Hiru Michelin izar dituen jatetxe bat barazkiz hornitzeko baratzea

Bizkaia

  • NEIKERek Eneko Atxa sukaldariaren Azurmendi jatetxea barazkiz hornitzen duen instalazioa diseinatu du.
  • Instalazio berritzailea hiru Michelin izar eman berri dioten Eneko Atxaren establezimendu berriaren ondoan dago.

Azurmendi jatetxearen arrakastan –orain dela gutxi hirugarren Michelin izarrarekin errekonozitu dute– laguntzen duten osagaietako bat bere baratzea da, bertan kalitate goreneko bertako barazkiak lantzen baitira, NEIKER-Tecnaliaren aholkularitzarekin. Zentro teknologikoko teknikariak, Eneko Atxa sukaldariarekin lankidetzan, labore guztiak hautatzeaz eta ikuskatzeaz arduratzen dira, mahaikideek produktu osasungarriz eta zapore bikainez disfrutatu ahal izan dezaten. Bezeroek, jangelara sartu aurretik, ortua bisitatzen dute eta lehenengo mokadua berotegian bertan hartzen dute, chef ospetsuak instalazio berritzaileari ematen dion garrantziaren erakusle.

Derioko zerga nanoa, Zallako tipula morea, Busturiako tomateak edo Gorbea patata hazten dira berotegian, bertako beste produktu batzuen ondoan; guztira 36 barazki eta lore klase. Produktuen hautaketa Azurmendi jatetxearen beharren arabera egiten da; jatetxea Larrabetzuko mendialdean dago (Bizkaia), txakolina ekoizteko mahastiz inguratuta. Espezieak eta aldaerak hautatzeaz gain, NEIKER-Tecnalia hazien eta landareen horniduraz ere arduratzen da, berotegian zein aire librean dagoen baratzean jartzeko.

Laboreak oso tratu bereziarekin lantzen dira, eta zentro teknologikoko teknikariek ikuskatzen dituzte, egoera orokorra ebaluatzen dute, eta jatetxeko arduradunei erabiltzeko teknikarik egokienak proposatzen dizkiete. Barazki guztiak ekoizpen integratuko arau zorrotzenak betez lantzen dira, eta horrek esan nahi du, besteak beste, plagei aurre egiteko borroka biologikoa erabiltzen dela (amona mantangorriak sartzen dira landare zorriei aurre egiteko), edo giza kontsumorako eraginik ez duten landare estraktuak botatzen direla laboreen gaixotasunei aurre egiteko.

Hainbat labore sistema

Baratzean hiru labore sistema daude: bat aire librean dago, beste batean labore hidroponikoa lantzen da eta beste batean edukiontziak erabiltzen dira. Azken bi horiek kristalezko berotegi batean daude, 200 m2-ko azaleran, eta landare ekoizpenean operatibotasunik handiena lortzeko diseinatuta daude. NEIKER-Tecnaliak parte hartze aktiboa izan du horren sorreran, eta, besteak beste, bere ardurapean egon da ureztatzeko eta drainatzeak jasotzeko sistemak sortzea eta substraturik egokienak hautatzea.

Partekatu

Beste berri batzuk