Imanol Rego, Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente berria

Agentziako Zuzendaritza Batzordeko kidea da 2022ko irailetik. Industria‑ingeniaria da, Lovainako Unibertsitatean eta Harvard eta Singapurreko CCL negozio‑eskoletan trebatua, eta ibilbide profesional zabala du industriari, teknologiari eta kanpo-merkatuari lotuta
Manuel Salaverriaren lekukoa hartu du. Salaverriak euskal ekosistema publiko‑pribatuaren balioa sustatzen jakin du, Euskadi garatzeko bide estrategiko gisa
Irizar Taldeko egungo zuzendari nagusi Imanol Riego Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziako bosgarren presidentea izango da. Hala onetsi du gaur goizean Zuzendaritza Batzordeko kideak aho batez, ezohiko batzarrean bilduta. Imanol Regok 2017tik Agentziako presidente izan den Manuel Salaverriaren lekukoa hartu du.
Imanol Rego Iturralde Berrikuntzaren Euskal Agentziako presidente izendatu ostean, kargua uzten duen presidentea, Manuel Salaverria, Batzordeari mintzatu zaio laburki, elkarrekin egindako bidaian emandako babesa eskertzeko, eta harro dagoela adierazi du. “Guztiok, Innobasquek, bere 900 erakunde bazkide publiko eta pribatu baino gehiagok, berrikuntzaren euskal ekosistemak eta, oro har, euskal gizarteak, lan nekaezina egin dugu Euskadiko berrikuntzaren alde”.
Agur esan aurretik, Salaverria presidente hautatu berriari mintzatu zaio: “Imanol, erronka handia duzu aurretik. Trantsizio sakonak eta erradikalak; geoestrategikoki nahasia den mundu bat; eta herrialde bat, Euskadi, balio eta ahalmen itzelekin eta, aldi berean, ahulezia handiekin, horietako batzuk egiturazkoak. Horiek izango dira zure inguruneko baldintzak. Baina ziur nago Innobasquek talentua eta energia duela Euskadin berrikuntza bultzatzeko eragile nagusia izaten jarraitzeko”.
Imanol Rego
Berrikuntzaren Euskal Agentziako bosgarren presidente Imanol Regok kargua bere gain hartu du, “Manuel Salaverriaren lekukoa hartzeko ohorearekin, Innobasqueren ikuspegia finkatu den etapa gako baten ondoren: berrikuntzaren euskal ekosistemaren bidez Euskadi Europa mailan Berrikuntzaren lider diren eskualdeen ligan jokatzea. Aurrerapen hori posible izan da pertsona eta eragile askoren konpromisoari esker, berrikuntza Euskadirentzat lehiakortasunaren eta aurrerabidearen eragilea izan dadin lan egin baitute”.
Innobasqueko presidente berriak ere adierazi du “une historiko hain garrantzitsu honetan Salaverriaren lanarekin jarraitzeko ilusioa” duela. “Inflexio‑puntu batean gaude, arreta berezia eskatzen duten hainbat faktorerekin: berregituratze geopolitikoa eta deskarbonizazioa, trantsizio energetikoa, iraultza teknologikoa eta erronka soziodemografikoa. Gure enpresa- eta industria‑ehunaren jasangarritasuna bermatzeko, beharrezkoa izango da ikuspegi estrategikoa eta etengabe aldatzen ari den munduan talentua erakartzeko, fidelizatzeko gaitasuna izatea”, nabarmendu du.