ko erronkei aurre egiteko 1990etik. Gaur egun, Horizon 2020 programa europarrean ari da lanean 2014-2010 aldirako.
Horizon 2020 deritzanaren helburua da berrikuntzaren arloan Europa mundu mailako gune lehiakorra bilakatzea. Europako eskualde guztiek ez dute I+Grako ahalmen berdinak. Horregatik, beharrezkoa iritzi diote antzemateari zeinetan nabarmentzen diren eta bultzatu behar diren bakoitzaren talentua, industria-sarea, ahalmen publiko-pribatua, elkarteak etab. kontuan izanik. Know-hub proiektua aurretiazko lan horren funtsezko alderdia da.
Ekainaren 11, 12 eta 13an, Edorta Larrauri jaunak, Eusko Jaurlaritzako Teknologia zuzendaria, eta Alberto Fernández jaunak, SPRIko Estrategia Teknologikorako Unitateko burua, osatzen duten ordezkaritzak hainbat bilera izango ditu Austria Behereko ikerketa-eragileekin eta ordezkari politiko eta enpresarialekin. Bilera horietan honako gaiok jorratuko dira: berrikuntzako eskualde-politiken eraginak ebaluatzeko sistema, sistema zientifiko-teknologikoaren sistemaren eta enpresen arteko harremanak, finantzatzeko tresnak eta bideak, eta S3 izenekoen garapena.
Euskadirako, proiektuan parte hartzea funtsezkoa da gure estrategiak berraztertu ahal izateko (biobasque, nanobasque, energibasque, kronikbasque, marbasque (advance manufacturing)…) bai eta arestian onartutako PCTI 2015-ri egokitzen zaizkion berrikuntzarako estrategiak, politikak eta tresna berriak garatzeko. Gainera, horri esker gure lehiakortasun-egoerak hobera egingo du HORIZON 2020 oinarrizko programa europar berriari begira eta nazioarteko merkatuetan. Ildo horretatik, Euskadik S3ko beste programa batzuetan ere parte hartzen du, esaterako “Keen Regions” eta “TRES” izeneko programetan.
S3 estrategia eta Know-hub proiektua
Europan berrikuntzarako espezializazio adimendunaren estrategia printzipio hauetan oinarrituko da:
• Eskualde bakoitzeko lehentasunak zehaztea, Europan dagoen espezializazioa aintzat hartuta, nazioarteko balio-kateak integratzeko eta Europako Ikerketa Esparruan (ERA) sakabanaketa eta bikoizketak saihesteko.
• Lehiakortasun-abantailak detektatzea. Talentua bultzatu, eta I+G+b jarduerak garatzerakoan, enpresen beharrak eta gaitasunak, baita negozio berriak sortzeko prozesua ere, kontuan hartuta.
• Masa kritikoa / Klusterrak: Lehen mailako bikaintasun-klusterrak garatzea eta horrekin lotutako gaiarentzat espazioak eskaintzea. Sektoreen arteko loturak, aniztasun teknologiko espezializatua bultzatzeko.
• Lankidetza-lidergoa: Berrikuntza-sistema eraginkorrak, lankidetza publikoan eta pribatuan oinarritutako ahalegin gisa, eta plataforma esperimental partekatuak.
S3 estrategiak ezagutza- eta kudeaketa-gaitasun multzo berrietan inbertitu behar du. Eskualdeetako agintariek eta bitarteko erakundeek gaitasun-multzo berriak garatu behar dituzte, Berrikuntzaren kultura sustatu ahal izateko, eta horrek aukera eman behar die enpresa txiki eta ertainei laguntzeko, produktu, zerbitzu eta soluzio berriak merkaturatzeko, enpresen arteko lankidetza eta garapen zientifiko eta teknologikoko agenteen arteko loturak sustatzeko, spin-off y start-up deritzenak sortzeko, sare-jarduerak eta eskualdeen arteko kooperazioa bultzatzeko, eta azkenik, baina ez horregatik garrantzi gutxiagokoa, finantza-krisiari aurre egiteko berrikuntzaren aldeko apustua eginda.
Erakundeak profesionalagoak izan beharko dira eta gaitasun berrietan inbertitu beharko dute erabakiak hartzeko:
• Eskualderako teknologia giltzarriak
• Kapital pribatua mugiaraztea
• Berrikuntza moten bizitza-zikloak, eta eskualdean ezagutza sortu, transferitu eta zabaltzeari buruz
• Administrazio-ingeniaritza sektore publikoan berrikuntza ezartzeko (lankidetza publiko-pribatua, erosketa publiko berritzailea, balio erantsi handia duten laguntza-zerbitzuak, …)
• Talentua duten pertsonak eta eskualdeak etorkizunean izango dituen beharrak antzematea,
• Lurralde-adimena: nazioartekotzea, globalizazioa, erakargarritasuna, lehiakortasuna, etorkizunera begirako apustuak,…
• Eskualde batek, ez bestek, dituen aktiboak eta bere zokoak, eta jarduera berriak, ebaluatzea
Know-Hub proiektuak alderdi horiek landuko ditu, eta barne-azterketak, mintegiak eta tailerrak egingo ditu, baita parte hartzaileentzat erabilgarri izan daitekeen ezagutza-base bat sortu ere.
Parte hartzen duten eskualdeek honelako jarduerak egiten dituzte:
• Berrikuntza-politikak elkarren artean aztertu.
• Gai jakin batzuen inguruko jardunaldiak, tailerrak eta abar antolatu
• Agente publikoak trebatzeko saioak antolatu
• Planak gauzatu
• Berrikuntzako Eskualde Politikak eta horretarako tresnak hobetu
• Datu-base bat sortzea, honako hauek sartuta: artikuluak, identifikatutako jardunbide egokiak eta interesgarri izan daitezkeen bestelako dokumentuak.
Proiektuan eskualde hauek hartzen dute parte:
Wielkopolska (Polonia); European Association of Regional Development Agencies (Belgika); Észak-Alföld (Hungaria); Euskadi (Eusko Jaurlaritza eta SPRI) (Espainia); North France (Frantzia); Méditerranée Tech. (Frantzia); Lower Austria (Austria); Association of Countries and Cities in the Weser-Ems (Alemania); Banská Bystrica Self-governing Region (Eslovakia); Castilla y León (Junta y Fundación Universidades) (Espainia); Municipality of Pernik (Bulgaria)