Ikerketa batek frogatu duenez, laboreen errendimendua hobe daiteke, eta aldi berean biodibertsitatea babestu

Albisteak, Bizkaia

Ainhoa Magrach Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko Ikerbasque ikertzailea buru eta Doñanako Estazio Biologikoa partaidea dituen ikerketa berri baten ondorioen arabera, laboreen aniztasun handiagoa eta soroen tamaina txikiagoa dituzten nekazaritza-paisaiek, hots, biodibertsitatea sustatzen dutenek, errendimendu handiagoa dute

Ainhoa Magrach Basque Centre for Climate Change (BC3) zentroko Ikerbasque ikertzailea buru eta Doñanako Estazio Biologikoa (CSIC) partaidea dituen zientzialari-taldearen ikerketa berri batek zehaztu duenez, laboreen aniztasun handiagoa eta soroen tamaina txikiagoa dituzten nekazaritza-paisaiek, bereziki polinizatzaileen menpe daudenek, askoz ere ekoizpen handiagoa dute laboreen aniztasun txikiagoa eta soroen tamaina handiagoa dituztenek baino. Artikulua Journal of Applied Ecology aldizkarian argitaratu da.

Ondorio horretara iristeko, taldeak parekorik ez duen datu-multzoa aztertu du, Nekazaritza Ministerioak Espainiako hainbat tokitan kokatutako 25 hektareako 12.300 lursail iraunkorren urteko jarraipena eginez plazaratu duen Laboreen Gainazalei eta Etekinei buruzko Inkestaren (ESYRCE) emaitzetatik abiatuta. Aztertutako datuak 2001etik 2019ra bitartekoak dira.

“Biodibertsitatearen kontserbazioa eta laboreen produktibitatea bateraezinak direla dirudien arren, nekazaritza-paisaiek aukera garrantzitsuak eskaintzen dituzte biodibertsitatea babestutako eremu tradizionaletatik kanpo kontserbatu ahal izateko”, azaldu du Ainhoa Magrach BC3ko Ikerbasque ikertzaileak. Datu hauetan oinarrituta, taldeak argi utzi du balizko zenbait estrategia sinergiko onuragarriak direla biodibertsitatea kontserbatzeko zein laboreen errendimendua areagotzeko.

Azkenaldiko ikerketek frogatu dutenez, nekazaritza intentsiboari lotutako jardunbide batzuek, soroen tamaina handitzea eta laboreen aniztasuna murriztea kasu, eragin negatiboa dute biodibertsitatearen gainean. Gainera, besterik pentsa daitekeen arren, jardunbide horiek produktibitate txikiagoa emango lukete. “Egiaztatu dugunez, laboreen aniztasunik handiena eta soroen tamainarik txikiena dituzten nekazaritzapaisaiek ekoizpen handiagoa izan ohi dute, bereziki polinizatzaileen mende dauden laboreetan”, nabarmendu du Bartomeusek, Doñanako Estazio Biologikoko (CSIC) ikertzaileak. “Izan ere, lurra lantzeko aniztasun eta jardunbide mota gehiago aplikatzeak aurrera egiten laguntzen die intsektu onuragarrien populazioei”.

Fruituak ekoizteko labore askorentzat ezinbestekoak diren organismo hauek baldintza desberdinak bete behar dituzte bizialdi osoan zehar. Ondorioz, badirudi laboreen heterogeneotasun handia duten paisaiak onuragarriak direla baliabideen erabilgarritasunari dagokionez, eta horren harira, onuragarriak izan daitezkeela nekazaritza-ekoizpenen errendimenduari dagokionez ere. Kasu askotan, soroen tamaina murriztuz, belar-eremuen eta heskaien dentsitatea handitzen da, basoko polinizatzaile garrantzitsuenetako askoren habitata hobetuz. Are gehiago, laborantza-soro txikienak onuragarriak izango lirateke polinizatzaileek laborantzaeremuetatik elikatzeko duten gaitasuna hobetzeko, izan ere soroetatik kanpo kokatutako habietarainoko distantziak laburragoak dira.

“Datu errealetan oinarrituta biodibertsitateak Espainia mailako laboreen ekoizpena hobetzen lagun dezakeela iradokitzen duten emaitza esperimentalen ildotik, atea ireki diogu elikagaiak landatzeko erabiltzen dugun modua aldatzeko aukerari, nekazaritza jasangarriago baterako trantsizioa erraztuz”, adierazi du Bartomeusek. Ikerketa hau lagungarria izan liteke administrazio mailako neurriak hobetzeko; adibidez, Europar Batasunak Nekazaritza Politika Bateratuaren (NPB) bidez bultzatzen dituenak, laborantza-eremuen tamaina handitzeko eta errendimenduaren kaltekoak ez diren kontserbazio-jardunbideak sustatzeko, nekazaritza-paisaietako soroen tamaina murriztu eta laboreen aniztasuna areagotzea kasu. “Ikerketa honek frogatu duenez, garrantzitsua da nekazaritza-prozesuak zehatz-mehatz neurtzea, sentipenez fidatu gabe, izan ere, datuak lagungarriak izan daitezke etorkizunean erabili beharreko estrategiak erabakitzeko”, ziurtatu du Magrachek.

Partekatu

Beste berri batzuk