Gipuzkoa proba-eremu bihurtu da emisio txikiko 0 km-ko arrautzak lortzeko
Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa-zentroa, Euskaber kooperatiba eta Eroski elkarlanean ari dira KABIn, hegazti-ekoizpenaren karbono-aztarna murriztea xede duen berrikuntza-proiektuan
Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatuta, ekonomia zirkularrean oinarritutako alternatibekin oiloen elikaduraren jasangarritasuna hobetzea da ekimenaren helburua
Basque Centre for Climate Change (BC3) ikerketa zentroak, Eroskik eta oilo landatar eta ekologikoetatik datorren arrautza ekoizten eta merkaturatzen duen Euskaber kooperatibak berrikuntza proiektu bat jarri dute abian Gipuzkoan, emisio baxuko KM0 arrautzak lortzeko helburuarekin.
KABI (Arrautza jasangarriaren bertako bidea) izeneko ekimenak arrautzaren ekoizpen-eredu jasangarriago baterantz aurrera egitea du helburu, klima-aldaketa, ekonomia zirkularra, hurbileko baliabideen aprobetxamendua eta tokiko balio-kateen indartzea integratuz.
Konkretuki, proiektuak oiloak elikatzeko pentsuetan erabiltzen diren lehengaien konposizioan eta jatorrian jartzen du arreta, bereziki proteina-iturrietan, karbono-aztarnari egiten dioten ekarpenagatik eta kanpoko baliabideekiko mendekotasunagatik.
“Arrautzak erruten dituzten oiloen elikadura arrautzen ekoizpenaren karbono-aztarna eragiten duten faktore nagusietako bat da. Eragina pentsuen konposizioaren, lehengaien jatorriaren, ekoizpen-prozesuen eta garraioaren araberakoa da. Gure aurretiazko analisiak animalien elikadura identifikatu du, bereziki pentsuaren zati proteikoa den soja, ingurumena hobetzeko potentzial handiena duen eremuetako bat bezala”, azaldu du Inma Batalla BC3ko ikertzaileak.
KABIren helburua ez da soja pentsuetatik erabat kentzea, ordezko lehengaien konbinazioen bidez haren ordezkapen partziala aztertzea baizik, ahal izanez gero gertuko baliabideak eta nekazaritzako elikagaiak, karbono-aztarna gutxienez % 15 murrizteko ahalmena dutenak, eta, aldi berean nutrizio-egokitasuna, produktuaren kalitatea eta ustiategien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa bermatuz.
BC3k proposatutako irtenbideen ingurumen-inpaktua ebaluatzeko eta emisioak murrizteko benetako potentziala zehazteko behar den ezagutza zientifikoa eta metodologikoa ematen du. Gainera, soluzioak beste ustiategi batzuetara zabaltzeko eta tokiko ekoizpena indartzen laguntzeko beharrezkoak diren baldintzak aztertuko ditu.
Kontsumoaren azterketa
Ekoizpen- eta ingurumen-dimentsioaz gain, KABIk kontsumitzaileengan ere jarriko du arreta. Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioak (MAPA) familia-kontsumoari buruz egindako inkestaren datuen arabera, EAEko etxeetako arrautzen kontsumoak gora egin du azken urteetan: 10,49 kg pertsonako 2021ean, eta 11,73 kg 2025ean.
Eroskik arrautza mota desberdinak nola hautematen diren eta tokiko jatorriarekin, jasangarritasunarekin, animalien ongizatearekin, emisioen murrizketarekin, prezioarekin edo kalitatearekin lotzen diren aztertuko du. Helburua da ulermen-oztopoak identifikatzea eta supermerkatuan arrautza lokal eta jasangarriaren balioa argiago komunikatzen lagunduko duten ikaskuntzak sortzea.
KABI BC3k koordinatutako SWITCH proiektu europarraren Basque Hub-en sustatutako lan-harreman eta -dinamiketatik sortu da. Proiektu horrek ekoizpen-, banaketa- eta ikerketa-eragileen arteko topaketa erraztu du, erronka partekatuak identifikatzeko eta ekimen berriak garatzeko.
“Gure aurretiko esperientziak ikuspegi parte-hartzaile eta multiaktoreek ezagutza partekatua berrikuntza-proiektu bihurtzeko duten ahalmena islatzen du, ikerketa zientifikoa lurraldearen beharrekin lotuz eta elikadura-sistema jasangarriagoa, zirkularragoa, lehiakorragoa eta errotuagoa lortzen lagunduz”, nabarmendu du Inma Batallak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak finantzatzen du KABI ekimena, Etorkizuna Eraikiz Misioak 2026 programaren barruan.