Poloniak Euskadiko Parke Teknologikoko ekosistema berritzailean jarri du arreta
Euskadiko Parke Teknologikoak Poloniako ordezkaritza baten bisita jaso du. Ordezkaritzak bertatik bertara ezagutu nahi izan ditu berrikuntzaren, garapen teknologikoaren eta ezagutzaren transferentziaren euskal eredua
Silesia Behereko Gobernuko eta Łukasiewicz Institutuko ordezkariek osatutako misioak Zamudio/Derio Campusa bisitatu du. Łukasiewicz Institutua Poloniako ikerketa aplikatuko sare publiko nagusia da. Bisitaren helburua Euskadiko Parke Teknologikoaren funtzionamendua sakonago ezagutzea izan da, enpresa berritzaileak, zentro teknologikoak eta I+Gko eragileak biltzen dituen erreferentziazko gune gisa.
Topaketa Euskadiko berrikuntza-ekosistemaren garapena sustatu duten jardunbide egokiak ezagutzeko diseinatutako agenda instituzional baten barruan kokatzen da. Era berean, enpresen, zentro teknologikoen, ikerketa-erakundeen eta administrazio publikoaren arteko lankidetza bultzatzen duten politikak eta laguntza-tresnak ezagutzea du helburu.
Bisitan zehar, ordezkaritzak Euskadiko Parke Teknologikoaren bilakaera eta hazkunde-eredua ezagutzeko aukera izan du, baita enpresen lehiakortasuna indartzeko eta ezagutzan zein berrikuntzan oinarritutako jarduera ekonomikoa sortzeko egiten duen ekarpena ere.
Misioaren beste helburuetako bat euskal erakundeen eta Silesia Behereko ordezkarien arteko lankidetza-aukera berriak sustatzea da. Silesia Beherea Poloniako eskualderik dinamikoenetakoa da, eta bertan dago Wroclaw, herrialdean euskal enpresa gehien ezarri diren gune nagusietako bat.
Euskadiko Parke Teknologikoa bisitatzeaz gain, lan-agendak Euskadiko berrikuntza-ekosistemako eragile nagusietako batzuekin topaketak egitea ere aurreikusten du, besteak beste, SPRIrekin, Tecnaliarekin, Innobasquerekin eta BIC Bizkaiarekin. Topaketa horien helburua ikerketa aplikatuarekin, garapen teknologikoarekin eta ezagutzaren transferentziarekin lotutako lankidetza-aukerak identifikatzea da.