Irango enbaxadoreak Bizkaiko Parkea bisitatu du

Bizkaia

Irango Errepublika Islamikoko enbaxadore Mohammad Hassanek iragan astean Euskadira egindako bisitaren barruan, Euskadiko Teknologia Parkeetako presidente José Miguel Corresekin bildu zen Bizkaiko Parkeko instalazioetan.

visita embajador Irán 005Bisitaldian, Parkeetako presidenteak aukera izan zuen enbaxadoreari erakusteko Parkeek gure inguruan duten garrantzia, euren bilakaera, egungo egoera eta etorkizuneko proiektuak. Bestalde, euskal enpresek Iranen dituzten negozio-aukerak aipatu zituen Hassanek: “Aukerak zabalik daude arlo guztietan, nuklearrean ere bai. Europako zenbait herrialdetako konpainia asko etorri zaizkigu, baina, zoritxarrez, Espainiatik bat ere ez”.

Gaur egun, Iran da Ekialde Ertaineko herrialderik populatuenetariko bat. Gutxi gorabehera 80 milioi biztanle ditu, gehienak gazteak eta ondo prestatuak (populazioaren bi heren baino gehiagok 30 urte baino gutxiago du). Irango langabezia-tasa %10ekoa da eta inflazioa, %16koa. Petrolioari zein gasari zor zaie bertako aberastasunaren erdia.

Atzerriko 400 konpainia inguruk zuzenean inbertitzen dute Iranen; eta dekretuz berezitzat hartzen diren arlotan, salbuespen fiskalak %80koak dira lau urtez. Gasaz eta petrolioaz gain, automozioa da bigarren industria eta 1,5 milioi auto ekoizten dira urtero.

Enbaxadoreak bi egun eman zituen euskal lurretan eta, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakariarekin, Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeríarekin eta Euskal Herriko Unibertsitateko errektore Iñaki Gorizelaiarekin bildu zen. Era berean, Enpresa Garapenerako Euskal Agentziak (Spri) antolatutako enpresen arteko topaketan parte hartu zuen.

Partekatu

Beste berri batzuk