Financial Times egunkariaren arabera, Euskadi Europa hegoaldeko 10 eskualde erakargarrienetako bat da atzerriko inbertsioarentzat

Gipuzkoa

Financial Times-ek orobat aitortu du atzerriko inbertsioa erakartzeko “Invest in the Basque Country” estrategia Europako eskualde ertainetako 10 estrategia onenetako bat bezala

Finantial-Invest 2016Financial Times talde editorial britainiarrak eginiko hiri eta eskualdeen rankinaren arabera, Euskadi Europa hegoaldeko 10 eskualde erakargarrienetako bat da atzerriko inbertsioarentzat, eta orobat aitortu du atzerriko inbertsioa erakartzeko “Invest in the Basque Country” estrategia Europako eskualde ertainetako 10 estrategia onenetako bat bezala. Financial Times-ek -zeina erreferente ukaezina baita mundu osoko prentsa ekonomikoarentzat eta ezinbesteko gida nazioarteko merkatuentzat eta inbertsio mugimenduentzat- bi urterik behin egiten du azterketa hori. Aurreko edizioan, Euskadi irabazle izan zen Europako tamaina ertaineko eskualdeen konektagarritasunaren rankinean.

Zerrenda hori egiteko, Financial Times egunkariak 489 eskualde aztertu ditu bere “Fdi Intelligence” sailaren bitartez eta hainbat arlo hartu ditu kontuan: potentzial ekonomikoa, azpiegitura, lan merkatua, kostu/irabazi eraginkortasuna, konektagarritasuna (logistika) eta negozio-giro lagunkoia. Horrez gain, adituz osatutako epaimahai batek aztertu ditu Europako 146 hiri eta eskualdek darabiltzaten estrategiak inbertsioak erakartzeko.

Euskadiren erakarpen-indarra hazi egin da azkenaldian, eta horren erakusgarri da joan den sei urteetan bikoiztu egin dela atzerriko zuzeneko inbertsioa, kapital fluxua 2.980 milioi eurotik (2006-2011) 6.565 milioi eurora (2012tik 2016ra) igaro delarik. Sektoreka, Euskadiko atzerriko inbertsioa teknologia ertain-altuko sektore industrialetara zuzendu da gehienbat (%82), hots, RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin lerrokatuta dauden sektoreetara. Atzerriko kapitala duten enpresek %13ko ekarpena egiten diote Euskadiko BPGari eta 52.000tik gora lanpostu sortzen dituzte.

SPRIko Invest in the Basque Country sailaren jarduera lagungarri izan da kopuru horiek lortzeko, lan handia egin baitu balio erantsia eta enplegua sortzen duten enpresa trakziogileak bilatzeko. 2014-2017 urteen artean, 216 proiektu kudeatu ditu guztira; horietatik 62 arrakastatsuak izan dira, 334,5 milioi euroko inbertsioa sortzeaz gain, 1.329 enplegu berri sortu eta 2.637 mantendu baitituzte.

Partekatu

Beste berri batzuk