Gizarte-berrikuntza, Europako garapenaren motorra datozen urteotan

Bizkaia

  • Europako Batzordeak “Gizarte Berrikuntzarako Europako Gida” aurkeztu du Euskadin, eta bertan gizarte-premia larriei irtenbide berritzaileak aurkitzea eskatzen du, lurralde kohesionatuak garatuko dituzten irtenbideak, eta dekalogo bat proposatzen du horretarako.
  • Resindex eskualde-indize aitzindaria da, gizarte-berrikuntza neurtu eta ebaluatzen duena eredu propioarekin, eta esparru honetan Euskadik dituen gaitasunak nabarmentzen ditu.
  • 450 pertsona izan dira gaur gizarte-berrikuntzako europar jardunaldian; Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatu du, eta bertan nabarmen geratu da gizarte-berrikuntza guztion ongizatea hobetzeko tresna dela, herritarrak, enpresak, instituzioak eta erakundeak inplikatuz.
  • Europako Batzordeak gizarte-berrikuntza inplementatzea aholkatzen du, espezializazio adimendunaren eskualde-estrategien bidez.

Gaur goizean 450 pertsona baino gehiago izan dira “Gizarte Berrikuntza: Pertsonekin eta pertsonentzat balioa sortzea” europar jardunaldian, Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziak antolatua Bilboko BBK aretoan. Han elkarturiko parte-hartzaileak bat etorri dira esaterakoan gizarte-berrikuntza Europa garatzeko motorra izango dela datozen urteotan, gaitasuna baitu lurralde kohesionatuak sortzeko kontinenteak premiaz konpondu behar dituen gizarte-erronka larriei erantzunez; erronka horien adibideak dira jendearen zahartzea, enplegua, gobernantza-ereduak, prestakuntza, klima-aldaketa, etab.

Bilbon egindako ekitaldi honetan, “Gizarte Berrikuntzarako Europako Gida” ere aurkeztu da, Europako Batzordeak egina. Halaber, Innobasquek eta Sinnergiak-ek Resindex gizarte-berrikuntzako eskualde-indizea ezagutarazi dute, eredu honek bereziki neurtzen duelarik diziplina honen egoera Euskadin.

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak eman dio hasiera ekitaldiari, eta Juan Mª Aburto Enplegu eta Gizarte Gaietako sailburuak amaiera; gainera, parte-hartzaile izan dira Alberto García Erauskin, Innobasqueko Batzorde Betearazleko kidea eta Euskalteleko lehendakaria; Agnes Hubert, Europako Batzordeko aholkularia (BEPA); Mikel Landabaso, Europako Batzordearen Eskualde Politikarako Zuzendaritza Nagusiko unitate-burua; Liesbet de Letter, Europako Batzordeko analista; John Edwards, Europako Batzordeko S3 Espezializazio Adimendunaren Plataformakoa; Gábor Banyai, Debrecen (Hungaria) Unibertsitatekoa; Fredrik Rakar, Suediako Tokiko eta Eskualdeko Agintarien Elkartekoa; Gorka Espiau, Social Innovation Exchange (SIX)-en enbaxadorea; Sergio Murillo, Bizkaiko Foru Aldundiko Norberaren Autonomia sustatzeko eta Mendekotasunaren Arretarako zuzendaria; Oscar Usetxi, Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ezagutza Sustatzeko zuzendaria; Jon Lazkano, Leioako (Bizkaia) udaleko Hezkuntza zinegotzia; Roberto Nuño, O+berri-ko zuzendaria; Txema Franco, Lantegi Batuak-eko zuzendari nagusia; Alfonso Unceta, Sinnergiak Social Innovation-eko (UPV/EHU) zuzendaria eta bere kolaboratzaileak Javier Castro, Ainara Osoro eta Irene Unceta; Goizalde Atxutegi, Gotzon Bernaola eta Txema Villate, Innobasqueko proiektu-burua, programa-zuzendaria eta zuzendari nagusia, hurrenez hurren.

Lurralde-kohesioa

Europako Batzordeak egindako “Gizarte Berrikuntzarako Europako Gida”k gizarte-berrikuntzaren izaera estrategikoa azpimarratzen du Europarako, zeren eta 2014-2020 denboraldirako egiturazko funtsen araudietan eta garapen-estrategietan sartu baita, gizarte-erronkei erantzuteko bide gisa, argitalpenak sei joeratan biltzen dituelarik erronka horiek: zahartzea, ingurumena, gizarte digitala, gizarte-bazterketa, osasuna eta ongizatea, bidezko merkataritza eta tokiko ekoizpena. Horrela agertzen da Europa 2020 Estrategian eta Horizonte 2020 Esparru Programan ere, non gizarte-berrikuntzak betekizun garrantzitsua izango duen funtsezko tresna gisa datozen urteetako lurralde-kohesioko politika berrian, guztion ongizatea hobetzeko helburuarekin herritarrak, enpresak, instituzioak eta erakundeak inplikaraziz. Gidak gizarte-berrikuntza hamar urrats xumeren bidez inplementatzea gomendatzen du, eta bere eragina proiektuen bidez neurtu eta ebaluatzeak duen garrantzia nabarmentzen du, ongien dabiltzanak zein diren jakiteko.

