Itsas-azpiegiturak denbora errealean monitorizatzeko plataforma garatu du Ceit-IK4 zentroak
Ceit-IK4 zentroko ikertzaileek, FCC Construcción, Wellness Telecom, Sensorlab eta PLOCAN enpresetako teknikarien laguntzarekin, STARPORTS izeneko tresna adimenduna garatzen dihardute. Tresna horri esker, kostaldeko edota itsasoko edozein azpiegituraren (kaiak, kai-muturrak, itsas-plataformak, aerosorgailuak, etab.) egoerari buruzko informazio xehatua ezagutu ahal izango da denbora errealean.
Itsasoan kokatuta dagoen azpiegiturak edo gailuak pairatu duen edozein aldaketa kuantifikatu ahal izango du plataforma honek automatikoki. STARPORTS plataformak jauzi teknologiko itzela ekarriko dio itsas-merkatuari: monitorizazioari, mantentze-lanei eta kontserbazioari dagozkion kostuak asko murriztuko baitira, eta arazo edo akatsak aurrez detektatu ahal izatearekin, mantentze-lanen estrategiak hobetzea ahalbidetuko baitu.
FEDER-Innterconecta bitartez Zientzia eta Berrikuntzarako Ministerioak sustatu duen eta FCC Construcción eraikuntza-enpresak gidatu duen proiektu honetan Ceit-IK4, Wellness Telecom, Sensorlab eta Plocan erakundeetako adituak elkartu direnez, hainbat abantaila erdietsi ahal izango dira, esaterako: portu-azpiegituren funtzionamendu eta kudeaketan hobekuntzak, segurtasun-estandarrak hazi izanagatik; itsas-azpiegituren atazetako, mantentze lanetako eta kontserbazioko kostuen murrizketa; itsas-hesiak diseinatu, eraiki eta instalatzeko prozesuen hobekuntzak; eta proiektu berrietarako sentsorizazio-teknologia berria eskuratzea.
Sateliteko irudietan eta datu meteorologikoetan oinarritutako landa-neurketetan jaso diren iraupen luzeko datuak eskuratzeko sistema tradizionalen lana osatuko du monitorizazio-tresna berri honek.