GAIKER-IK4k salbamendu-taldeentzako babes-uniforme adimenduak garatu ditu

Bizkaia

Erabiltzaileen eta lesio-iturriaren artean segurtasun-hesi gisa jokatzen duten jantziak erregaitzak, autogarbigarriak, irazgaitzak eta antimokrobianoak izango dira

Soinean daramagun arropak segurtasun-hesi gisa jokatzen du lesio-iturri posible baten aurrean. Salbamendu-taldeen kasuan, kideek janzten dituzten jantzi edo uniformeen ezaugarriak erabakigarriak dira beren segurtasunerako; izan ere, istripuetan edo bestelako larrialdi-operazioetan zerbitzu ematerakoan jasan ditzaketen lesioen mailan eragiten dute. Suteak, uholdeak, lurrikarak, erreskateak itsasoan, mendian… Egunez egunean aurre eman behar dieten lan-baldintzak konplexuak eta arriskutsuak izateaz gain, geroz eta zailtasun gehiagori egin behar diete aurre bilakaera teknologikoaren edo arrisku kimikoen ondorioz, beste faktore batzuen artean.

Aurtengo apirilean hasitako SAFEPROTEX egitasmo europarraren helburua egun salbamendu-taldeek erabiltzen dituzten jantzien ezaugarriak hobetzea da, hain zuzen ere. Hurrengo 3 urteotan, I+G+B proiektu horretako 19 parte-hartzaileek –ehungintzako I+Gn aritzen den Clotefi zentro greziarra buru dela– 3 prototipo ezberdin garatuko dituzte aipatu xedea lortzeko. 4,2 milioi euroko aurrekontuarekin, edozein arrisku motarako egokia den prototipo generiko 1 doituko dute eta baita beste bi prototipo espezifiko ere: muturreko eguraldirako bata, eta eremu irekietan suteak itzaltzeko, bestea. 2 salbamendu-taldek (SAR, Salbamendua, Laguntza eta Erreskatea, eta Rescue Greece) eredu horiek benetako larrialdi-egoeretan probatuko dituzte, bakoitzak bat. Egitasmoan aditu aholkulari gisa parte hartu dute biek eta berriki gertatutako hondamendietan eskarmentua dute, Haitin edo Pakistanen, adibidez.

Izan ere, proiektu honek oinarritzat hartzen duen ideia egungo babes-jantzien mugarik nagusienak gainditzeko soluzio berritzaileak sortzea da, erreskate edo larrialdi operazioetan askotariko arriskuak egon daitezke eta. Adibidez, uholde baten ondorengo garbiketa-lanek, ageriko arriskuak ez ezik, hondakin-uren, etxeko produktu kimikoen, petrolio-produktuen, industriako substantzia kimiko arriskutsuen, pestiziden edo likido sukoien ondoriozko bestelako arriskuak ere dakartzate.

Hala, jantzi berriek bete beharreko baldintzak askotarikoak dira. Erregaitzak, irazgaitzak, autogarbigarriak eguzki-argiarekin edo euri-urarekin eta antimokrobianoak izan beharko dira eta, gainera, ehuna eroale ona izan beharko da elektrizitate estatikoa pilatu ez dadin. Beren erosotasuna ere baloratuko da segurtasunerako jantziek batzuetan erabiltzaileengan sortzen duten errefusa ekiditeko, eta baita beren bizitza baliagarria ere, honelako jantzien kostua handia denez areagotu egin nahi delako.

GAIKER-IK4ren eginkizuna, SAFEPROTEX egitasmoaren esparruan, aurretiko faseetara bideratuko da. Horrela, material berria nanogehigarriekin prozesatzen arituko gara eta horri esker etorkizunean beste arlo batzuetako adituekin (irutea, diseinua, jantzigintza…) jantziak egin ahal izango ditugu.

Partekatu

Beste berri batzuk