Industria Sailak 60 euskal enpresa elkartu ditu negozio aukerak bilatzeko Indiako burdinbideen sektorean.

Araba

Indiako Gobernuak milioi asko inbertituko ditu burdinbideen sektorean 2012tik 2017ra bitartean. Soilik ekitaldi honetan 9.700 milioi euro inbertitu nahi dituzte linea berriak egiteko edo lehendik zeudenak berritzeko. Jardunaldiaren helburua da laguntasuna ematea burdinbideen sektorea hornitzen duten euskal enpresei Indiako enpresa publiko nagusienganaino irits daitezen. 2006tik hona, India haziz joan da euskal esportazioak hartzen dituzten herrialdeen zerrendan, eta 2010ean lehenengo 20ren artean sartu zen.

Eusko Jaurlaritza, 22/02/2012

Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak burdinbideen sektorea hornitzen duten 60 enpresa inguru eta Indiako lau enpresa publiko elkartu ditu Bilbon SPRIren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) bitartez, aukera emateko euskal enpresariei Indiak burdinbide eta metro sareetan egingo dituen milioi askoko inbertsioen zati bat eskuratzeko. Datorren martxoaren 19an, Patxi Lopez Lehendakaria eta Bernabe Unda sailburua Eusko Jaurlaritzaren Indiarako enpresa- eta erakunde-misio baten buru izango dira eta Bonbai, Pune, Delhi Berria eta Bangalore hiriak bisitatuko dituzte. Lehendakariak eta Industria sailburuak Merkataritza Ganberetako ordezkariekin eta enpresekin batera bidaiatuko dute Indiara, alegia, munduko laugarren ekonomia handienera eta 2015erako hirugarren postura iritsiko omen dena.

Partekatu

Beste berri batzuk