IK4-IKERLANek efizientzia energetikoan adituak prestatzeko europar sare batean parte hartuko du

Araba

 

Euskal zentro teknologikoa Europako EMVeM sarea osatuko duten erakundeetako bat da; sareak efizientzia energetikoaren arloan ikertzaile espezializatuak prestatuko ditu, ekonomia ‘berdeagoa’ sustatzeko.

 

IK4-IKERLAN zentro teknologikoa hastapeneko prestakuntzako europar sare batean parte hartzeko hautatu dute, efizientzia energetikoaren esparruan ikertzaile gazteak prestatzeko. Sarearen izena EMVeM da (‘Energy efficiency Management for Vehicles and Machines’-en akronimoa), hainbat herrialdetako industria eta ikerketako 19 erakunderen partzuergo batek osatzen du, eta 2013-2016 epealdian 14 ikerlariren doktore tesiak zuzenduko ditu.

EMVeM sarea Europar Batasuneko VII. Esparru Programaren fondoekin finantzatzen da, eta europar ikertzaileen mugikortasun geografikoa bultzatzen duen ‘Marie Curie’ programan integratuta dago. Ekimenaren helburua da bertan parte hartzen duten ikerlariak etorkizunean beren ezagutzak aztarna ekologiko txikiagoa sortuko duten makina elektrikoen eta ibilgailuen produkziora eramatea, lehiakorrak izateari utzi gabe, errendimenduari, segurtasunari edo funtzionaltasunari dagokionez.

Horrenbestez, Europar Batasunak 2020an energia primarioaren urteko kontsumoa % 20 murrizteko jarri duen helburu handinahia babestuko dute, etorkizuneko ekonomia ‘berdeago’ baten beharrei aurrea hartuz.

Sare berriaren esparruan IK4-IKERLANek kozuzenduko duen tesia gestio energetikorako estrategien garapenean oinarrituko da, garraio bertikalaren sektorerako, eta bertan biltegiratze elektrikorako teknologiak ere sartuko dira. EMVeM sareko partaideen tesietan sartzeko oinarriak http://ec.europa.eu/euraxess helbidean argitaratuko dira.

Mondragon Unibertsitateak eta Oronak ekimenean parte hartzen dute, eta hautatutako pertsonak uztartu egingo ditu bere ikerketa jarduera eta enpresetan egingo dituen egonaldiak, esaterako, jasokuntzaren sektorean diharduen Oronan.

EMVeM sareak ikertzaile horien mugikortasun geografikoa bultzatuko du, proiektuaren partner guztiek antolatzen dituzten ikastaroetan parte hartu ahal izan dezaten (hain zuzen ere, horixe da proiektua bere baitan hartzen duen ‘Marie Curie’ programaren xede nagusia). Gainera, produktu berean hainbat izaeratako funtzionaltasunak integratzeko joera gero eta handiagoa kontuan hartuta, diziplina anitzeko prestakuntza ere sustatuko da.

IK4-IKERLANez gain, sarean ikerketa akademikoko zentro nabarmenek parte hartzen dute, lehen mailako hainbat ikerketa zentrorekin eta industrian liderrak diren askorekin batera (BMW, Orona, Fraunhofer, Torinoko Politeknikoa, KU Leuven…). Bazkide industrialek aplikazio zehatzak emango dizkiote EMVeMri, efizientzia energetikoari lotutako erronkak dituztenak, horien gainean ikertzeko.

Arlo akademikoko eta ikerketa alorreko kideek, berriz, ikerketa arlo potentzialen eta ikerketako prestakuntzarako gaitasunen aukera zabala eskaintzen dute, ikastaroak antolatzeko aukeraz gainera, sareko parte hartzaile guztiei zuzenduta, ezagutzak elkarren artean partekatu ahal izan ditzaten.

IK4-IKERLANen proiektuaren arduraduna den Aitor Miloren hitzetan, zentroa “aukera handi baten aurrean dago, Europan efizientzia energetikoaren eremuan erreferentziazkoak diren hainbat zentrorekin lankidetzan aritzeko, hain zuzen ere efizientzia energetikoaren arloak ohi baino indar handiagoa hartu duen une batean, lehiakortasun handiagoa eskatzen ari delako”.

“Sareari esker”, gaineratu du, “lagundu egingo dugu energiaren galerak murrizten, energia garbiagoa edukitzen eta Europako industri sarearen lehiakortasuna handitzen. Halaber, eremu horretan sakonduz lortuko ditugun ezagutzak gure bezeroen beharrei hobeto erantzutea ahalbidetuko digute”.

IK4-IKERLAN

IK4-IKERLAN ikerketa teknologikoen euskal zentroa erreferentzia da produktu mekatronikoen eta energetikoen berrikuntzari eta garapen integralari dagokionez, eta diseinu eta produkzio prozesuetan ere jarduera berritzaile nabarmena dauka. Zentroak 38 urte baino gehiagoko esperientzia du, eta sistema txertatuen, potentziako elektronikaren, mikroteknologien eta energiaren esparruetan espezializatuta dago.

Partekatu

Beste berri batzuk