SPYRO Taldea proiektu bat gidatzen ari da ekoizpen plantak analitika prediktiboko teknika aurreratuekin digitalki eraldatzeko

Albisteak, Gipuzkoa

Hainbat euskal enpresa eta zentro teknologikok osatutako partzuergo batek Premiere Proiektua jarri du martxan, SPYRO Taldeak gidatu eta koordinatuta, ekoizpen planten erabateko eraldaketa digitalerako, analitika prediktibo eta preskriptiboko teknika aurreratuak erabiliz.

Proiektuaren sustatzaileek nabarmendu dutenez, xedea da bitarteko produktibo batzuk lortzea, “moldagarriak, malguak, efizienteak eta auto-berrezargarriak, auto-ikaskuntzarako ahalmenarekin”. Kudeaketa optimizatu horri esker, fabrikazioko akatsak murriztea lortuko da, ekoizpen tasak mantenduta eta, gainera, energiaren kontsumoak minimizatuta.

Hiru urteko iraupenarekin, proiektua Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren HAZITEK-Enpresa I+G bultzatzeko programaren barruan kokatzen da, 2018ko deialdian SPRIren baloraziorik onena lortu zuelarik. Proiektuaren aurrekontua 5,5 milioi euro baino gehiago da.

SPYRO Taldeaz gain, Premiere Proiektuan parte hartzen duten beste bazkideak dira Vixion, Ingeteam Power Technology, Fagor Arrasate, Fagor Ederlan, Sidenor eta RPK. Halaber, proiektuaren eragile moduan parte hartzen dute Ikerlan, Koniker, Tecnalia, Edertek, Azterlan eta SIDENOR eta SPYROko I+G unitateek.

SPYROko zuzendari nagusi Ricardo Gonzalez Lafuentek azaldu duenez, gaur egun 4.0 soluzioak ekoizpen makinetako informazioa eta datuak jasotzera zuzentzen dira. “Premiere proiektuak ahalbidetuko du gordetako datu horietatik guztietatik ondorio egokiak ateratzea eta, ondorio horietan oinarrituta, makina ‘berrelikatzea’. Hau da, jada ez dugu soilik informazio jasoko, izan ere, posible izango da horren gainean jardutea, ateratako ondorioetatik abiatuta”, zehaztu du.

Adibide moduan, gehitu du analitika prediktiboak erabiliz honelako ekintzak egin ahal izango direla: erreminta aldatzeko unerik egokiena zehaztea, edo makinetan eragitea hainbat agindu emanez, esaterako, kontsumo elektrikoa murrizteko. “Finean, kontua da informazio fluxua osatzea, eta fluxu hori aldebikoa izatea, ez soilik makinetatik informazioa ateraz, baizik eta hori analizatuz, makinetan eragiteko eta erabilera optimizatzeko”, amaitu du.

Partekatu

Beste berri batzuk