Eusko Jaurlaritzak eta AZTIk sektore-plan bat aurkeztu dute, EAEko ardogintza-sektorean berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko

Bizkaia

• Upeltegietako karbono-aztarna kalkulatzeko tresna informatiko bat ere aurkeztuko dute

• Softwarea doakoa da, zehatz kalkulatzen du karbono-aztarna, eta emaitza ziurtagarria da

• Upeltegiek sektore-planean izena eman ahal izango dute, eta, hala, aholkularitza pertsonalizatua izango dute

Eusko Jaurlaritzak eta AZTI-Tecnaliak, itsas ikerketan eta elikagaien ikerketan espezializatutako zentro teknologikoak, EAEko ardogintza-sektorean berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko sektore-plana aurkeztu dute gaur. Programa horretan, ikerketa-zentroko espezialistek software bat garatu dute, ardandegiek bizi-zikloaren analisiaren bidez (BZA) karbono-aztarna erraz eta merke kalkulatzeko aukera izan dezaten, kalkulu hori, gainera, zehatza eta ziurtatzeko modukoa izanik. Sektore-plana Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Antolamendu, Nekazaritza eta Arrantza Saileko Elikagaien Zuzendaritzaren ekimen bat da. Gaur goizean eman dizkiete ezagutzera bai softwarea eta bai plana sektoreko profesionalei, Guardiako Taldearen egoitzan (Araba). Ekitaldi horretan izan dira Amaia Barrena —Eusko Jaurlaritzako Berrikuntza eta Elikaduren Industriako zuzendaria—, Francisco Olarreaga —Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Plangintzako zuzendaria— eta Eukene Gil —AZTI-Tecnaliako Elikagaiak Ikertzeko Unitateko Balioa Sortzeko zuzendaria—

Produktuen ingurumen-inpaktua zein den jakiteko, inpaktu hori murrizteko eta ekodiseinuko neurriak ezartzeko tresna aurreratuenetako bat da bizi-zikloaren analisia (BZA). Neurri horiek enpresen lehiakortasuna hobetzen laguntzen duten arren, orain arte mugatua izan da haien ezarpena, batez ere ETEen esparruan; izan ere, askotan, metodoa aplikatzeko behar den berariazko ezagutzaz gain, kostua ekartzen dute, eta dedikazio-denbora behar dute. AZTI-Tecnaliak diseinatutako eta garatutako softwareak oztopo horiek guztiak gainditzen ditu: doakoa da, eta ardogintzaren sektoreko enpresei aukera ematen die bizi-zikloaren analisia aplikatuz beren produktuen karbono-aztarna kalkulatzeko, bizkor eta edozein profesionalek kudeatzeko moduan.

Produktu baten karbono-aztarna neurtzeak onurak dakarzkie enpresei, berotegi-efektuko gasen (BEG) iturri eta kausa nagusiak identifika baitaitezke. Informazio horretan oinarritzen dira emisio-murrizketen helburuak eraginkorrago definitzeko eta emisioak murrizteko politika eraginkorragoak finkatzeko, bai eta produkzio-katearen eraginkortasuna hobetzeko balio duten kostu-murrizketen aukerak identifikatzeko ere. Halaber, ingurumenarekiko sentikortasun handiagoa duen publikoari zuzendutako marketin-estrategiak diseinatzeko ere balio du. Karbono-aztarnaren murrizketak, azken finean, berekin dakar, gehienetan, kostuak ere murriztea eta lehiakortasuna hobetzea

Ardogintzako euskal enpresek AZTI-Tecnaliaren webgunetik deskargatu ahal izango dute software hori (www.azti.es/formulario-nuevo.html). Interesa duten profesionalek izena eman behar dute aplikazioa lortuko badute, eta, sei hilabeteren buruan, segimendu-inkesta bat bete behar dute, emaitzak ikusteko. Zentro teknologikoko adituek aztertuko dituzte datuak, eta upeltegiak berak egindako karbono-aztarnaren kalkuluaren baliozkotze bat emango dute.

Berotze globala eragiten duten gasen emisioen murrizketa
Ardogintzaren sektorean berotegi-efektuko gasen emisioa murrizteko sektore-planak, softwareaz gain, baditu emisioak gutxiagotzeko eta produktuen ingurumen-komunikazioaren fidagarritasuna hobetzeko ekimen batzuk ere. Programa horretan parte hartu nahi duten ardogintzako enpresek www.azti.es/formulario-nuevo.html webgunean eman dezakete izena.

Izena ematen duten enpresei aholkularitza pertsonalizatua emango diete AZTI-Tecnaliako adituek datuak biltzeari eta haien produktuen karbono-aztarnaren kalkuluari buruz, eta berotegi-efektuko gasak murrizteko banakako plan bat ere egingo zaie. Bestalde, produktuen ingurumen-ziurtagiria lortzeko aholkularitza ere izan dezakete, eta, enpresaren irudia hobetzeko, komunikazioko eta marketineko trebakuntza jasoko dute. Kostua, neurri batean, diruz lagunduko du Eusko Jaurlaritzako Ingurumenaren Plangintzaren Sailak.

Banan-banan egindako planen helburua da, halaber, ekoizpen-kostuak murriztea eta lehiakortasuna hobetzea. Gizarteak gero eta gehiago eskatzen ditu trazabilitatea eta ekoizpen ingurumenarekiko errespetuzkoa ziurtatuak dituzten elikagaiak. Sektore-planari esker, ardogintzan dabiltzan euskal enpresek, ekoizpen jasangarria bermatzen duten produktuekin, merkatuan besteetatik bereizteko aukera dute.

Iturria: Azti-Tecnalia

Data: 2012/03/16

Partekatu

Beste berri batzuk