Innobasqueren Batzar Nagusiak 2026-2030 Plan Estrategikoa onartu du, euskadin inpaktu handiko berrikuntza sortzen laguntzeko
Berrikuntzaren Euskal Agentziaren oinarria osatzen duten 900 entitateetako ordezkariek ahobatezko babesa eman diote bide-orri berriari. Inpaktu handiko berrikuntza bultzatzea da Plan Estrategiko berriaren xedea, horren bidez Euskadiren lehiakortasuna sendotzeko, kalitatezko enplegua sortzeko, berrikuntzaren euskal ekosistema indartzeko eta etorkizuneko erronka berrien aurrean entitate bazkideak prestatzeko
Innobasquek, Berrikuntzaren Euskal Agentziak, bere XIX. Batzar Nagusia egin du eta bertan elkartu dira Agentziaren oinarria osatzen duten entitateetako ordezkariak. Gaur egun, 900 baino gehiago dira Innobasqueko bazkideak: enpresak, administrazio publikoak, hezkuntzako eragileak, zientzia eta teknologia munduko entitateak, berrikuntza ekosistemako tarteko organismoak, entitate sozialak eta Euskadin berrikuntzari bultzada emateko konpromisoa duten pertsona esanguratsuak.
Batzarrean izan dira, orobat, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburua, Mikel Jauregi Letemendia, eta Berrikuntzaren Euskal Agentziako Zuzendaritza Batzordeko beste kide batzuk ere. Gaur egun, euskal berrikuntzaren esparru estrategiko nagusietako erreferentziazko 60 profesionalez osaturik dago zuzendaritza.
Batzar Nagusian bildutako ordezkariek eguneko gai-zerrendako puntu guztiak onartu dituzte aho batez, besteren artean 2025eko ekitaldiko urteko kontuak eta kudeaketa-txostena, Zuzendaritza Batzordearen eta Batzorde Eragilearen osaera, aurtengo aurrekontua eta entitate bazkideen 2026ko kuoten eguneratzea. Era berean, ontzat eman dute 2026-2030 Plan Estrategikoa martxan jartzea. Hain zuzen, bide-orri berri horrek gidatuko du Agentziaren jarduera datozen urteetan.
Herrialde mailako estrategiekin lerrokatutako plana, eta entitate bazkideekin elkarlanean eraikia
Innobasque, Berrikuntzaren Euskal Agentziaren 2026-2030 Plan Estrategiko berria etapa berri baten hasierako mugarria izango da. Funtsean, bi dira aurrera begirako etapa horren xede nagusiak: batetik, Euskadin berrikuntzaren inpaktua bultzatzea, bai ekonomian, bai gizartean eta bai ingurumenean, eta, bestetik, Agentziaren zeregina sendotzea Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sisteman, beti ere entitate bazkideak estrategiaren motor direla.