Irakurle hobeak bilaka gaitezke bideojokoei esker?
BCBL euskal ikerketa zentroko azterlan baten bidez irakurketarekin loturiko ikusmen eta arreta-gaitasunak probatu dituzte akzio jokoen jokalari esklusiboetan zein beste genero batzuetako gamer-etan
Esperimentuko datuak eye-tracking teknologiaren bitartez jaso dira, BCBLn baliatzen duten begiaren jarraipenerako teknika
Irakurketako errendimenduarekin loturiko funtzioetan inpaktu handia duten bideojokoak identifikatzea lagungarria izango da dislexia bezalako arazoak dituzten pertsonei zuzendutako joko espezifikoak garatzeko
Akziozko bideojokoak horrela definitu ohi dira: tiro-jokoak dira, lehen zein hirugarren pertsonan, eta erritmo azkar eta bizia dute ezaugarri. Kognizio-, hautemate- eta mugimen-arreta handia eskatzen dute pantailan, eta horixe da, hain zuzen ere, hainbeste ikerlanen ardatz izateko arrazoia.
Azterlan hauetako batzuek ondorioztatu dutenez, genero honetako gamer adituek irakurmenarekin lotutako funtzio eta gaitasun bisual hobeak dituzte. Izan ere, dislexia duten haurren irakurmena hobetze aldera, bideojoko hauek probatu izan dira.
Hala ere, lan zientifiko hauek ez zuten kontuan izan beste genero batzuetan jokalariek izan zezaketen esperientzia, abentura, kirola edo kotxe-lasterketetan oinarritutakoetan, esaterako. Mota hauetako jokoek akziozkoen antzeko elementuak dituzte.
Testuinguru honetan, Language, Cognition and Neuroscience zientzia-aldizkariak Basque Center on Cognition, Brain and Language (BCBL) zentroan aurrera eramandako azterlan berri baten emaitzak argitaratu ditu. Zentro honetan hiru talderen gaitasun bisuala eta irakurmena proban jarri ziren: talde bat akziozkio bideojokoetako jokalariek esklusiboki osatzen zuten, bigarrena, beste genero batzuetako gamer-ek eta, azkena, jokalariak ez ziren pertsonek.
Hiru taldeek parte hartu zuten ikerlanak Marie Lallier eta Maria Eleonora Minissi ditu buru, BCBLko ikertzailea eta, egun, Valentziako Unibertsitate Politeknikoko ikertzailea hurrenez hurren. Partaideek irakurketa ataza konbentzionalak zein aurreratuak egiten zituzten bitartean, begiaren jarraipenerako teknikaren bitartez, eye-tracking deritzona, emaitzak jasotzen zituzten BCBLko laborategietan.
Irakurtzen ari garenean egiten dugunaren antzekoa izan daitekeen ataza egitean, zehatzago esanda, ikur kate batean elementuak bisualki aurkitzean zetzan atazan, akziozko bideojokoetako jokalariek arreta funtzio bisualak besteek baino garatuago edukitzea espero genuen. Aitzitik, jokalari heterogeneoak izan ziren irakurmenean errendimendu hobea eta onura gehiago erakutsi zituztenak» nabarmendu du Marie Lallierrek.
Aldi berean, bideojokoetan jarduten ziren bi taldeek jokalariak ez zirenak baino emaitza hobeak erakutsi zituzten irakurketako ataza zailagoetan.
Haur dislexikoentzako bideojokoak
BCBLko adituaren hitzetan, ikerlanak hipotesi hau posibletzat hartzen du: akziozko bideojoko klasikoak irakurketako prozesuekin loturiko funtzio bisual nagusietarako onuragarriak izan ez ezik, baliteke bestelako genero askok ere efektu positibo potentzialak edukitzea.
Egitate honek etorkizuneko ikerketak genero bakarreko bideojokoetara ez mugatzeko atea irekitzen du, gai ezberdineko jokuek komunean dituzten eta gaitasun bisualari eragiten dioten ezaugarriak identifikatzea bilatuz.
«Irakurmenarekin lotutako sistema bisualeko prozesuan inpaktua eragiten duten ezaugarriak identifikatzea lortzen badugu, hauek bideojoko espezifikoak garatzeko balia litezke, dislexia bezalako arazoak dituzten haurrei zuzenduak, irakurketako errendimendua hobetzen laguntzeko», gaineratu du Lallierrek.
Bestalde, etorkizuneko ikerlanetan beste irizpide eta aldagai batzuk kontuan hartzeak, jokatzen emandako ordu kopurua esaterako, informazio konpletoagoa ekarriko du irakurketa prozesuetan bideojokoek izan ditzaketen onuren inguruan.
«Era honetan, frogatu ahal izango da indarkeriarik gabeko bideojokoetan zentzuzko ordu kopuruan zehar ibiltzeak ondorio positibo berdinak ekar ditzakeen», amaitu du adituak.
BCBLren ikerketa lan honek, Eusko Jaurlaritzak eta Ikerketako Estatu Agentziak finantzatua, 73 partaideren laguntza izan du.