Kutxak Biokutxa eraikina, bere ikerketa biomedikoko zentroa, inauguratu du Miramonen
Izan ere, ostiral honetan, 2012ko otsailaren 24an, inauguratuta geratu baita Kutxak osasun eta zientzia mailako ikerketen eremuan parte hartzen duen Gizarte Ekintzaren proiektu guztiak bultzatu eta koordinatzeko ardatz izatera deitua dagoen azpiegitura. Kutxaren aspaldiko ametsa, Biokutxa eraikina, hots, Miramongo Parke Teknologikoko instalazio berezi bat dena, egia bihurtu zaigu gaur egun.
GUZTIRA 3.000 METRO KOADRO, ARBIDE DORREEN AZPIALDEAN
Biokutxa eraikinak 3.000 metro koadro inguruko azalera dauka eta Donostiako hiri-arkitektura tradizionaleko ikur nabarmenetarikoa izandako eta harriz harri hiriaren erdigunetik Miramonera lekuz aldatutako Arbide dorreak koroaturik ageri zaigu eraikuntza berria. Joaquín Montero arkitektoarena izan da dorreak zaharberritu eta eraikin modernoa altxatzeko ardura arkitektonikoa.
INBIOMED FUNDAZIOAREN EGOITZA BERRIA
Eraikinak Inbiomed Fundazioaren egoitza berria aterpetuko du. Inbiomed, irabazi-asmorik gabeko fundazio bat da, antolamendu-eredu berritzailea dakarrena. Medikuntza erregeneratzailearen zerbitzura dagoen antolakuntza, eta lortzen dituen emaitzak, minbizia, Parkinson edo bihotzeko infartua bezalako gaitzak jasaten dituzten gaixoei azkar aplikatzea dauka helburu nagusitzat.
ELKARREKIN LOTUTA DAUDEN INSTALAZIOAK
Eraikin berri honek daukan ekipamendua, merkatuan topa daitekeen aitzindariena da. Berez, 100 ikerlari baino gehiago hartzeko adinako instalazioez hornitua dago, eta ikerlari horiek, lan-baldintza onenetan jarduteko modua izateaz gain, bertako eta Europa osoko ikerketa-taldeekin etengabeko loturan lan egiteko aukera izango dute.
GIZARTEARI EMANA
Kutxak gizartea ikerketaz eta garapenaz hornitzen duten enpresei eta proiektu gorakorrei ematen dien laguntzaren aurpegia dugun azpiegitura hau; aukera paregabea izango dela espero dugu Gipuzkoak zientzia letra larriekin egin ahal izateko medikuntza erregeneratiboaren alorrean eta, bide batez, seguru gaude bere ekarpenek zuzeneko eragina izango dutela herritarrengan.
7,92 MILIOIKO INBERTSIOA
Biokutxa eraikina 2002 urtean hasi zen ernatzen, hain zuzen ere Kutxaren Gizarte Ekintzak orain eraikina jaso deneko lur-sailak erosi zituenean. Lehen harria, 2010eko irailean jarri zen eta gaur arte gauzatu den inbertsio ekonomikoa (lurzorua, eraikuntza, ekipamendua…), guztira 7,92 milioi eurokoa izan da.
HAMAR URTE IKERKETA BIOMEDIKOAREN ALORREAN
Kutxaren Gizarte Ekintzak azken hamar urte hauetan daraman ikerketa biomedikoko jarduera ez da Inbiomed Fundazioak egiten duenera soilik mugatzen, nahiz eta bera izan erakunde horren diru-babesle nagusia. Horrez gain, Kutxaren Gizarte Ekintza oso serioski konprometitua dago beste hainbat proiekturekin ere, esate baterako Alzheimer Hitzordua ekimenarekin, gaixotasun horren diagnostiko goiztiarrean aurrera egiteko, edo Biodonostia Institutua proiektuarekin, minbiziaren aurkako ikerketan sakontzeko.
Eta, jakina, baita Onkologikoarekin, orain 60 urte Kutxak gizarte ekintza propio gisa sortu zuen Institutu Onkologikoarekin izan duen lotura historikoagatik ere. Onkologikoa da gaur egun tumoreek eragindako gaixotasunak diagnostikatu eta tratatzeko erreferentzia-zentro ezinbestekoa, berau izaki Kutxaren Gizarte Ekintzak osasun-asistentziaren alorreko adierazlerik esanguratsuena.
INAUGURAZIO EKITALDIA
Eraikinaren inaugurazio-ekitaldia Kutxako Lehendakaria den Xabier Iturbek presiditu du eta Kutxako kontseilari gehientsuenekin batera ekitaldian izan dira Martin Garitano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Gurutz Linazasoro Inbiomed Fundazioko lehendakaria, beste hainbat agintari eta gonbidaturen artean.