First Lego League-Euskadi finala, igandean Euskaltelen egoitzan
10 eta 16 urte arteko 300 ikaslek baino gehiagok, 30 taldetan banatuta, parte hartuko dute datorren larunbatean FLL Euskadi-ren (FIRST Lego League) bosgarren edizioan; Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak bultzatzen du. Kirol-ekitaldien formatuko lehiaketa da, zientzia eta teknologiarako bokazioak sustatzen dituena, baita espiritu berritzailea ere era dibertigarri eta zirraragarrian.
Lehiaketan taldeek lanean jarriko dituzte beraiek diseinatu eta programaturiko robotak, aurtengo erronkarekin –naturaren hondamendiekin– loturiko zenbait eginkizun edo misio osa ditzaten. Baita ere adituen epaimahai baten aurrean defendituko dute erronkaren inguruan garatu duten zientzia-egitasmo berritzailea. Hirugarren arloa prozesu osoan zehar erakutsitako balioen ingurukoa da: sormena, talde-lana, besteenganako begirunea, ekintzailetza eta lorpenak ingurukoei jakinarazteko gaitasuna.
Parte-hartzaileekin batera izango dira Euskaltel-en egoitzan (Bizkaiko Teknologia Parkean) senitartekoak, adiskideak, ikaskideak, antolaketan 100 boluntario baino gehiago eta ikasle hauek azken hiru hilabeteetan egindako lana ezagutzera bertaratu nahi duten guztiak; goizean zehar ezustekoak, musika, kirioak dantzan, mozorroak… denetik izango da. Gainera, aurten Junior FLL delakoaren erakustaldia ere izango da; FLL-ren bertsiorik gazteena den honetan 6 eta 10 urte arteko haurrak dira protagonista. “Juguetes de toda la vida” (Betiko jostailuak) erakusketaren aurrerapen bat ere izango da Hispatrón Magazine-ren eskutik, eta gero Eguberrietan Bilboko Euskalduna jauregian egongo da erakusketa.
Antolatzaileek Twitter bidezko lehiaketa prestatu dute. Parte hartzeko, FLL Euskadi gauzatzen den bitartean, #FuriaFLLEuskadi hashtag-arekin batera argazki bat kargatu behar da gizarte-sare honetara, “naturaren furia” gai izango duena. Irabazleak FLL Euskadiko Lego piezen material-kit bat jasoko du.
Egitasmo hau gauzatzeko, Innobasquek hainbat eragile inplikatu ditu: Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasunerako saila, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura saila, eta Ingurumen eta Lurralde Plangintza saila; Euskaltel; Decathlon; Ausolan; Tecnalia Korporazioa; IK4 Research Alliance; Iñaki Goenaga Fundazioa eta Scientia Fundazioa.