Eusko Jaurlaritzak San Frantziskon ireki du AEBetako bere bigarren bulego komertziala

Araba

  • SPRIk -enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoak- euskal enpresariei laguntzeko 12 bulego ditu atzerrian. 62 herrialdetan eskaintzen du zerbitzu hau, batzuetan egoitza propioen bidez eta bestetan aholkularien bidez.
  • 2001etik hona, SPRIk Estatu Batuetan dauden EAEko enpresei nazioartekotzen laguntzen dihardu. 2008an, Estatu Batuetako SPRIren ordezkaritza bulegoa sortu zen, gaur egun Filadelfian dagoena.

Bihartik aurrera Eusko Jaurlaritzak bere bigarren enpresa bulegoa izango du AEBetan, izan ere Berrikuntza eta Teknologiako sailburuorde Juan Goicoleak bihar inauguratuko baitu SPRIren -enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoaren- San Frantziskoko egoitza. Beste bulegoa Filadelfian dago eta duela lau urte ireki zen.

Honako honekin 12 dira Eusko Jaurlaritzak atzerrian dituen bulegoak euskal enpresen nazioartekotzea sustatzeko. Hain zuzen, nazioartekotzea da Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren Lehiakortasun Planaren ardatz garrantzitsuetako bat, eta besteak beste, SPRIren Kanpo Sarearen bidez gauzatzen da.

Kanpo Sareak kanpoko merkatuetara ateratzen laguntzen die euskal enpresei eta, bulego propioen eta aholkularien bidez, guztira 62 herrialdetara hedatzen da. Hona hemen eskaintzen dituen zerbitzuak: jomuga merkatuei buruzko informazioa eta azterketak, sarrera komertziala, atzerrian merkataritza eta produkzio ezarpenak egiteko laguntza, behin-behineko kokapena negozio zentroetan, bakarkako prospekzio bidaiak antolatzea, zenbait tramite egiteko laguntzak, tokiko autoritate eta administrazioekin harremanetan jartzea, finantza arloko laguntzak eskuratzea…

2001etik hona, SPRIk Estatu Batuetan dauden EAEko enpresei nazioartekotzen laguntzen dihardu, eta 2008an, Estatu Batuetako SPRIren ordezkaritza bulegoa sortu zen, gaur egun Filadelfian dagoena.

San Frantziskoko bulego berriaren helburua da erraztasunak ematea euskal enpresei AEBetako mendebaldeko kostako merkatuan sartzeko eta zonalde horretako enpresa-sarearen profil teknologikoaren aukerak aprobetxatzea, merkatu interesgarria izan litekeelako euskal enpresentzat eta teknologi arloko lankidetza eta aliantza estrategikoak egin ditzaketelako.

Hala, bulego honek SPRIren Pennsylvaniako bulegoak eginiko lana osatuko du, azken horren jarduera nagusia AEBetako industria-ehunaren zonalde garrantzitsuenean kontzentratzen baita, alegia, Mendebalde Erdiko Estatuetan eta ekialdeko kostan.

Kalifornia da ikerketa eta garapen arloko 5 Estatu garrantzitsuenetako bat, eta industria patente gehien duena, 1963tik hona ia milioi erdi patente sortu baitira, AEBetan aldi horretan erregistratutako patente guztien %20 alegia. Kalifornia atzerriko zuzeneko inbertsioa jasotzen duen Estatu nagusia da eta finantzaketa sistema oso aurreratua du. Bere arrisku kapitaleko funtsak nazioko batez bestekoa baino lau aldiz gehiago dira eta AEBetan enpresa proiektuetan inbertitutako arrisku kapitalaren %51,3 jaso zuen 2011n.

AEBak merkatu garrantzitsuenetako bat dira Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren nazioartekotze estrategian; gainera, azken hiru urteetan AEBetarako euskal esportazioen kopurua hazi egin da hirugarren postuan kokatzeraino, eta euskal esportazioen %8 izan ziren 2011n.

Azken urteetan, Estatu Batuetako ordezkaritzak hainbat misio instituzional antolatzen lagundu du. Besteak beste, 2011n Lehendakariak egin zuen bisita azpimarratu behar da. Bisita horretan, hainbat lankidetza-hitzarmen sinatu ziren, besteak beste, Harvard University-rekin eta MITekin (Massachusetts Institute of Technology).

Partekatu

Beste berri batzuk