Irudi biomedikoko ikerketak egiteko 900 m2-ko azpiegitura komunitate zientifikoaren zerbitzura

Albisteak, Gipuzkoa

Irudi preklinikoko eta nanomedikuntzako punta-puntako teknologia eta profesional adituak ditu CIC biomaGUNEko Irudi Molekular eta Funtzionaleko Plataformak

Plataforma diseinatuta dago patologia askorekin lotutako ikerketa-proiektu multimodalak eta luzetarakoak in vivo egiteko

CIC biomaGUNE ikerketa-zentro kooperatiboak biomaterialen punta-puntako ikerketan jarduten du, eta, besteak beste, Irudi Molekular eta Funtzionaleko Plataforma izeneko azpiegitura du. Komunitate zientifikoak aukera du plataformako azpiegiturez baliatzeko. Bioirudi bidezko ikerketak egiteko azpiegitura integratu bat da plataforma, 900 m2-ko azalera duena eta profesional adituek kudeatua; irudi preklinikoko azken belaunaldiko tresneria eskaintzen du, hala nola positroien emisio bidezko tomografia (PET), fotoi bakarraren emisio bidezko tomografia (SPECT), ordenagailu bidezko tomografia (CT), erresonantzia magnetiko bidezko irudia (MRI) eta irudi optikoa. Horrez gainera, erradiokimikako laborategi bat dauka, hauez hornituta dagoena: ziklotroi biomediko bat, ekipamendu mikroskopiko aurreratua eta karraskari txikientzako animaliategi bat —Laborategiko Animalien Zaintza Ebaluatzeko eta Ziurtatzeko Elkartearen (AAALAC) ziurtagiria duena—.

Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak irudi biomedikoko Azpiegitura Zientifiko eta Teknologiko Berezi (ICTS) gisa aitortu du CIC biomaGUNEko Irudi Molekular eta Funtzionalaren Plataforma; izan ere, irudi molekular eta funtzionalaren eta nanomedikuntzaren arloan ikerketa-proiektu berritzaileak garatzeko diseinatu da, eta prest dago estatuko edo nazioarteko ikerketa-talde edo enpresekin lankidetzan jarduteko, proiektu prekliniko multimodal eta luzetarakoak egiteko jakintza, azpiegitura eta esperientzia eskaintzen baitizkie.

Jordi Llop CIC biomaGUNEko erradiokimikako eta irudi nuklearreko laborategiko ikertzaile nagusiak dionez, “instalazio berean biltzen dira irudi-teknika guztiak —talde beraren gidaritzapean—, ziklotroi bat eta erradiokimikako laborategi bat, non mota guztietako kontraste-agenteak eta trazatzaileak sor baitaitezke, ikerketak in situ egiteko. Horrek sekulako gaitasuna ematen digu ikerketak egiteko, bai eta sekulako malgutasuna eta azkartasuna ere”. Horrez gainera, 11,7 teslako erresonantzia magnetikoko eskaner bat dago plataforman, “Iberiar penintsula osoan dauden bere mailakoen artetik ahaltsuena eta bakarra”.

Patologia askoren azterketa multimodalak eta luzetarakoak

Plataformak hainbat aukera eskaintzen dizkie “ ikerketa-zentroei, unibertsitateei, ospitaleei eta enpresei, zenbait irudi-teknika konbinatuz karraskari txikiek denborarekin duten bilakaera monitorizatzeko ikerketa ez-inbaditzaileak, in vivo ikerketak, egin ditzaten. Nabarmentzekoa da ez dugula patologia bakarra ikertzen; aitzitik, gaitz askorekin lotutako proiektuak lantzen ditugu eta aditu gara haietan, hala nola neuroendekapenezko gaitzak, gaitz zerebrobaskularrak, onkologikoak, kardiobaskularrak, biriketakoak, desordena metabolikoak, toxikologia eta abar. 30-40 erradiotrazatzaile inguruko katalogo bat izateaz gainera, badago aukera proiektu bakoitzaren neurrira beste trazatzaile batzuk sortzeko; izan ere, patologia bakoitzari modu bereizi batez erreparatzen zaio”, nabarmendu du Llop doktoreak. Plataforman, halaber, badira nanorradiotrazatzaileak garatzen dituzten adituak, eta horrek aukera ematen du aplikazio teragnostikoak dituzten nanopartikula-sistemak erabiltzeko (hau da, bai terapiarako bai diagnostikorako balio dutenak).

Aplikazio asko ditu horrek guztiak, baina, oro har, honela laburbiltzen du Jordi Llopek plataformaren jarduera: “Farmakoak garatzeko prozesuan, nahitaezkoa da itu-probak egitea (egiaztatzea ea farmakoa dagokion tokira iristen den), mekanismo-probak egitea (frogatzea farmakoak espero bezala aktibatzen edo inhibitzen dituela erreakzioak) eta eraginkortasun-probak egitea (frogatzea farmakoak espero den sendatze-efektua duela). Bestalde, azter daiteke nola eragiten duen patologia jakin batek organismoko mekanismo jakin batzuetan. In vivo irudi-teknikek aukera ematen dute luzetarako ikerketak egiteko, eta horrek erraztu egiten du halako ikerketak ingurune klinikora eramatea, alegia, errazagoa izango da gizakien fase klinikora eramatea”.

Gaur egun, hainbat ikerketa dituzte esku artean. Haietako batean, “Alzheimerren gaitzari aurre egiteko farmako baten eraginkortasun terapeutikoa monitoritzatzen ari gara. Badugu beste lankidetza-ikerketa bat autismoarekin lotutakoa. Halaber, peptido bat ari gara aztertzen, zeina selektiboki meta baitaiteke tumore jakin batzuetan eta aplikazioa izan bailezake erradioterapian. Eta, duela gutxi, lankidetza bat lortu dugu monitorizatzeko ea alzheimerra senda lezakeen nanobody-mota batek hesi hematoentzefalikoa zeharkatzen duen eta garunera iristen den”.

Bestalde, zentroko Erresonantzia Magnetikoko Irudiaren Laborategian, nerbio-sistema zentrala ikertzeko irudi-tekniken maila atomikoko, funtzionaleko eta metabolikoko aplikazioak garatzen dituzte; sistemarekin lotutako gaitzak diagnostikatzeko teknika berriak bilatzen dituzte, gaitz zerebrobaskularren, neuroendekapenezkoen eta abarren tratamendu aurreratua egiteko nanobotikak garatzen dituzte, eta abar. Ikerketa-zentroko beste laborategi batean, Biomarkatzaile Molekular eta Funtzionalen Laborategian, espezialista dira biriketako eta bihotz-hodietako irudigintzan, eta, besteak beste, irudi-biomarkatzaileak eta molekularrak garatzen dituzte birika-hipertentsioa goiz diagnostikatzeko eta biomarkatzaile horien bidez terapia berrien efizientziaren segimendua egiteko.

Kanpoko ikertzaileek aukera dute azpiegitura zientifiko eta teknologiko berezi horiez baliatzeko, zabalik dagoen lehiaketa-deialdi baten bidez (Irudi Biomedikoko Sare Banatua, ReDiBen bidez), zeinak askoz prezio doiagoak eskaintzen baititu zuzeneko zerbitzu bat egiten denean baino. “Garrantzitsua iruditzen zaigu gure plataforma ezagutzera ematea; izan ere, erabiltzaile izan daitezkeenek ez dakite zer azpiegiturez balia daitezkeen edo zer proiektu-mota landu daitekeen hemen”, dio, amaitzeko, Llop doktoreak.

Partekatu

Beste berri batzuk