Iñigo Urkullu Lehendakariak Tekniker bisitatu du bere 40. urtemuga dela eta

Albisteak, Gipuzkoa

Zentro teknologikoak lau hamarkada daramatza euskal industria-sarearen hazkunde ekonomikoa helburu eta irismen sozialarekin bultzatzeko soluzio teknologikoak garatzen gako eragile gisa

Trantsizio energetikoa, fabrikazio adimentsua eta digitala eta Covid ondorengo gizarteak izango dituen erronkak erabakigarriak izango dira bere jardueraren datozen hilabeteetan

Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburua, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Jon Iraola Eibarko alkatea ere izan dira gaur oroitzapen-ekitaldian

Iñigo Urkullu lehendakariak Tekniker zentro teknologikoaren instalazioak bisitatu ditu gaur Eibarren (Gipuzkoa), 40. urtemuga dela eta. Lau hamarkada horietan, BRTAren (Basque and Research Technology Alliance) kide den zentroa euskal lurraldeko I+G+B arloko eragile gako gisa finkatu da, lankidetza eta hurbiltasuna bere jardueraren oinarritzat hartuta.

Bisita amaitzeko, ekitaldi ofizial bat egin da zentro teknologikoko auditorioan. Ekitaldian, Lehendakariak, Luis Uriarte Teknikerreko egungo zuzendari nagusiak eta Jesús Iriondo Teknikerreko lehendakariak hartu dute parte eta Alex Bengoa zentroko aurreko zuzendari nagusia gogoratu dute, duela gutxi hil dena.

“Duela 40 urte, Tekniker laborategi metalurgiko gisa sortu zen inguruko enpresen beharrei aurre egiteko, eta denbora horretan guztian eutsi egin diegu nortasun horri eta irizpide berberei euskal industria-sarearen erronkei erantzuteko, haren hazkunde ekonomikoa helburu eta irismen sozialarekin bultzatzeko, eta Europako eta nazioarteko merkatura ere zabaltzeko”, azpimarratu du Luis Uriartek lehendakariaren aurrean.

Zentroaren espezializazio teknologikoaren bilakaera eta haren teknologia garatu eta aplikatzeko aukera ematen duen ekipamendu berezi guztia, hamarkada horietan, gizarteak planteatzen dituen erronken zerbitzura egon dela eta egoten jarraituko duela erakusteko eta egiaztatzeko balio izan du ekitaldiak.

“Teknikerren ezagutza, esperientzia eta gaitasunak izatea funtsezkoa da Euskadi nazioarteko abangoardia teknologikoan kokatzeko, gure enpresen lehiakortasuna indartzeko eta industriaren digitalizazioan eta jasangarritasunaren hobekuntzan aurrera egiteko”, nabarmendu da esku-hartzeetan.

Izan ere, 2022rako, Teknikerren jardueraren zati handi bat fabrikazio aurreratuko teknologien, gainazalen ingeniaritzaren eta IKTen ezagutzan sakontzen jarraitzera bideratuta egongo da, energia-trantsizioari, fabrikazio adimentsu eta digitalari eta Covid ondorengo gizarteak dituen osasun-erronkei laguntzeko.

Teknikerrek lurraldeko enpresekin duen harremana areagotzeko ere lan egingo du 2022an, hain zuzen ere “Erakunde kolaboratzaileak” izeneko figuraren bidez. Figura horren bidez, harreman egonkorrak bultzatu nahi dira, inpaktu handiagoko harreman estrategikoa ahalbidetzeko; zentroaren eskaintza teknologikoa industria-sare osora eta, bereziki, ETEetara hurbiltzeko ekintza espezifikoak egingo dira; eta gainerako teknologia- eta ikerketa-zentroekin eta administrazio publikoekin lankidetzan arituko da, batez ere BRTA aliantzak sortutako esparruan.

“Teknikerren uste sendoa dugu I+G+B suspertzeko palanka izango dela, eta horregatik jarraitu nahi dugu ideia hori indartzen lagunduko duten teknologia-dibulgazioaren arloko zuzeneko ekintzekin lan egiten”, gaineratu du Jesús Iriondok.

Ekitaldiak, gainera, zentroaren 2021eko emaitza nagusiak berrikusteko ere balio izan du: 23 milioi eurotik gorako fakturazioa eta 290 langile plantillan.

Laserretik gainazaletara

Teknikerren instalazioetara egindako bisitan, Lehendakariak zentroko laborategi garrantzitsuenetariko batzuk bisitatu ditu, laser-teknologia, ikuskapen- eta neurketa-soluzioak, automatizazioa eta robotika edo azalera-ingeniaritza arloetan egiten dituen jarduerak hurbiletik ezagutzeko.

Lehen geldialdia Laser Manufacturing Lab-en egin du. David Gómez laborategiko zuzendariak laser-teknologiak hainbat sektoretan eskaintzen dituen aukerak azaldu ditu, hala nola ontzigintzan edo aeronautikan, fabrikazioko, fabrikazio gehigarriko, materialen uzkurduren murrizketako eta prozesuen eraginkortasuna areagotzeko eraldaketa-bektore gisa.

Ondoren, Lehendakaria eta taldeko kideak muntaia-lantegira joan dira. Unai Mutilba Teknikerreko Ikuskapen eta Neurketa soluzioen koordinatzaileak Zayer fabrikatzaileak ikerketa-proiektuetan aurrera egiteko utzitako makina-erreminta berritzaile bat aurkeztu du, eta benetako makina erabili izan du behar ziren analisiak egiteko. Lan-eremu horretako aurrerapen teknikoak makinaren dinamikaren eta doitasunaren analisian oinarritzen dira batez ere.

Automatizazio eta robotika industrialeko laborategian ere egin dute geldialdia. Eneko Ugalde Teknikerreko Sistema Autonomo eta Adimendunen zuzendariak azaldu du zer soluzio teknologikotan lan egiten duen zentroak arlo horretan; adibidez, energia berriztagarrien sektoreari aplikatutako ikuskapen- eta monitorizazio-plataforma bat, bin-picking aplikazioak (piezak makinaz elikatzea, eskaerak prestatzea, eskaerak itzultzeko antolatzea, etab.). eta pertsonaren eta makinaren arteko elkarreraginerako hainbat modu (ahotsa, keinuak, etab.).

Ibilbidea gainazalen ingeniaritza-laborategian amaitu da. Estibaliz Aranzabe zentro teknologikoko Gainazalen Kimikako zuzendariak, “gainazal multifuntzionalak” erakutsi ditu (bakterioen aurkakoak, birusen aurkakoak, superhidrofobikoak…), askotariko aplikazioak dituztenak: osasun-sektorean, energia-eraginkortasunaren hobekuntzan edo egunero erabiltzen diren elementuetan, esaterako harrasketan, ura azkarrago husteko. Hori guztia kontzeptu integral batetik jorratuta: “laborategitik industriara”, estaldurak laborategian sortuz, eta mailarik gorenera eta aplikazio errealeko produkziora eramanez.

Iñigo Urkullu lehendakariari Luis Uriarte Teknikerreko zuzendari nagusiak eta Jesús Iriondo Teknikerreko lehendakariak lagundu diote bisitan; eta baita bertan izan diren gainerako agintariek ere: Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak, Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak, Jon Iraola Eibarko alkateak, Eva Ferreira EHUko errektoreak eta Jabier Larrañaga Gipuzkoako Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko foru-diputatuak, besteak beste.

Partekatu

Beste berri batzuk