Temprocen proiektua abiarazi da Arabako Teknologia Parkean

Araba

Asteartean, Arabako Teknologia Parkeko instalazioetan, Aernnovak koordinatutako Temprocen proiektuari hasiera eman zitzaion. CDTIk berriki onetsi du egitasmoa, Cien programaren barruan.

logo aernovaAernnova taldeko zenbait konpainiaz gain, Airbus, Loxin eta Zayer enpresak, Tecnalia, Fidamc, CTA, Faico eta Cetemet zentro teknologikoak, Mondragon Unibertsitateak, Etsia goi-eskola teknikoak eta Aragoiko Institutu Teknologikoak parte hartu dute proiektuan.

Aernnovak jakinarazi duenez, 2014-2018 artean gauzatuko da proiektua, 10 milioi euro baino gehiagoko inbertsio-aurrekontuarekin. Materialak diseinatu eta fabrikatzeko nahiz aeroegiturak fabrikatu eta muntatzeko prozesuetan erabil daitezkeen teknologia berriak garatzea da xedea. Gainera, automatizazioari arreta berezia eskainiko zaio, bai piezak fabrikatzean bai muntaketa-jardueretan.

Aurreneko bileran horretan, lana banatu egin da enpresa eta zentro teknologikoetan diharduten 25 partaideen artean. Funtsean, hegazkin-buztan berriak gauzatzea da asmoa, material konposatuak eta metalikoak erabiliz, baita automatizaziorako teknologia berriak aplikatzea ere. Gero, teknologiok sektore aeronautikoan erabiliko dira, kadentzia txikiko jarduera baita beste sektore batzuekin alderatuta, kadentzia handiko automobilgintzarekin, esaterako.

Espainian, sektore aeronautikoa lehiakorra da, eta posizio horri eusteko zein hobetzeko ahaleginak egin behar dira, I+G+B jarduerak etengabe bultzatuz. Horrela, produktu berriak garatzeaz gain, fabrikazio-kostu lehiakorrak lortuko dira. Oso sektore globalizatuaz ari gara, etengabeko berrikuntzan oinarritutakoa; izan ere, fakturazioaren % 10 baino gehiago jarduera horietara bideratzen da.

Partekatu

Beste berri batzuk