Eusko Jaurlaritzak inklusio digitaleko proiektu bat jarri du martxan esku-hartze sozialean espezializatutako irabazi asmorik gabeko erakundeentzat
Horrekin batera, Elkartekintza Sarean izeneko bere bloga abiarazi du. Blog horretan espazio bat eskaintzen da hausnarketarako, esperientzien trukerako eta Informazio eta Komunikazio Teknologiek eta Hirugarren Sektoreko sare-lanak eskaintzen dituzten aukeren inguruko ikaskuntza partekaturako.
Aurreko esperientzia batzuek erakutsi dute sentsibilizazio eta prestakuntza ekintzak direla eten digitala murrizteko eta Informazio eta Komunikazio Teknologien (IKT) erabilera bultzatzeko ekimen onenak. Euskadi Informazio Gizartean Planak (PESI 2010, Euskadiko Agenda Digitala) sustatutako Inklusio Digitaleko programaren eskutik, Eusko Jaurlaritzak Elkartekintza Sarean jarri du martxan. Proiektu horren helburua da Euskal Autonomi Erkidegoan esku-hartze sozialeko jarduerak egiten dituzten irabazi asmorik gabeko erakundeak sentsibilizatzea eta eskura dauzkaten baliabide digitalei buruzko informazioa ematea, elkartean bertan praktikan jarri eta aplika ditzaten.
Lehenik eta behin, funtsezkoa da sare-gizartearen alde konprometituta dauden kolektiboetako dinamizatzaile eta gidak identifikatzea, sustatzea, bultzatzea eta beren konpromisozko lana aitortzea, lasterketetako erbien antzeko eginbeharra baitute. Beren helburua da IKT, web 2.0 eta tresna kolaboratiboen erabilpena sustatzea hirugarren sektorean, jardunbide egokiak atzematea eta hedatzea, eta IKTekin esperimentatzeko espazio egokiak sortzea gero balioa emateko.
Lehen fasea hasita dago 2.0 kafe informalarekin. Kafe informal horretan, lehen harremanak sortu dira hainbat elkarterekin eta topagune edo Ikaskuntza Komunitate bat sortu da, beren esperientziak entzuteko eta zein ekarpen egin ditzaketen jakiteko. Elkarte horien artean aipatzekoak dira REAS, Ekonomia Alternatibo eta Solidarioaren Sarea; Gizardatz, Gizarte Ekimenezko eta Gizartekintzako Bizkaiko Erakundeen Elkartea; FEVAS, Adimen Ezintasuna duten pertsonen aldeko Elkarteen Euskal Federazioa; edo Saregune, Gasteizko Erdi Aroko Alde Zaharrean teknologien doako erabilpen librea sustatzen duen topagunea. Horien guztien esperientziak, martxan jarri dituzten praktikak eta horietatik eratorritako ikasgaiak entzungo dira, beti ere argi izanik informazioa bildu behar dela eta beharrizanak oinarritik detektatu behar direla.
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Gaietako Sailburuordetzaren menpe dagoen Famili eta Komunitate Politikako Zuzendaritzak bultzatu du proiektu hau; Eusko Jaurlaritzako PESIko Idazkaritza Teknikoak koordinatu du eta KZgunea zentro-sarearen laguntza izango du beharrizan jakin batzuei prestakuntzaren esparrutik erantzuteko.
Elkartekintza Sarean bloga
Proiektu horrekin batera, http://elkartekintzasarean.wordpress.com/ izeneko bloga sortu da. Blog horretan espazio bat eskaintzen da hausnarketarako, esperientziak trukatzeko eta IKTek eta sareko lanak esku-hartze sozialeko erakundeentzat izan ditzaketen aukeren inguruko ikaskuntza partekatzeko. Erreferentziazko puntu bilakatu nahi du prozesuak, mugarriak eta emaitzak ezagutzeko. Azken proposamenen aipamenak, bideo podcast-ak eta proiektuaren argazkiak ikusi ahal izango dira eta espazio bat egongo da webgune interesgarrien biltegia egiteko.
2.0 espazio bat izango da, ezagutza hori guztia sarbide irekiko formatuan biltzeko. Espazio bat, Euskal Administrazio Publikoak aukera horiei balioa emateko borondatetik jaio dena, horietatik abiatuta hobekuntza ekintzak gauzatu daitezen prestakuntzaren eta jardunbide egokien trukearen bitartez.
Proiektuari buruzko informazio gehiagorako eta ikaskuntza komunitate honetan parte hartzeko, jo helbide hauetara: