Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta hiru Foru Aldundiek Fudike enpresari eman diote “Enpresa Digitala” lehen saria

Bizkaia

• “Enpresa Digitala” sariak ematen zaizkie 2009an zehar Informazio eta Komunikazio Teknologiak (IKT) sartzeko proiektuak bultzatzeagatik eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko IKTen praktika onak garatzeagatik nabarmendu diren euskal enpresei.
• Praktika onenak garatu dituzten lurralde bakoitzeko enpresak Internacional de Productos Metálicos (Araba), Consultoría Lumínica (Bizkaia) eta Saludnova (Gipuzkoa) izan dira.
• Alex Rovirak hitzaldi bat eskaini du krisia nola gainditu, krisiari nola aurre egin eta krisitik nola ikasi azaltzeko.

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak eta 3 Foru Aldundiek saria eman diete 2009an zehar Informazio eta Komunikazio Teknologia Berriekin lotutako proiektuak bultzatzeagatik eta lehiakortasuna hobetzeko IKTen praktika onak garatzeagatik nabarmendu diren euskal enpresei. Horrela bada, Fudike enpresak irabazi du Enpresa Digitala Sarien VII. Edizioko sari garrantzitsuena, Euskadiko enpresa onena izendatu dutelarik. Horrez gain, 12 finalisten artetik lurralde historiko bakoitzeko proiekturik onena ere saritu da. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundiek Internacional de Productos Metálicos, Consultoría Lumínica eta Saludnova saritu dituzte hurrenez hurren.

ETEetan IKTak sartzea helburu duten 1.500 proiektu baino gehiago aurkeztu dira Euskadiko Informazio Gizartea garatzeko laguntza programetara eta 1.500 proiektu horietatik aukeratu dira 12 finalistak.
Bernabé Undak Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburuak zuzendu du Arabako Teknologi Elkartegian ospatutako ekitaldia, eta alboan izan ditu Arantza Zenarruzabeitia, Arabako Foru Aldundiko Berrikuntzaren eta Ekonomi Sustapenaren Saileko diputatua, Izaskun Artetxe, Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Lehiakortasuna Bultzatzeko zuzendari nagusia, Angel Irastorza, Gipuzkoako Foru Aldundiko Informazio Gizarterako Sistemen zuzendari nagusia eta Tomás Orbea, SPRIko zuzendaria.

Sari-banaketaren ondoren, Alex Rovirak (La Buena Suerte liburuaren egileetako bat eta La Buena Crisis argitalpenaren autorea) hitzaldi bat eman du krisi ekonomikoari nola aurre egin, krisia nola gainditu eta krisitik nola ikasi azaltzeko. Funtsean, ideia batzuk eman ditu krisia aukera bihurtzeko. Rovira irakaslea eta aholkularia da enpresa munduan, bezeroa ulertzeko, lider izateko eta lantaldeak kudeatzeko eremuetan.

Enpresa irabazleak

Fudike enpresarentzat izan da EAEko proiektu onenaren saria. Enpresako prozesu guztiak barne hartzen dituen kudeaketa sistema integratu bat (ERP) ezarri du eta sistema horrek eragin handia izan du enpresaren funtzionamenduan, lehen eskuz egiten zirelako fakturazioa, erosketak, salmentak eta biltegiko kudeaketa. Sistema integratu horri esker, prozesu guztiak informatizatu dira eta, gainera, proiektuaren barruan teknologia berriak izango duen eragina ebaluatzeko sistema bat ere garatu dute. Fudike enpresak altzairu herdoilezinezko piezak urtzen ditu. Duela 150 urte baino gehiago sortu zen eta 37 langile dauzka. ERPa ezarri ondoren, enpresak modernizatu egin ditu azpiegiturak eta prozesuak, jarduera integratu eta planifikatua lortzeko eta lehiakortasuna nabarmen hobetzeko.

Araba. Internacional de Productos Metálicos. Biltegia kudeatzeko tresna bat ezarri du, hainbat hardware elementu barne hartzen dituena. Hardware elementu horiei esker, kudeaketa osoa in situ egin daiteke biltegian bertan, eta gainera kudeaketako softwarean erregistratuta geratzen da.

Bizkaia. Consultoría Lumínica. Energi eraginkortasuna lortzeko aplikazio bat garatu du udalerrientzat. Aplikazio horrek argiketako datu erreal guztiak biltzen eta aztertzen ditu, udalerrien beharrizanetara egokitutako konponbide bideragarriak eskaintzeko.

Gipuzkoa. Saludnova enpresak martxan jarri duen intranet sistemaren bidez gaixoen eta medikuen kudeaketa egiten da, espezialistek gaixoen aurrerapenak monitorizatu ditzaten. Senideek estranet bat dute, non denetarik kontsulta baitezakete, eta alerta zerbitzu bat eta kontsultak gogorarazteko abisuak ere bai.

Arabako Finalistak

Grupo Gráfico Norte Cuatro Más Cuatro inprentak proiektu bat aurkeztu du erreprografia zerbitzu guztiak bere web orriaren bitartez (www.4mas4.com) eskaintzeko. Webaren bidez artxiboak bidal daitezke eta inprimaketaren parametro guztiak konfiguratu.

Schools Courses prestakuntza-enpresak ikasleak eta irakasleak kudeatzeko intranet sistema bat garatu du. Intranet horren bitartez eskolak eta kalifikazioak ikus daitezke, apunteak eta dokumentazioa lortu edota zentroko edozein tramite egin.

Evagraf enpresak arte grafikoetako ERP bat (Kudeaketa Sistema Integratua) ezarri du sektorerako egokitzapen bereziekin. Ezarpena integral bat da, enpresako sail guztiak barne hartzen dituena: salmentak, eskaintzak, kontabilitatea, eskaerak, biltegia, etab.

Bizkaiko finalistak

Cafés El Abra enpresak bere bezeroak kontrolatzeko eta haien gogobetetze maila neurtzeko proiektu bat gauzatu du PDA motako gailuak erabiliz, zeintzuk denbora errealean konektatzen baitira enpresako informazio sistemarekin.

Ukalondo 2000-k lorategiak toki zehatz batean egon beharrik gabe kontrolatu eta kudeatzeko aplikazio berri bat instalatu du. PDAk erabiliz, udalerri bateko lorategiak ikusi eta aldatu daitezke eta baita ere eguneratu.

José Muñoz Martin onlineko denda bat da, ez dauka denda fisikorik eta batez ere diseinu grafikoko liburuak saltzen ditu. www.amlibros.com

Gipuzkoako finalistak

Sagarteka euskal sagardoa saltzen duen denda birtual bat da, non bezeroak, eskaerak eta abar erregistratzen baitira. www.sagardodenda.com

Txoperhead-k motorrak eraiki eta eraldatzen ditu. Web proiektu bat garatu eta Interneten hedatu du, posizionamendu egokia lortuz bilatzaile nagusietan. www.txoperhead.com

Hainbat bideo egin dira 12 praktika on horien laburpenekin eta ikusgai egongo dira www.euskadinnova.net berrikuntzaren atariko “Enpresa Digitala” atalean.

Partekatu

Beste berri batzuk