Industria Sailak eta Mondragon Korporazioak lankidetza hitzarmen bat sinatu dute 2010-2013 aldirako

Bizkaia

Eusko Jaurlaritzaren Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Bernabé Unda sailburuak ordezkatuta, eta Mondragon Korporazioak, Kontseilu Orokorreko presidente José María Aldecoa jaunak ordezkatuta, Lankidetza Hitzarmen bat sinatu dute gaur 2010-2013 aldirako. Hitzarmenak honako bost jardun-arlo hauek biltzen ditu: Informazioa eta Komunikazioa, Ekintzailetza, Enpresa Garapena, Teknologia eta Berrikuntza, eta Nazioartekotzea.

Akordioak lankidetza publiko/pribatuaren garrantzia azpimarratu du, eta bi alderdiek Sailaren Jardun Planetan ezarritako helburuak betetzeko Mondragonen parte hartzea hobea eta eraginkorragoa egiteko asmoa duen lankidetza-eredu bati eusteko borondatea dutela berretsi du. Aldi berean, Sailaren politikek, tresnek eta baliabideek Mondragonen enpresa-helburuetan laguntzea ahalbidetzeko asmoa du, euskal industria-sarearen lehiakortasuna hobetzea sustatuz. Akordio honen erreferentzia-esparruak 2008-2010 aldirako sinatutako aurreko Hitzarmena eta Sailaren jardun Plan berriak dira: 2010-2013 aldirako Lehiakortasun Plan berria, egun lantzen ari direna, eta Zientzia eta Teknologia Plan berria, 2010. urtean zehar egingo dena.

Era berean, merkatuaren egoera berrira egokitzen saiatzen da, ekonomia garatu nagusiak kaltetu dituen eta Sailaren eta Mondragonen politiketan eta estrategietan eragina izan duen krisialdi sakona izanik egoera horren ezaugarri nagusia. Alderdiek aski ongi dakizkite nazioarteko testuinguru berriak eskaintzen dituen aukerak eta mehatxuak, eta horrek dakartzan erronkak bere gain hartu dituzte, Euskal Autonomia Erkidegoaren garapenerako funtsezko motor gisa ikusten duten industria-jarduerari eustearen alde daudela irmo adieraziz.

Jardun-arloak

2010-2013 aldirako Hitzarmen berriak aurreko bost lankidetza-arloei eusten die:

• Informazio eta Komunikazioa, ekonomiaren eta enpresaren arloko informazio-trukea ahalbidetuta.
• Ekintzailetza, jardun-eremu nagusiak honako hauek izanik: Mondragon Unibertsitatea, Saiolan enpresa-proiektuen haztegia, Sustapen Zentro Korporatiboa, eta Sustapen Unitate Dibisionalak, Mondragonen Berrikuntza, Sustapen eta Jakintza Sisteman bilduak.
• Enpresa-garapena, non enpresa eragileen, enpresa-jarduera berrien, Garaia Berrikuntza Gunearen, enpresa-parkeen, logistikaren eta diru publiko/pribatuko inbertsio-fondoen garapenarekin lotutako ildoez gain, lankidetza egungo enpresa-sareari eusteko eta lehiakortasun-egoera berrietara egokitutako enpresa-eredu berri bat sortzeko jardunetara zabaltzen den orain. Testuinguru horretan, Mondragonek modu aktiboan parte hartuko du Sailak egiten duen Lehiakortasun Plan berriaren egikaritzean.
• Teknologia eta Berrikuntza, 2010ean Eusko Jaurlaritzak Zientzia eta Teknologia Plan bat aterako du, eta Mondragonek bertan parte hartzeko konpromisoa hartu du, plana egiteko fasean nahiz egikaritzean. Arlo honen edukiak Plan horretan ezarritakora egokituko dira, baita Mondragonen 2009-2012 aldirako Zientzia eta Teknologia Planean adierazitakora ere.
• Nazioartekotzea, bi alderdiek globalizazio-prozesuari bermeekin aurre egiteko funtsezko lehiakortasun-faktore gisa ikusten dute. Enpresen nazioartekotzea sustatuko da bi alderdien kanpo-sareen arteko lankidetza bultzatuta, merkatuek gomendatzen dituzten ezarpenak bultzatuta, merkatu konplexuetan sartzeko elkarren artean lagunduta, eta proiektu eragile nagusien egikaritzean parte hartuta.

