Ibermática-k Santiago bidea ibiliko du erromesei jarraipena egiteko eta beren trazabilitatea ezagutzeko

Gipuzkoa

Ibermática Galiziako Xuntak bultzatutako I+G+B egitasmo batean lankidetzan ari da, Bluetooth sentsoreak eta Wi-Fi erabiliz, Done Jakue bidea ibiltzen duten erromesak zenbatzeko eta beren jarraipena egiteko. Xedea erakunde publikoek Done Jakue bideari buruzko informazio zehatzagoa izatea da, geroago estrategia zehatzei eta beren zerbitzuen kalitatea optimiza dezaketen kudeaketa eta plangintza prozesuei ekin diezaieten. Proiektuan Bitcarrier eta Infojc enpresek ere parte hartzen dute.

 

Hainbat mendetan Santiago bideak Europa osoko ezin konta ahala lekutatik erakarri ditu erromesak, erromesen fluxuak sortu ditu ere bai, eta hori guztia behin betiko islatu da eragin eremuetako kulturan, gizartean, azpiegituretan eta ekonomian. Hala ere, behaketa eta estimazio metodoak garatuz joan ez diren artean, lekualdatutako pertsona kopuruari, jarraitutako ibilbideei, eremuaren araberako egonaldiari eta abarrei buruzko benetako datuak ez dira oso zehatzak izan.

Egungo gizartearen alor ugarietara jada iraultza ekarri duten IKTak nahiko aurreratzearekin batera, lagungarriak dira Done Jakue bidea egiten duten erromesei jarraipena egiteko eta beren trazabilitatea ezagutzeko eta, gainera, informazio guztia fin dezakete. Hala, kudeatzaile publikoek informazio garrantzitsua eta zehatza izango dute, bai berezko estrategietan eta kudeaketa nahiz plangintza prozesuetan erabiltzeko bai egoki deritzoten eragileen eskura jartzeko.

Arlo horretan biltzen da Erromesen trazabilitatea egitasmoa, hainbat ibilbidetan erromesak zenbatzeko eta beren jarraipena egiteko beharrezko plataforma definitzea, diseinatzea eta garatzea helburu duena. Horretarako metodo telematiko ez intrusiboak erabiliko dira, erromesek berek ez dute ekipamendu espezifikorik beharko eta erabateko anonimotasunari eutsiko zaio.

Ibermática, Bitcarrier eta Infojc enpresek proposatutako soluzioa erromesek gainean daramatzaten gailu mugikorrek igorritako Bluetooth eta Wi-Fi seinaleak hauteman ditzakeen sentsore multzoa Done Jakue bidean zehar hedatzean eta instalatzean datza. Sentsore sare hau bideko herri garrantzitsuenetan kokatuko da eta Santiago hirian sentsore gehiago jarriko direnez, Obradoiro plazaraino egiten duten ibilbidea berreraiki ahal izango da.

Sistemak denbora errealean emango duen informazioa webgunean argitaratuko da eta ondoko parametroak adieraziko dira, adibidez: bidearen zati ezberdinen artean batez beste ibilitako denbora, erromesek udalerri bakoitzean ematen duten batez besteko denbora, udalerri bakoitzean eta aztertutako zati bakoitzean hautemandako gailu eramangarrien kopurua, hileko txosten konparatiboak, uzte-indizeak…

Partekatu

Beste berri batzuk