GAIKERek ikusmen hiperespektrala erabiltzen du eraikuntza- eta eraispen-hondakinak sailkatzeko
ICEBERG proiektu europarrak ikuspegi hiperespektralaren bideragarritasuna frogatzen du, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak automatikoki sailkatzeko eragiketa konplexuak egiteko
Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kide den GAIKER Zentro Teknologikoak parte hartzen duen ICEBERG proiektu europarraren amaiera iritsi da, eta emaitza garrantzitsuak lortu ditu.
Eraikuntza- eta eraispen-hondakinei (EEH) irtenbide bat emateko, hondakinen sorrera osoaren herena baino gehiago baitira, eta horien zirkulartasunari heltzeko, berreskurapenetik eta birziklatzetik produktu iraunkorragoak garatzeraino, 2020an lau urteko iraupena duen ikerketa hau hasi zen, Europako 10 herrialdetako 35 bazkideko partzuergo batek egin duena.
Bazkide horien artean dago GAIKER, identifikazio eta bereizketa automatikoko teknologien garapenean aditua, soluzio teknologiko aurreratu bat ikertzeaz arduratu dena, ikusmen hiperespektraleko tekniketan eta aldagai anitzeko datuen analisian oinarritua, eraikuntza- eta eraispen-hondakinen hainbat fluxutan dauden baliabide materialak berreskuratzera bideratua, ondoren eraikuntzarako produktu berrietan aprobetxatzeko.
Zehazkiago, bere lana harrizko nahasien (hormigoizko eta zeramikazko agregatuak), igeltsuzko plaken hondakinen (igeltsuzko plakaren arazketa, beste material desegoki batzuetatik bereiziz) eta apar isolatzaileen nahasketen (PUR eta BAPE) identifikazioari eta sailkapen automatikoari aplikatutako ikusmen hiperespektraleko teknikaren ikerketan oinarritu da.
Azterketa-kasu horietako bakoitzerako, sailkapen automatikoko eredu espezifikoak garatu eta ebaluatu dira, gainbegiratutako ikaskuntzako algoritmoetan oinarrituta. Eredu horiek, materialen arrasto hiperespektralen analisitik abiatuta, zer klasetakoak edo kategoriatakoak diren zehazten dute denbora errealean, eta, horrela, frakzio independenteetan bereiztea ahalbidetzen dute.
Ondorioz, frogatu da bideragarria dela aldagai anitzeko datuak aztertzeko tresnekin sostengatutako ikusmen hiperespektrala, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak automatikoki sailkatzeko eragiketa konplexuak egiteko. Horrela, material berreskuratuen frakzio berriak sortuko dira, % 90etik gorako purutasunekin. Horri esker, ziklo ekonomikoan sar daitezke berriro, bigarren mailako lehengai gisa, balio erantsiko aplikazioetan.
Informazio gehiago: https://iceberg-project.eu /