Spri eta Avic erakundeek Garapenerako Nazioareko Lankidetzaren Onlineko Consultbasque Plataforma dinamizatu dute

Bizkaia

SPRI eta AVIC erakundeek hitzarmen bat sinatu dute Consultbasque-ko erabiltzaileen arteko elkarreragina sustatzeko

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailaren menpe dagoen Spri sozietateak hitzarmen bat sinatu du AVIC erakundearekin (Ingeniaritza eta Aholkularitza Enpresen Euskal Elkartea) onlineko Consultbasque plataforma dinamizatzeko (www.consultbasque.com).

Plataformaren helburua da harremanetan jartzea garapenerako nazioarteko lankidetzaren esparruko zerbitzu aurreratuen eskaintza eta eskaera, eta hitzarmen honen bitartez erabiltzaileen arteko elkarreragina sustatu nahi da.

AVIC erakundeak kontrolatu, zaindu eta aztertuko ditu erabiltzaileak eta eskaintzen diren zerbitzuak, plataformaren kalitatea eta funtzionalitatea bermatze aldera.

AVIC erakundeak atarian erregistratzen diren erabiltzaile berriak baliozkotuko ditu; informazioaren kalitatea aztertu eta zainduko du eta atariko jarduerak analizatuko ditu (altak, bajak, erabiltzaileek izandako aldaketak, ekitaldiak, misioak edo, besteak beste, artikuluak).
Gainera, AVICek kudeatuko ditu euskarriak eta dokumentuak eta plataformako atal desberdinetara sartzeko kontrol sistema ezarri eta kudeatuko du.

AVIC elkarteak emandako datuen arabera, aholkularitza eta ingeniaritzaren sektoreak 5.000 milioi euro fakturatzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, baina sektore honen esportazio maila ez da %20ra iristen. Proiektu unilateralak aukera paregabea dira euskal enpresentzat eta Consultbasque-k proiektu horiek aprobetxatu nahi ditu merkatu honetan duten presentzia handitzeko.

Consultbasque plataformaren inguruan

Consultbasque plataforma SPRIren ekimen bat da, eta bere helburua da topaketak erraztea euskal aditu eta aholkularien eta nazioarteko aholkularitza eta ingeniaritza arloan dagoen eskaeraren artean, bereziki proiektu multilateralen eta garapenerako laguntzaren arloetan.
Aditu eta aholkulariek aukera profesionalak edo negozio aukerak aurki ditzakete Consultbasque-n, munduko organismo garrantzitsuenek sustatutako nazioarteko proiektu eta misioak aurrera eramateko (Europe Aid, Garapenerako Banku Inter-amerikarra, Munduko Bankua, Inbertsioen Korporazio Inter-amerikarra…).

Lehen urte honetan, Consultbasque-k 38 erakunde eta 47 aditu aholkulari atzeman ditu eta aholkularitza teknikoa emateko 16 aukera eskaini ditu. Orain, hazten jarraitzea da helburua. Datozen hamabi hilabeteei begira, plataformak 100 aditu lortu nahi ditu, 20 aukera berri atzeman eta lankidetzarako 5 lizitazio lortu.

Partekatu

Beste berri batzuk