2010erako helburuak

2010. urte honi dagokionez, akordioak honako helburu hauek betetzea aurreikusi du:

 Informazioaren eta Komunikazioaren arloan: Mondragonen bilakaeraren jarraipenean lan egingo da, Sailaren aurreikuspen ekonomikoetan eta finantza-aurreikuspenetan, eta Eusko Jaurlaritzak aurreikusitako programen garapenean, Lehiakortasun Planari eta Zientzia eta Teknologia Planari dagokionez.
 Ekintzailetzaren arloan: elkarren arteko lankidetza aurreikusten da, Mondragonen Berrikuntza, Sustapen eta Jakintza Sistemaren ezarpen-prozesuan, eta Sustapen Zentro Korporatiboak eta Zentro Dibisionalek bideratutako proiektuen egikaritzean. Era berean, Garaia Gunean Saiolan ezartzea eta Saiolanen egiturazko Finantza Hitzarmenarekin jarraitzea aurreikusten da.
 Enpresa-garapenaren arloan: kooperatiba batzuen proiektu estrategikoen eta jada funtzionamenduan dauden partekatutako inbertsio-fondoen jarraipena, eta baterako finantza-plataforma berrien azterketa. Era berean, Garaia Berrikuntza Gunea sustatzen jarraitzea aurreikusi da. Halaber, enpresa-proiektu berri esanguratsuenak aztertzea eta Korporazioaren enpresa eragileekin lotutako Parke Teknologiko berriak garatzea aurreikusi da.
 Teknologiaren eta Berrikuntzaren arloan: Eusko Jaurlaritzaren 2010. urterako programetan Mondragonen presentzia aktiboa proposatzen da, aldi berean Europako Plataforma Teknologikoetan EAEko bestelako berrikuntza-eragileekin batera parte hartzea sustatuta. Era berean, Berrikuntzako Euskal Sistemako talde eragile gisa Mondragonen presentzia sustatuko da, eta baterako lankidetza egingo da B+G-ko unitateen eta zentro teknologikoen sortzean eta zuzkiduran. Lankidetza hori Sailaren Lehiakortasun Planaren eta Zientzia eta Teknologia Planaren prestakuntzara eta egikaritzera ere zabalduko da.
 Nazioartekotzearen arloan, lankidetza honako lau arlo nagusi hauetara zabalduko da: kanpo-sareak, Enpresa Parkeen sorrera erreferentziazko herrialdeetan, Mondragonek Txinan, Indian eta Errusian dituen Erosketa Bulegoetako zerbitzuak beste enpresa batzuei eskaintzea, eta, azkenik, azpiegituren eremuan eragiteko gaitasuna duten proiektuak egitea.

Jarraipen Batzordea

Hitzarmenaren jarraipena eta kontrola sinatzaileen ardura izango da; horretarako, Osoko Mahai bat eta Jarraipen Batzorde bat eratuko dira. Osoko Mahaiaren buruak Bernabé Unda eta José Mª Aldecoa izango dira, urtean behin bilduko da, eta Sailaren goi-mailako ordezkariek eta Korporazioko zuzendariek osatuko dute. Mahaiak izendatuko ditu Jarraipen Batzordeko arduradunak; Batzordea alderdi bakoitzeko lau kidek osatuko dute, eta urtean lau aldiz bilduko da, lan-saioetan.

Partekatu

Beste berri batzuk