Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekonomia zirkularra estrategiarekin bat datozen bi ikerketa-proiektu garatzen ari da Ceit-IK4 zentroa
Hiri-hondakinetatik bioproduktuak erauzi nahi dira, ongarriak fabrikatzeko eta baita industria farmazeutikoan eta kosmetikoan erabiltzeko ere
Ceit-IK4 zentroko ikertzaileak bi ikerketa-proiektutan dihardute, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ingurumena eta Obra Hidraulikoak Sailetik sustatzen den ekonomia zirkularraren estrategiaren baitan.
Osmintz proiektuak planteatu duen soluzio berritzailearekin azido azetikoa eta beste hainbat bioproduktu erauzi nahi dira hiri-hondakinetako zati organikoetatik. Horretarako, Tecnun eta Ceit-IK4 erakundeek osatzen duten campus teknologikoan (mila pertsona inguru hartzen ditu) sortu den hondakina erabili da proiekturako, zuzeneko osmosiaren bitartez. Teknologia berritzailea da biofindegi proiektuetan eta araztegi pilotuetako hartzidura anaerobio kontrolatuetan.
Azido azetikoa, industria kosmetikoan, petrokimikoan, farmazeutikoan eta kimikoan erabiltzen da. Eskaintzen dizkigun propietateei esker, bioplastikoak sortzen, biodiesela ekoizteko lipidoak sortzen, eta araztegietako elikagaien suntsiduran laguntzen du.
Bestalde, Ceit-IK4 zentroko Ura eta Hondakinen arloko ikertzaileek substantzia humikoak erauzteko soluzio berritzailea garatu dute, Humgarri proiektuaren baitan, aurrez konpostatuak izan diren edo biometanizatu diren hiri-hondakinen zati organikoetatik bioproduktuak sortzeko. Erauzketa alkalinoko prozedurak aplikatu ahal izatea ikertzen ari dira, substantzia humikoan aberatsak diren korronteak sortuz. Izan ere, ura atxikitzeko eta elkartruke ionikoa eta ongarrikoa egiteko gaitasuna duten substantziak baitira. Soluzio horri esker konpostatutako eta biometanizatutako produktuei balioa erantsia emango zaie, eta hainbat arlotan aplikatu ahal izango lirateke: kalitate altuko ongarri biologikoak sortzeko edota kutsatutako lurzoruak leheneratzeko, adibidez.