Ezkerraldea-Meatzaldean eraikiko den Parke Teknologikoan EICren lehenengo harria jartzeak Euskadik trantsizio energetikorako duen gaitasuna indartu du

Albisteak, Bizkaia

Iñigo Urkullu Lehendakaria izan da buru lehen harria jartzeko ekitaldian; berarekin egon dira Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, eta etorkizuneko Energy Intelligence Centerreko I+G+b jarduerak egingo dituzten enpresak

Campus teknologiko berriaren egoitza ere hartuko duen eraikinak 18.932 metro koadroko azalera erabilgarria izango du, eta 39,7 milioi euroko inbertsioa, eraikuntza-lanetarako eta barruko ekipamendurako, laborategi espezializatuak eta makineriaz eta teknologiaz hornitutako tailerrak barne

Iñigo Urkullu Lehendakariak burutu du gaur eguerdian etorkizunean Ezkerraldea-Meatzaldea Parke Teknologikoa izango denean Energy Intelligence Centerren instalazioak hartuko dituen eraikinaren lehen harria jartzeko ekitaldia. Ekitaldi sinbolikoa izan da eta bertan egon dira, halaber, Unai Rementeria, Bizkaiko Ahaldun Nagusia, eta Petronor, AMPO, Tubacex, Tubos Reunidos eta Vicinay enpresetako ordezkariak.

EIC eraikina energiaren sektorean ezagutza teknologikoa eta I+G+b proiektuak garatzeko espazio malgu gisa proiektatu da. EIC eraikina energiaren sektorean ezagutza teknologikoa eta I+G+b proiektuak garatzeko espazio malgu moduan proiektatu da. Proiektua eraikitzeko eta abian jartzeko inbertsio osoa 39,7 milioi eurokoa da, eta barruan hartzen ditu eraikinaren eraikuntza-lanak eta barruko ekipamendua eta instalazioak, laborategi espezializatuak eta makineriaz eta teknologiaz hornitutako tailerrak barne.

Azpiegitura berriak 18.932 metro koadroko azalera erabilgarria izango du, eta etorkizuneko Ezkerraldea-Meatzaldea Parke Teknologikoaren egoitza izango da. Hori dela eta, bi bloke handitan banatuko da.

Energy Intelligence Centerrek eraikinaren erdialdea eta ekialdeko muturra hartuko ditu 7.907 metro karratutan; lau solairutan bulegoak eta laborategiak egongo dira eta  industria-nabe bat ere edukiko du. Nabe horrek sarbidea izango du kanpoko plataformatik eta bulegoen eta laborategien eremutik. Ezkerraldea – Meatzaldea Parke Teknologikoaren egoitzak eraikinaren mendebaldeko muturra hartuko du eta 5.416 metro karratu izango ditu lau solairutan; horietan, hitzaldi-aretoa, bilera-gelak eta bulegoetarako alokatzeko espazioak egongo dira.

Egoitzak eta EICk instalazio batzuk partekatuko dituzte, besteak beste bietan sartzeko atari komuna edo eraikinaren sotoetan aparkalekuak egiteko eremuak. Lanak 2020ko abenduaren 15ean hasi ziren eta 2022ko abuztuan amaitzea aurreikusten da. Campus berrira sartzeko obren zatia eta lurren urbanizazioa amaituta egongo dira aurtengo bigarren erdialderako.

EIC eta Ezkerraldea – Meatzaldea Parke Teknologikoari buruz

EIC trantsizio energetikoaren eragileetako bat eta aliatu estrategiko bat izateko diseinatuta dago: Euskadin 388 enpresa inguru daude energiaren sektoreari lotuta eta horien munduko fakturazioa 54.700 milioi eurokoa da. Horietatik 14.100 milioi Euskadin fakturatzen dira eta 11.450 milioi Bizkaian; gure Lurraldean BPGren %7,5 dira. Energiaren euskal sektoreak 90.900 lanpostu sortzen ditu mundu mailan, horietatik 23.500 Euskadin eta 15.450 Bizkaian.

Energy Intelligence Center Euskadiko energia-sektoreko enpresen nazioarteko lehiakortasuna eta lidergoa sustatzeko diseinatutako ekimena da, garapen teknologikoan eta ezagutzaren sorkuntzan oinarrituta. Gainera, bere kokapena dela eta, sinergia garrantzitsuak sor ditzake jarduera ekonomiko berritzaileak garatzeko eta, hori ez ezik, 4.0 industriarako eta fabrikazio aurreraturako egituratu den Ezkerraldea-Meatzaldea Parke Teknologikoaren trakzio-elementua izango da.

Parke berria Abantoko udalerrian kokatuta dago eta Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sustatzen dute, eta guztira 26 milioi euroko inbertsioa aurreikusi da lursailetan eta urbanizazioan. 505.361 metro karratuko azalera hartuko du eta horietatik 241.622 metro eraikigarriak izango dira. Aurreikuspenen arabera campus berria bete-betean garatzen ari denean 50 enpresa baino gehiago egongo dira bertan, eta zuzeneko 2.000 lanpostu izatea kalkulatzen da.

Partekatu

Beste berri batzuk