Ikasekiten, 800 ikasle arabarri baino gehiagori zuzendutako ikasketa-esperientzia

Albisteak, Araba

Arabako Teknologia Parkeak, Bic Arabak eta Vital Fundazioak antolatuta, gaurtik abenduaren 2ra arte, Arabako hainbat ikastetxetako DBHko 4. mailako 800 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte erakunde sustatzaileekin egingo diren tailerren, elkarrizketen eta ideia-trukeen bidez ekintzailetzaren errealitatea ezagutzeko egun bateko jardunaldietan.

 

Ikasekiten proiektuaren bidez, gazteen artean ekiteko ekimena bultzatu nahi da. Programa horren bidez, DBHko 4. mailako ikasleek goiza emango dute BIC Araban eta Arabako Teknologia Parkean tailerren bidez ekiten ikasten eta Parkean kokatuta dauden enpresa ugariak ezagutzen.

Gaurkoa izan da lehen jardunaldia eta Mendebaldea, Amurrioko Virgen Niña, Hogar San Jose, Oiongo San Bizente Ikastola eta Nazareth ikastetxeetako 130 neska-mutilek hartu dute bertan parte. Ongietorria jaso ostean, tailerretan hartu dute parte eta ekimen honekin bat egin nahi izan duten sustatzaileekin egindako elkarrizketan parte hartzeko aukera izan dute. Arabako Teknologia Parkeari dagokionez, Zuma Innovation eta Boutefeu Ingeniería y Desarrollo enpresek hartu dute parte, eta BIC Araban, aldiz, hauek: Zarate Mateo Algorithmic Systems, Lycolab, Andromeda Moto eta I+Med.

Ikasekiten DBHko 4. mailako ikasleei zuzenduta dago, haien etorkizun akademikoaren eta profesionalaren inguruko erabakiak hartu behar dituzten etapa horretan, kultura ekintzailera gerturatzea eta oinarri berritzailea duten proiektuen errealitatea ezagutzea oso eragingarria dela uste delako. Hori dela eta, jokabide ausartak eta irmoak bultzatu eta izaera ekintzailearen baitan dauden ezaugarri hauek garatzea bultzatuko duen kultura-aldaketa eragin nahi da: sortzeko eta arriskuak bere gain hartzeko, liderra izateko, motibatzeko, komunikatzeko, negoziatzeko, erabakiak hartzeko eta abarretarako gaitasuna. Horrekin lotuta, honako hauek dira Ikasekiten programaren helburu nagusiak:

  • Etorkizun profesional gisa ekiteko aukera ezagutzea eta baloratzea.
  • Ikasleen kolektiboaren artean enpresa-kultura babestea eta hedatzea.
  • Gaitasun ekintzaileen garapena bultzatzea.

Partekatu

Beste berri batzuk