Ikastolen Elkartearekiko konpromisoa berritu du Euskaltelek
• Aurten Ondarroan (Ibilaldia), Laudion (Araba Euskaraz), Azpeitian (Kilometroak) eta Tafallan (Nafarroa Oinez) egingo diren ikastolen lau festak babestuko ditu Euskaltelek.
Euskalteleko lehendakariak, Jose Antonio Ardanzak, eta Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Koldo Tellituk, lankidetza-hitzarmena sinatu dute gaur goizean. Hitzarmen horren bidez, EAEn eta Nafarroan aurten ospatuko diren ikastolen lau jaiak babestuko ditu euskal operadoreak: Ibilaldia (maiatzaren 29an, Ondarroan), Araba Euskaraz (ekainaren 19an, Laudion), Kilometroak (urriaren 2an, Azpeitian) eta Nafarroa Oinez (urriaren 16an, Tafallan).
Euskaltel 1998tik ari da Ikastolen Elkartearekin elkarlanean. Beste kanpaina batzuen artean, ikastolen lau jaietan laguntzen du. Ibilaldia, Araba Euskaraz, Kilometroak eta Nafarroa Oinezen 500.000 pertsona inguru biltzen dira, eta ibilbide bat egiten dute zirkuitu baten inguruan. Zirkuitu horretan, kultura eta aisialdia nahasten dira, euskal giroan.
Lankidetza-hitzarmen honekin, euskara eta euskal kultura bultzatzeko filosofiari eusten dio Euskaltelek. Babes hori dela eta, hainbat aintzatespen jaso ditu operadoreak, besteak beste, Bai Euskarari, enpresa-alorrean euskara bultzatzeko egindako lanagatik.
Euskara Euskaltelen nortasun-ezaugarria da. Arlo horretan egiten duen lanarekin, hizkuntza egoera guztietara egokitzen da. Hasiera-hasieratik, barruan nahiz kanpoan euskara bultzatzeko konpromisoa hartu zuen Euskaltelek. Hori dela eta, gure enpresak egoera guztietara egokitzen du hizkuntzaren erabilera; izan ere, euskara ez du erabiltzen merkatuari zuzendutako mezuetan soilik; bezeroei zuzendutako komunikazio guztietan (fakturetan, liburuxketan, Euskaltelen saltokietan) eta bezeroentzako arreta-zerbitzu guztietan ere erabiltzen du (call center-etan, saldu osteko zerbitzuetan, etab.).
Egokitzapenaren bultzadarekin, barneko hobekuntza-plan bat egin dugu, eta plan hori dela eta, Bikain Hizkuntza Kudeaketako Kalitate Ziurtagiria eman digu Eusko Jaurlaritzak.
Operadoreak beste zenbait jarduera ere egin ditu euskararen alorrean; besteak beste, Telekomunikazio Hiztegia egin zuen (Euskaltelen web-orrian dago erabilgarri), eta mugikorretan euskarazko softwarea txertatzeko lanean ari da. Euskaltel aitzindaria da Telebista Digitalaren pantailan agertzen den programazio-gida euskaratzen.
Euskaltelen barruan, telekomunikazio-operadoreak Euskara Plan bat du, 1999. urtetik, eta trebakuntza-ekintzak eta sentsibilizazio-jarduerak egiten ditu, langileen artean euskararen erabilera bultzatzeko. Une honetan, Euskalteleko hiru langiletik bat euskara ikasten ari da. Martxan jarri duen Euskara Planari esker, une honetan Euskalteleko langileen % 40k euskara-maila altua du.