GAIKERrek GlyTECH proiektuan parte hartzen du itsas glikanoek giza osasunean duten potentziala bultzatzeko
GlyTECH proiektuak itsas makroalgetatik eratorritako glikanoak eta horien prozesamendua aztertzen ditu, interes biomedikoko biomolekula berriak sortzeko eta etorkizunean diagnostiko-tresnak, printzipio aktiboak eta estrategia terapeutikoak garatzeko beharrezkoa den ezagutza sakontzeko
GAIKERrek, Basque Research & Technology Alliance (BRTA) aliantzako kide den teknologia-zentroak, parte hartzen du GlyTECH – Giza Osasunari Aplikatutako Itsas Glikobioteknologia proiektuan. AZTIk, itsas eta elikagaien ikerketako zentroak, koordinatzen du ekimena. Oinarrizko ikerketa kolaboratiboko proiektu hau Eusko Jaurlaritzak finantzatzen du ELKARTEK 2025 programaren bidez. Proiektuaren helburua da itsas glikanoei, haien egiturari, prozesamenduari eta jarduera biologikoari buruzko ezagutza sakontzea, giza osasunaren arloan aplikazio bioteknologiko berriak aztertzeko.
Glikanoak funtsezko biomolekulak dira hainbat prozesu zelularretan, non komunikazio-, seinalizazio- eta ezagutze-mekanismoetan parte hartzen duten. Prozesu fisiologiko eta patologiko ugaritan duten eginkizunak glikobiologia gero eta interes handiagoko ikerketa-eremu bihurtu du biomarkatzaileak identifikatzeko eta estrategia terapeutiko berriak garatzeko, bereziki minbiziaren, gaixotasun immunologikoen, infekzioen eta patologia neurodegeneratiboen arloetan.
Testuinguru horretan, makroalga marroietan dauden polisakaridoak, hala nola fucoidanoa, laminarina edo alginatoak, interes bereziko iturria dira, haien egituren aniztasunagatik eta biomolekula horiei egotzi zaizkien jarduera biologikoengatik. Horien artean daude propietate antioxidatzaileak, immunomodulatzaileak, antitumoralak, antikoagulatzaileak eta antitrombotikoak. Propietate horiek nabarmen alda daitezke glikanoen konposizioaren, egituraren, pisu molekularraren edo sulfatatze-mailaren arabera.
GlyTECH proiektuaren helburua da, hain zuzen ere, biomolekula horien egituraren eta funtzio biologikoaren arteko harremana sakontzea. Horretarako, itsas glikanoen prozesamendu kontrolatua aztertzen du tresna entzimatikoen bidez, egitura zehatzagoko oligosakaridoak lortzeko eta eraldaketa horiek haien propietateetan eta jarduera biologikoan duten eragina aztertzeko. Proiektuak bi erronka teknologiko nagusi jorratzen ditu. Alde batetik, itsas glikanoak modu selektiboan prozesatzeko eta egitura-ezaugarri zehatzak dituzten molekulak sortzeko aukera emango duten tresna entzimatikoak eta ingeniaritza genetikorako estrategiak garatu nahi ditu. Bestetik, glikano horien eta haien prozesamenduaren ondorioz lortutako oligosakaridoen eta sistema biologikoen arteko elkarreragina karakterizatu nahi du, haien ekintza-mekanismoak hobeto ulertzeko eta interes biomediko handiena duten egiturak identifikatzeko.
Ikerketa lau jarduera osagarritan egituratzen da: potentzial biomedikoa duten itsas glikanoen funtzionalizazioa eta karakterizazioa; horiek prozesatzeko entzima multifuntzionalen garapena; itsas jatorriko sistema entzimatikoen azterketa; eta biomolekula horien eraldaketa ulertu eta optimizatzeko ingeniaritza genetikoaren tresnen aplikazioa.
GAIKERrek jarduera horietako hirutan parte hartzen du eta EHUrekin batera, glikano bioaktiboen prozesamendurako ingeniaritza genetikoaren tresnen aplikazioari eskainitako jarduera gidatzen du. Arlo horretan, teknologia-zentroak gene espezifikoak desaktibatuta dituzten itsas bakterioen anduiak (knock-outak) garatuko ditu, itsas glikanoen degradazioan eta eraldaketan parte hartzen duten entzimen funtzioa baieztatzeko. Hurbilketa horri esker, hidrolisi-prozesu jakinetan zer entzimek parte hartzen duten zehaztu ahal izango da, eta egitura-ezaugarri desberdinak dituzten oligosakaridoak nola sortzen diren hobeto ulertu.
Gainera, GAIKERrek glikanoen eta haien prozesamendu entzimatikoaren ondorioz lortutako oligosakaridoen karakterizazio biologikoan parte hartzen du. Horretarako, giza zelula-ereduak erabiliko dira, haien segurtasuna ebaluatzeko eta osasunerako interesgarriak diren hainbat biojarduera aztertzeko.
Jarduera horien artean, bereziki nabarmentzen da immunomodulazio-potentzialaren azterketa. Horretan, itsas glikanoek eta haien deribatuek immunitate-sistemako zelulekin duten elkarreragina aztertuko da, baita biomolekula horien aurrean sortzen diren erantzunetan parte hartzen duten mekanismo zelularrak ere. Oro har, lan honek lagunduko du lortutako oligosakaridoen egituraren, haien prozesamenduaren eta jarduera biologikoaren arteko loturak ezartzen, eta etorkizuneko aplikazio biomedikoetarako interes handiena duten hautagaiak identifikatzen.
AZTIk gidatutako GlyTECH proiektuan parte hartzen dute, halaber, Biobizkaia Osasun Ikerketa Institutuak, EHUk eta GAIKERrek. Erakunde horiek itsas bioteknologian, biokimikan, genetikan, biologia zelularrean eta nanoteknologian dituzten gaitasun osagarriak bateratzen dituzte. Lankidetza horri esker, itsas glikanoei eta haien ekintza-mekanismoei buruzko ezagutza handitu ahal izango da, baita biomedikuntzan aplikatzeko aukera berriak aztertu ere, Euskadiren gaitasun zientifiko eta bioteknologikoak indartuz.