Hetelek EUSKADIKO TEKNOLOGIA PARKEEN, Confebask eta Ekide saritu ditu, euskal Lanbide Heziketa sustatzeagatik

Gipuzkoa

  • HETELek “HETEL Sariaren” VI. edizioa antolatu du BBKren eta Euskaltelen laguntzarekin. Ekitaldia gaur egin da, “4.0. Pertsonak” lelopean.
  • Euskadiko Teknologia Parkeen Sareko zuzendari Itziar Epalzak, Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagak, eta Ekideko lehendakari Joseba Mandalunizek jaso dituzte Hetel 2018 sariak.
  • 4.0 Industriak 4.0 Pertsonak behar ditu, eta euskal Lanbide Heziketa bere ikasleen artean profil hori lortzeko lan egiten ari da, hainbat eragilerekin batera: erakundeekin, administrazioarekin, enpresekin eta teknologia  zentroekin.
  • Ekitaldian bi debate labur egin dira, enpresen artekoa bata eta ikasleen artekoa bestea. Bertan izan dira Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretarako sailburu Arantxa Tapia, Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte eta HETELeko lehendakari Julen Elgeta.

2018_04_16_DSC03715 (002)HETEL, Lanbide Heziketako abantean ikastetxeen elkarteak, HETEL Sariaren VI. edizioa egin du gaur. Aurtengo gai nagusiak 4.0 Industria eta esparru horretarako pertsonen prestakuntza izan dira: 4.0 pertsonak.

Sariak BBKren eta Euskaltelen babesa izan du eta 140 pertsona baino gehiago bertaratu dira. Aurtengo sarituak Euskadiko Teknologia Parkeen Sarea, Confebask eta Ekide enpresa izan dira.

Ekitaldia enpresen eta ikasleen arteko debate labur banarekin hasi da. Bertan izan dira Ekonomiaren Garapeneko eta Azpiegituretarako sailburu Arantxa Tapia, Hezkuntza sailburu Cristina Uriarte eta HETELeko lehendakari Julen Elgeta. Gainera, saritu bakoitzak hitz batzuk eskaintzeko aukera izan du.

Sarituak

Euskadiko Teknologia Parkeen Sarearen kasuan, haren zuzendari nagusi Itziar Epalzak jaso du saria. Gazteak, neska-mutilak, teknologiaren eta industriaren inguruan sentsibilizatzeko egindako lanagatik eman zaio saria, eta hori lortzeko ekintzak abiarazteagatik. Horren adibide da Esperientziaren Foroa: hiru Parkeetan egiten da, martxoan zehar. Ikaslanek eta HETELek antolatzen dute, eta Parkeetako enpresen berri ematen die, urtero, batxilergoko mila ikasle ingururi.

Confebasken kasuan, Lanbide Heziketako ikasleekin egiten diren hainbat ekintza gauzatzeko araudiak garatzen laguntzen duelako, enpresak sentsibilizatzen dituelako eta horrelako ekintza eta kontratazioetan parte hartzera bultzatzen dituelako eman zaio saria, baita LPko (Lantokiko Prestakuntza) gazteak saritu eta aintzatesten dituelako ere. Confebaskeko lehendakari Roberto Larrañagak jaso du.

Ekideren kasuan, bere lehendakari Joseba Mandalucinek jaso du saria. Arrasateko enpresa hori ingeniaritza sektorekoa da, eta produktu berriak garatu eta fabrikatzen ditu. Lanbide Heziketako gazteak kontratatzen ditu, LHko zentroetako programetan hartzen du parte eta ikasleak trebatzen eta gaitzen saiatzen da, lan munduan ondo molda daitezen.

Elgetak gogorarazi du Euskadik Lanbide Heziketako ikasleak behar dituela, batez ere industria adarretan, ez baita betetzen enpresen eskaria (trebakuntza maila handiagoa behar da lanpostuetarako); Lanbide Heziketako laneratze tasa, ordea, ia % 100ekoa da. Enpresa industrialek teknikari gaituak behar dituztenez, lanpostu jakin batzuk bete ezinik dabiltza. Bestalde, oraindik ere gertatzen diren bi egoerari buruz hausnartu du Elgetak: batetik, ez dira betetzen LH industrialeko postuak eta, bestetik, nesken % 5ek bakarrik aukeratzen dituzte lanbide familia horiek.

4.0 pertsonak sortzea

HETELek gizarteko eragile guztiei dei egin die gaur, EAEko LHa eta, nagusiki, industria adarrak sustatzeko beharra azpimarratzeko. HETELek duela gutxi egindako azterketa baten arabera, industriaren alorreko prestakuntza zikloak egiten dituzten ikasleen ia % 100ek beren ikasketekin bat datorren lanpostua lortzen dute sei hilabeteko epean. Honako hauek dira laneratze ehunekorik handiena duten zikloak: robotika, fabrikazio mekanikoa, soldadura eta galdaragintza, eraikuntza metalikoak, mikroinformatika sistemak eta sareak, energia eraginkortasuna eta eguzkiaren energia, mekatronika industriala, garraioa eta logistika, eraikuntza proiektuak, arotzeria eta altzarigintza, eta erizaintzako zaintza osagarriak, horiek guztiek % 85etik gorako laneratze tasa baitute lan munduan.

Euskal Lanbide Heziketari esker, gazteen % 50ek lanbide heziketa aukeratzen dute unibertsitatera joan beharrean. Azken urteotan, matrikulazioek etengabe egin dute gora. Gainera, horien artean emakumeak dira erdiak. Nolanahi ere, ikerketak aurreko urteetako joera irmoa berresten du, eta industriaren alorreko zikloek emakumeen ehuneko minimoa islatzen jarraitzen dute. Hala, industria ikastaro bat egitea aukeratzen duten emakumeen ehunekoa % 6 edo % 7 ingurukoa da. “Ehuneko horrek bere horretan dirau azken 10 urteotan”, azaldu du Julen Elgetak, HETELeko lehendakariak.

Partekatu

Beste berri batzuk