GAIKERek proteina alternatiboen segurtasuna, nutrizio-kalitatea eta potentziala egiaztatzen lagundu du
Teknologia Zentroak proteina-iturri alternatiboen osagaien eta LIKE A PRO Europako proiektuaren esparruan garatutako elikagai-produktuen nutrizio-kalitatea, biodisponibilitatea eta segurtasunari lotutako hainbat alderdi ebaluatu ditu
GAIKERrek, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) aliantzako kideak, zeregin garrantzitsua izan du LIKE-A-PRO Europako proiektuan. Europar Batasunak finantzatutako ekimena da, Horizon Europe programaren bidez, eta giza elikadurarako proteina alternatibo jasangarri eta seguru berriak garatzera bideratuta dago.
Elikagaien Teknologiako Zentro Nazionalak (CNTA) koordinatutako proiektuak, hilabete honetan amaituko denak, elikagaien balio-kateko hainbat arlotako 17 herrialdetako 42 erakunde bildu ditu. Helburua izan da osagai eta produktu berritzaileak garatzea, etorkizuneko nutrizio-beharretara egokitutako eta jasangarriagoak nahiz erresilienteagoak diren elikadura-sistemak sustatzeko.
LIKE-A-PRO proiektuaren barruan, GAIKERrek proteina alternatiboen 12 osagairen eta partzuergoak garatutako azken 16 elikagai-produkturen nutrizio-kalitatea, biodisponibilitatea eta segurtasunaren zenbait alderdi ebaluatzeko jarduerak gidatu ditu.
Teknologia Zentroak hainbat nutrizio- eta segurtasun-parametro aztertu ditu proteina-osagaiak eta azken produktuak karakterizatzeko. Horretarako, proteinen digestibilitatea, funtsezko aminoazidoen osaera, horien biodisponibilitatea eta zenbait faktore antinutrizionalen presentzia ebaluatu dira, proteinen kalitatea eta haien aprobetxamendu nutrizionalaren potentziala zehazteko.
Egindako in vitro saiakuntzen artean mutagenikotasun- eta genotoxikotasun-saiakuntzak, potentzial alergenikoaren ebaluazioak eta digestibilitate gastrointestinal simulatuaren eta hesteetako biodisponibilitatearen azterketak egin dira, giza heste-epitelioko eredu zelularrak erabiliz.
Lan esperimentala osatzeko, elikagaien segurtasunari eta elikagai berriei (novel foods) aplikatu beharreko Europako araudi-esparruaren berrikuspen sakona egin da. Analisi horri esker, proteina alternatiboen osagaiak eta haietatik eratorritako elikagaiak ebaluatzeko arauzko eskakizun garrantzitsuak identifikatu dira. Ebidentzia esperimentala eta araudi-analisiaren emaitzak uztartzeak aukera eman du estrategia zientifikoa egoki bideratzeko, araudian jasotako alderdiak kontuan hartzeko eta informazio osagarriaren, ebaluazioaren, etiketatzearen edo arriskuen kudeaketaren etorkizuneko beharrak aurreikusteko.
Hala ere, egindako azterketak hasierako ebaluazio gisa ulertu behar dira, eta berez ez dute esan nahi ebaluatutako osagai eta produktuek arauzko baimenak lortu dituztenik edo merkaturatzeko prest daudenik.
Testuinguru horretan, lortutako emaitzek indartu egiten dute proteina-iturri berri horiek elikadura jasangarriago baterako duten potentziala, etorkizunean merkatuan txertatzeko eskatzen diren kalitate- eta elikadura-segurtasuneko baldintzak arriskuan jarri gabe.
Oro har, LIKE-A-PRO proiektuan garatutako jarduerek agerian uzten dute proteina alternatiboetan oinarritutako elikagai berrien garapenaren hasierako faseetatik bertatik beharrezkoa dela nutrizio-ezaugarrien karakterizazioa, segurtasunaren ebaluazio goiztiarra eta araudi-alderdien analisia txertatzea.