Gazteen enplegagarritasuna hobetzeko EMPLOY proiektuaren emaitzen aurkezpena

Bizkaia

  • EMPLOY Europako herrialde ezberdinetako zortzi organismok bultzatutako proiektua da, tartean, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkea, eta Txorierri Ikastegi Politeknikoak koordinatzen du. Ia 300.000 euroko aurrekontua dauka.
  • Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak beharren analisian eta proiektuaren balorizazioan parte hartzen du.

Employ projectEMPLOY egitasmo europarra Leonardo Da Vinci programaren esparruan kokatzen da, Europar Batasuneko Hezkuntza eta Kulturako zuzendaritza nagusiaren ikaskuntza iraunkorraren barruan. Zazpi herrialdetako zortzi erakundek parte hartzen dute, tartean, Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeak eta Txorierri Ikastegi Politeknikoak; azken hau berriki sartu da Zientzia eta Teknologia parkean eta proiektuaren liderra da.

Apirilaren 2tik 4ra EMPLOY Proiektuaren jarraipen batzarra egin zen Sardinian; batzar horretan proiektuaren emaitzak aurkeztu dira, Euskadiko lau ikastetxetan eta beste hiru herrialdetan egindako pilotaje fasearen ondoren. Fase horretan 100 bat lagunek parte hartu zuen Euskadin. Emaitza horiek goiz oso bateko iraupena izan duen mintegi batean aurkeztu dira; 50 enplegu-agentziak hartu dute parte eta bertatik bertara ezagutu ahal izan dute proiektuaren esparruan garatutako tresnak. Enpleguaren Eskualde Agentzia arduratu da mintegi hori antolatzeaz.

EMPLOY proiektuaren helburua da enplegagarritasuna hobetzeko Design Thinking-aren printzipioetan oinarritutako metodologia bat garatzea, sormenezko jarduerak ekarriko dituena, parte-hartzaileek etorkizuneko enplegatzaileei gaitasun multzo sendo eta praktikoa planifika, praktika eta aurkez diezaieten.

Metodologia hori proiektuaren esparruan garatutako gaitasunei buruzko azterketaren emaitzetatik abiatuta lortu da eta lau herrialdetan jarri da abian, pilotatutako prestakuntza-tailerren bitartez; EMPLOY proiektuko parte-hartzaileei egindako lan-elkarrizketen simulazio batekin amaitu da. Elkarrizketa horiek Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkeko Finantza Zuzendari eta Giza Baliabideen arduradunak eta Berrikuntza Alorreko Arduradunak egin dizkiete. Esperientzia praktiko hori izugarri baloratu dute izangaiek, prestakuntzan zehar ikasitakoa praktikan jartzeko aukera eman baitie.

Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkearen zeregina proiektuan, enpresek eskatzen dituzten gaitasun giltzarriei buruzko beharren analisian eta, Parkeko enpresekin daukan harremanaren bitartez, proiektuaren balorizazioan parte hartzea izan da; baita proiektuaren pilotaje fasean ere, aurrez aipatutako elkarrizketen simulazioarekin.

EMPLOY proiektuaren azken emaitzak 2014ko irailean egongo dira eskuragarri proiektuaren webgunean (www.employ-project.com), doan.

Partekatu

Beste berri batzuk