Hori da Resindex gizarte-berrikuntza neurtzen duen eskualde-indizean jasotzen dena; ikerketa pilotu hau Innobasquek Euskadin berrikuntza ebaluatzeko duen ekimenaren parte da, eta Sinnergiak Social Innovation-ek (UPV/EHU) Berrikuntzaren Euskal Agentziarekin lankidetzan zuzendu eta garatu du. Proiektu aitzindaria da eskualde mailan gizarte-berrikuntza neurtzeko, beste lurralde batzuetara esporta daitekeen neurketa-eredu propioarekin. Horren lehenengo aplikazioa Euskal Autonomia Erkidegoan “RESINDEX Euskadi 2013” txostenaren bidez gauzatu da. Euskadiko gizarte-berrikuntzari buruzko lehenengo txosten honek dio euskal erakundeek gaitasun handiak dituztela gizarte-berrikuntza garatzeko, eta erakunde horietako askok orientabide garbia dutela zera sozialarekin konprometituriko jardueretarantz. Gainera, esaten du gaitasunen orientabide hobeak gizarte-berrikuntzako maila hobeak eta handiagoak sustatuko dituela. Indize honen emaitzak 14 erakundek osaturiko batzorde batek egiaztatu ditu: UPV/EHU, Mondragon Unibertsitatea, Deustuko Unibertsitatea, REAS Euskadi, Bioef, Deloitte, Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Eudel, Novia Salcedo Fundazioa, Kutxabank, Ingema, Etorbizi eta Lehendakari Agirre Center.

Ikerketa hau Europako Batzordearen S3 Espezializazio Adimendunaren europar testuinguruan gertatzen da, eta gizarte-berrikuntzako jarduerak gauzatzera bultzatzen du espezializazio adimendunaren eskualde-estrategien bidez, eskualdeei laguntzeko berrikuntza-ildorik egokienei lehentasuna emateko erabakiak har ditzaten. Lan-eskema honek zera eskatzen du: hurrengo urrats batean eskualdeko agintariek, arlo pribatu, unibertsitate eta hornitzaile teknologikoekin itunak eginez, ekimenak garatu ahal izatea, gaitasun berritzailea eta horiek lurraldean duten eragina areagotzeko. Espezializazio adimendunaren planak esparru politiko egokia zehazten laguntzen du, baita beharrezko aurrekontua ere, aurrez zehazturiko lehentasun kopuru mugatu bat gauzatzeko, hazkunde iraunkor eta inklusiboak estimulatzeko gai direnak. Espezializazio adimenduna dibertsifikazio estrategikoarekin erlazionaturik dago, baita gauzak beste era batera egitearekin eta esperimentazio-gaitasunak bultzatzearekin ere. Hungariako Észak-Alföld eskualdea eta Suediako eskualdeak jarri dira jardunbide egokien adibide gisa.

Biak izango ditu kontuan Basque Social Innovation-ek; gizarte-berrikuntzarekin erlazionaturiko eta Innobasquetik bultzaturiko 15 euskal eragilek osaturiko nodo hau urtearen hasieratik Social Innovation Exchange (SIX) kontseilukoa da, gizarte-berrikuntzan erreferentziazko mundu-sarea. Basque Social Innovation gizarte-berrikuntzako agenda adostua inplikaturiko eragileen artean diseinatzeko sortu da, euskal gizarteak aurrean dituen erronkak eta horiei eraginkortasunez nola aurre egin zehazteko, Europako Batzordeak gomendatzen duen bezala.

Euskadik, Europako eta munduko beste eskualde batzuek bezalaxe, denbora darama gizarte-berrikuntza lantzen, eta dagoeneko baditu erreferentziazko kasu batzuk. Honela, Gizarte Berrikuntzarako Europar Gidak hiru nabarmendu zituen: Eutokia, Denokinn eta Innobasque. Gaur goizeko jardunaldian beste lau aurkeztu dira: Leioako Herrigune Bizkaian, Eusko Jaurlaritzaren osasun-estrategia, Lantegi Batuak-en BBK Bilbao Hostel eta Goiener

Herrigune-k gizarte-prozesu berritzaileak bultzatzen ditu, Leioako herritarrei bere ingurunearen eraikuntzan parte aktibo izateko aukera emanez. Kronikoen Sarea gaixotasun kronikoa duten pertsonen gizarte-sarea da, gaixoaren ahalduntzean oinarritua, berau inplika dadin bere prozesuan. Bestalde, Lantegi Batuak-en BBK Bilbao Good Hostel Europan lehenengo hiri-ostatua da, adimen-urritasun edo/eta elbarritasunen bat duen jendeak kudeatua, eta horrela Euskadirentzat estrategikoa den turismoaren arloan zailtasunak dituen kolektibo baten gizarteratzea eta lan-munduratzea bultzatzen du. Azkenik, GoiEner energia berriztagarria sortu eta kontsumitzeko proiektu kooperatiboa da, horren kontsumo arduratsua sustatzen duelarik.

Partekatu

Beste berri batzuk