«Ezin dugu Euskadiko talentuaren erdia galdu»
Industria-sektorean erreferente diren zenbait emakumek genero-arrakalaren inguruan duten ikuspuntua azaldu eta harekin amaitzeko gakoak eskaini dizkigute
Maitane Hernández, Weroiko CEO: «industriaren alde apustu egitea Euskadiren etorkizunaren alde ere egitea bada eta emakumeek funtsezko eginkizuna izan behar dute horretan»
Hezkuntza eta prestakuntza funtsezkoak dira emakumeen talentua erakartzeko, kualifikatutako langileen faltak mugatutako sektore batean
Industria-sektoreak goi-kualifikazioko lanpostu egonkor ugari sortzen ditu eta gainera, beste sektore batzuek baino lanbide-proiekzio eta ordainsari handiagoak eskaintzen ditu. Hala ere, Munduko Bankuaren 2019ko datuen arabera, lana duten emakumeen % 9,42k soilik jarduten du industria-sektorean. Aldea, beraz, nabarmena da gizonekiko, azken horiek % 29,53ko tasa hartzen baitute sektorearen enpleguetan. Emakumeen eskasia benetako arazoa da industriarentzat eta horren ondorioz, urtero, milaka lanpostu kualifikatu (zuzendaritza-esparrukoak, teknikoak edo komertzialak) estali gabe geratzen dira.
Maitane Hernández, industria-konpainientzako merkataritza-azelerazio digitaleko proiektuetan espezializatutako Weroi enpresaren CEO eta bazkide fundatzailea, baikor ageri da sektorearen bilakaerari dagokionez, baina oraindik ibilbide handia egin behar dugula ere uste du: «egia da sektore honetan, tradizioz, emakumeak ez direla behar adina ordezkatuta egon, batez ere zuzendaritza-postuetan. Hala ere, B2B eta industria-konpainiekin 12 urtez lan egin ondoren, joera aldatu dela ikusi dugu: gero eta emakume gehiago aurkitzen ditugu proiektuetan, bai kudeaketan bai alderdi teknikoan, benetako erreferenteak direnak beren arloetan. Azkenean, industriari ere eragiten dio gizartearen bilakaerak» azaldu du.
Hernándezek orain dela 10 urte baino gehiago sortu zuen bere enpresa propioa –industriaren eta teknologiaren sektorearen eta merkataritza-jardueraren arteko esparru batean–, INTERTEK multinazionalean industria-inguruneetarako merkataritza-prozesu digitaletan espezializatu ondoren. Geroztik, bere erakundeak garrantzi handia eman dio irakaskuntzari. «Weroin ondo dakigu prestakuntzaren eta lan-merkatuaren arteko aldea murriztea ezinbestekoa dela sektoreak talentua barnera dezan (emakumezkoena ere bai, jakina). Ildo horretan, hainbat urte daramatzagu EHUrekin edo Mondragon Unibertsitatearekin lankidetzan, langile gazteei industria-esparruaren beharren ikuspegi praktiko eta erreal bat emateko, eta zorionez, gero eta emakumezko gehiago ikusten ditugu ikasgeletan. Gakoa, beraz, emakumezkoen talentua bultzatzen jarraitzea da, eta industria lan-irteera erakargarri gisa ikusaraztea».
Erreferenteak izatearen garrantzia
Hain zuzen, prestakuntzan jarri du fokua London School of Economics delakoak (LSE). Bertan egindako ikerketen arabera, STEM arloan (alegia, zientzian, teknologian, ingeniaritzan eta matematiketan) emakumezkoen erreferenteen falta da industrian emakume nahikorik ez egotearen arrazoi nagusia. Fluidexeko zuzendari den Elena Fernández ados dago diagnostiko horrekin: «Hezkuntza izan behar da egoera honen aldagailua. Industrian emakume gehiago nahi badugu, emakumeen talentuak industria-esparruan duen garrantzia nabarmendu behar dugu, egunez egun ikusten dugunez, oso handia baita. Erreferente berriak sortu behar ditugu, neskek haien burua identifika dezaten prestakuntza jasotzen hasten direnetik».
Nabarmentzekoa da arlo guztietan falta direla emakumezkoen profilak, baita industria-antolakuntzan berebiziko garrantzia duten horietan ere, hala nola, merkataritza sailetan. Lucía Cellesek, Weroiko Negozio Garapeneko arduradunak, honela laburbildu du bere esperientzia: «zuzendaritza komertzialeko postuetan gero eta emakume gehiago aurkitzen ditugun arren, profil tekniko gehienak gizonezkoak dira oraindik. Rol-banaketa horretatik bi ondorio atera daitezke: alde positiboan, gero eta emakume gehiagok dutela erantzukizuneko lanpostu bat eskuratzeko aukera; eta beste aldetik, gero eta emakumezko teknologo gehiago egon arren, oraindik asko geratzen dela egiteko».
Emakumeen presentzia txikiagoaren ondorioak zenbakietan ere neur daitezke. Europako Batzordearen txostenen arabera, industria digitalean parekotasuna egoteak 9.000 milioi euro inguru handituko luke EBko BPG urtero. Begoña San Miguelek, OJA-REM erakundeko zuzendari kudeatzaileak eta FVEMeko presidenteordeak, ondorengo hausnarketa egin du horri buruz: «emakumeen okupazio-ehuneko txikia aukera-kostu izugarria da, ez bakarrik emakumeentzat, baizik eta gizarte osoarentzat ere bai. Zenbat talentu, gaitasun eta balio galtzen ari da industria-sektorea? Hori pentsaezina da oraingoa bezalako une batean».
Erronka ez da makala. Laboral Kutxak egindako txosten baten arabera, 2014. eta 2024. urteen artean, 300.000 lanpostu estali beharko lirateke. Hala ere, hamar euskal enpresatik zazpik zailtasunak dituzte behar diren profila eta prestakuntza duten langileak aurkitzeko, Confebasken datuen arabera. «Historikoki, industria izan da euskal ekonomiaren hazkundearen eragile nagusia. Ezin dugu onartu gure eskualdeak talentuaren erdia galtzea. Euskadiren etorkizuna industriara lotuta dago eta beraz, gizartean duten ordezkaritza bera izan behar dute emakumeek sektore horretan» laburbildu du Maitane Hernándezek.
WEROI, B2B ETA INDUSTRIA SEKTORERAKO MERKATARITZA-ESTRATEGIA DIGITALEN GARAPENEAN ESPEZIALIZATUTAKO ENPRESA
Interneten bitartez negozio-aukera berriak erakartzeko laguntza ematen duen enpresa da WEROI. B2B eta industria-sektorean espezializatuta gaude eta 12 urte baino gehiago daramatzagu marketin digitaleko proiektuak garatzen. Kanal digitalaren abiadura eta kapilaritatea baliatuta, inbertsio digitalek emaitzen kontuan benetako eragina izatea bilatzen dugu. Horretarako, estu-estuki lan egiten dugu gure bezeroekin, proiektuaren definizio estrategikoa eta operatiboa zehazteko, proiektuaren ROI neurtzeko, eta marketin- eta salmenta-sailen arteko beharrezko informazio-fluxuak diseinatzeko.