GAIAk gida bat argitaratu du euskal enpresek garatu dituzten smart city arloko konponbideekin

Bizkaia

GAIA EIKT Klusterrak gida batean bildu ditu enpresa bazkideek hiri adimendunaren arloan garatu dituzten produktu eta zerbitzuak. Argitalpenaren helburua da hainbat arlotako konponbide eskaintza ezagutzera ematea, hala nola mugikortasuna, energia eraginkortasuna edota zerbitzuen kudeaketa.

GaiaWebSC4C-Smart Capacities For Cities GAIA EIKT Klusterrak argitaratutako gida bat da eta bere asmoa da elkarteko kide diren euskal enpresek hiri adimendunaren arloan garatu dituzten zerbitzu eta produktuak partekatzea.  Argitalpenak, online eskuratu daitekeenak, sei atal ditu: ingurumena, garraioa, bizi kalitatea, giza eta gizarte arloa, ekonomia eta gobernantza. Atal horietako bakoitzak bere baitan biltzen ditu EIKTak erabiltzen dituzten proiektu eta konponbideak, zeintzuen xedea baita “ingurune seguru, adimendun eta eraginkorragoa sortzea pertsonentzat, kostuak murriztuz eta energia aurreztuz, eta aldi berean emandako zerbitzuak eta bizi kalitatea hobetuz”.

Guztira, 13 euskal enpresak garatutako konponbideak jaso dituzte gidan. Smart Environment atalean jasota dauden proiektuek, esaterako, lotura dute baliabide natural eta energetikoen erabilpen sostengarriarekin, arkitektura sostengarriarekin eta karbono gutxiko hiri ereduekin. Smart Mobility atalean, berriz, kudeaketarako software proiektuak eta mugikortasun eraginkorrerako planak eskaintzen ditu, eta Smart Living atalean hainbat ekimen kontsultatu daitezke hiriak eskaintzen dituen zerbitzuen kudeaketaren esparruan: hezkuntza, osasuna, kultura edo turismoa esaterako. Argitalpenak baita ere barne hartzen ditu hiritarren parte-hartzearekin edota enpresen produktibitatea hobetzeko aholkularitza-tresnekin lotutako proiektuak.

SC4C-Smart Capacities For Cities argitalpena gaztelaniaz, euskaraz nahiz ingelesez eskuratu daiteke eta administrazioei, enpresei, hiri adimendunarekin lotutako eragileei eta hiritarrei zuzendurik dago. Gida egiteko Eusko Jaurlaritzaren laguntza izan du klusterrak.

Partekatu

Beste berri batzuk