Eusko Jaurlaritzak Europan aurkeztu du Basque Cybersecurity Centre proiektua
Eusko Jaurlaritzak Basque Cybersecurity Centre (BCSC) proiektua aurkeztu du gaur Bruselan, Europako agintarien aurrean. Euskal ordezkaritzak bilera bana egin du European Cyber Security Organization-eko (ECSO) idazkari nagusiarekin eta CERT-EU-ko zuzendaritzarekin. ECSO erakundeak zibersegurtasun arloko ekimenak sustatzen eta garatzen ditu Europan eta CERT-EU, berriz, Europar Batasuneko agentzia eta erakunde publikoetako zibergertakariei erantzuteko lantaldea da
Lansaio bikoitz horretan parte hartu dute Estíbaliz Hernáezek (Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun sailburuordeak), Alexander Arriolak (SPRI Taldeko zuzendari nagusiak), Javier Diéguezek (BCSCko zuzendariak) eta Marta Marínek (Euskadik EBn duen ordezkariak).
Ordezkaritzak bilera pribatua izan du goizean European Cyber Security Organization (ECSO) erakundeko idazkari nagusiarekin eta bere taldeko beste hainbat kiderekin, eta hizpide hartu dituzte Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak erdietsi nahi dituen helburuen ildo nagusiak. ECSO erakundearen xedea da zibersegurtasun arloko ekimenak sustatu eta garatzea Europan, batik bat, lankidetza publiko-pribatuko kontratuak, Europar Batzordearen eskutik gauzatuko direnak.
Basque Cybersecurity Centre-n estrategia azaltzean, ordezkaritzak beraizik aipatu du Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak asmoa duela Basque Digital Innovation Hub bultzatzeko. Hub horren helburu nagusia izango da enpresa industrialak gaitasun teknologikoz hornitzea 4.0 Industriak dakartzan erronkei aurre egiteko. Hub-ak helburu desberdinak dituzten sei gune barne hartzen ditu, horietako bat Zibersegurtasunari buruzkoa, 2018rako prest izan nahi dena eta langintza hauetarako erabiliko dena: I+G-rako, proiektu industrialak eskalatzeko, abangoardiako teknologiak erakusteko, profesionalen gaikuntzarako eta startupak azeleratzeko.
Asmoa da agente publiko eta pribatuen arteko proiektu kolaboratiboak sustatzea, eta baita ere Europako eskualdeen artekoak, zibersegurtasuneko teknologien aplikazioa indartzeko fabrikazio aurreratuko prozesuetan eta, bide horretatik, talentua eta nazioarteko aukera berriak erakartzeko Euskadira.
Geroxeago, eta nazioarteko CERT sarearekin harremantzeko estrategiari helduz, Eusko Jaurlaritzako ordezkaritzak BCSC aurkeztu dio CERT-EU-ko (Europar Batasuneko agentzia eta erakunde publikoetako zibergertakariei erantzuteko lantaldea) zuzendaritzari. Zibersegurtasunerako Euskal Zentroak FIRST sareko (zibergertakariei erantzuteko lantaldeen foro global garrantzitsuena) kide izan nahi du 2018an eta horretarako behar duen aliantza-sarea zabaltzea izan da arratsaldeko bilera horren helburua.