Industria Sailak berritzen lagundu die ia 4.800 langile dituzten 192 euskal enpresari
SPRI Taldeak kudeatutako +Innova programak 192 euskal enpresarentzako laguntzak onartu ditu ekitaldi honetan eta laguntza horiek 6,35 milioi euro mobilizatu dituzte. Programaren bi deialdi gelditzen dira oraindik eta eskaerak gero eta ugariagoak dira, bai +Innova Ibilbideak ildoan (325 aurten, 165 2011n) eta bai +Innova Berrikuntza Proiektuak ildoan (69 aurten, 57 aurreko ekitaldian). Bestalde, hazi egin da +Innova Ibilbideak programan zerbitzuak ematen dituzten berrikuntza arloko aholkulari adituen kopurua. Aurten 14 gehiago atxiki zaizkio proiektuari eta orain 394 dira guztira.
4.778 langile enplegatzen dituzten 192 enpresak 1,4 milioi eurotik gorako laguntzak jaso dituzte berrikuntzarako 2012. urtean. Guztira 187 proiektu dira, 6,35 milioi euroko inbertsioa mobilizatuko dutenak. Horixe da SPRI Taldeak -enpresa sareari laguntzen dion Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko sozietate publikoen multzoak- kudeatzen duen +Innova programaren orain arteko balantzea. Programa oraindik zabalik dago eta beste bi deialdi egingo ditu 2012. urtean zehar.
2012ko ekitaldi honetan eta +Innova Ibilbideak ildoari dagokionean, jaso dira jada ibilbidea definitzeko 56 eskaera, 245 berrikuntza proiektu eta ibilbidea berrikusteko beste 24; iaz, aldiz, 45, 107 eta 13 izan ziren. Hau da, iaz hiru arlo horietan jaso zirenak baino 160 gehiago. Horietatik guztietatik 161 onartu dira, eta enpresa bakoitzeko batez bestekoa 20 langilekoa da. Aipatzekoa da euskal enpresa txikiek gero eta interes handiagoa erakusten dutela plangintzarekiko eta batez ere enpresa barnean produktu, prozesu, merkatu eta antolakuntza arloetako proiektuak egiteko.
Bestalde, orain arte +Innova Proiektuak ildoan Berrikuntza Bikaineko 69 proiektu aurkeztu dira iazko ekitaldiko 57en aldean. 24 izan dira onartuak, gehienak industria arlokoak (%87) eta gainerakoak horiekin lotutako zerbitzuetakoak. Oso positiboa da enpresen %75 enpresa ertaina edo txikia izatea (25-150 langile bitartekoa) eta enpresa horiek bikaintasun programa bat aukeratzea. Aipatzekoa da baita ere krisiak aurrera egin ahala, enpresek gero eta gehiago eskatzen dituztela antolakuntzako proiektuak garatzeko laguntzak beren erakundea berritzaileago egiteko. Hala, agerian geratu da euskal ETE txiki eta ertainek dinamismo handia dutela eta Eusko Jaurlaritzak berrikuntzaren erronkari aurre egiteko eskaintzen dituen laguntzekiko interesa dutela.
+Innova programa
+Innova programak euskal enpresen berrikuntza babesten du. Helburu horrekin, SPRIk plangintza osatzeko eta berrikuntza proiektuak exekutatzeko metodologia bat eskaintzen du +Innova Ibilbideak ildoaren barruan, eta neurriko laguntza pertsonalizatua, Berrikuntza Bikaineko Proiektuak egin nahi dituzten enpresen kasuan.
+Innova Ibilbideak ildoak ETEen berrikuntza ibilbidea definitzeko eta ibilbide horretatik eratorritako proiektuak gauzatzeko laguntzak ematen ditu. Ildo horren barruan baita ere eskaintzen dira metodologia bat, ad hoc eginiko plataforma informatiko bat eta aholkulari erregistro bat, zeintzuek programarako zerbitzuak ematen baitituzte eta bertan parte hartuz garatzen baitute beren eskaintza.
+Innova Berrikuntza Bikaineko Proiektuak izeneko bigarren ildoa ez da bakarrik ETEentzat, nahiz eta egia den ETEek laguntza gehiago jasotzen dutela. Hala, bigarren ildo honek enpresa guztietako proiektu berritzaileak bultzatzen ditu merkatu eta antolakuntza arloetan eta enpresaren estrategia birplanteatzeari dagokionean. Proiektu horiek gainera enpresa osoan izan behar dute eragina.
Ildo honen barruan, enpresak mundu osoko profesional onenak bila ditzake bere berrikuntza bikaineko proiektuak garatzeko. Eta Compite programarekin gertatzen den bezala (SPRIrena hau ere), hemen ere proiektuek enpresak aurretik eginiko gogoeta estrategiko baten emaitza izan behar dute, eta gogoeta hori Ibilbidetik, Berrikuntza Plan batetik edo Plan Estrategiko batetik ateratakoa izan liteke.
+Innova programak euskal enpresen, funtsean ETEen, esku jarriko ditu krisiari aurre egiteko, lehiatzeko eta Euskadi merkatu globalean indarrez kokatzeko behar diren tresnak. Helburua da ETEek diseinu eta inplementazio proiektuak gauza ditzatela arlo guztietan, hots, Berrikuntza Bikaineko proiektuak egin ditzatela antolakuntza, merkatu edo estrategiaren birplanteatze arloetan, SPRIren metodologian oinarrituz eta erregistratutako aholkularien laguntzarekin edo enpresak berak aurretik eginiko planifikazio baten arabera eta berak aukeratutako profesionalekin. Ekintza horiek enpresen gaitasun berritzailea handitzen dute, berrikuntza ezinbesteko faktorea baita merkatuen osaera berriak eskaintzen dituen aukerak aprobetxatzeko.