Lantek enpresak % 9,6 areagotu du negozio-zifra, eta 21,1 milioi eurora iritsi da

Albisteak, Araba

Nazioarteko merkatuak negozioaren % 86,3 hartzen du dagoeneko, eta Alemania, Italia, EEBB, Frantzia eta Txina izan dira 2019ko merkatu estrategikoak

Espainiako fakturazioak %4,7 egin du gora, 2,85 milioi euroraino

2019an, 1.900 bezero aktibo batu zaizkio, ohiko hazkunde-erritmoa bikoiztuz. Bada, guztira 23.700 bezero dauzka, ehun bat herrialdetan banatuta

Eraldaketa Digitalaren Atalak (Irtenbideen Atalak) % 25 inguruko hazkundea izan du, eta Alemania, Frantzia, Espainia eta Txina izan dira hor buru

Lantek enpresak iazko emaitza ekonomikoak ezagutarazi ditu, eta enpresaren hazkunde-erritmoa sendotu egin dela ikus daiteke horietan. 2019an, negozio-zifra 21,1 milioi eurokoa izan zen; hots, aurreko ekitaldiarekin alderatuta, % 9,6 hazi da, eta metalaren eta txaparen sektorerako software-garapenean eta fabrikazio aurreratuko irtenbideetan enpresa lider gisa finkatu da.

Lantek Espainiako multinazional bat da, txaparen sektorerako software-garapenean aditua. Mundu osoan, 200 langile baino gehiago dauzka, eta, berritzeko gaitasunari nahiz nazioartekotzearekin duen konpromisoari esker, lider nabarmendua da bere sektorean.

2019an, bezero aktiboen kopuruak nabarmen egin zuen gora, 1.900 erabiltzaile berri lortu baitzituen, ohiko hazkunde-erritmoa bikoiztuz. Guztira, 23.700 bezero dauzka orain, ehun herrialdetan baino gehiagotan sakabanatuta. Espainian, 2.023 bezerora igo zen kopurua.

Lantekek nazioarteko negozioaren pisua handitzen jarraitzen du, nazioarteko merkatuak ematen baitio fakturazioaren % 86,3. Bada, honako hauek dira konpainiarako herrialde garrantzitsuenak: Alemania, Italia, EEBB, Frantzia eta Txina, tokikoarekin batera merkatu estrategikoak bihurtu baitira.

Hego Koreak eta Frantziak % 30eko hazkundea lortu dute (bakoitzak). Alemaniak, berriz, % 26ko hazkunde nabaria izan du. Mexikok, Turkiak eta Poloniak ere fakturazioa handitu dute, bi digitutik gora.

Espainiak, bestalde, % 5eko goraldia izan du, eta 2,85 milioi euroraino iritsi da. Nabarmentzekoa da, halaber, Erresuma Batuak % 14,1eko hazkundea izan duela Brexitak ziurgabetasunak eragin dituen arren. Are, azken lauhilekoan izandako joera aintzat hartuta, 2020ari dagokionez baikorrak izan gaitezke.

«Beste urte batez, bi digituetatik hurbil egon den hazkundea izan dugu, eta salmentetan markak hautsi ditugu. Gure negozioa egonkorra dela, nazioarteko proiekzioa dugula eta hedapen indartsuan gaudela erakusten du horrek, bezeroen oinarri instalatuari eta produktu nahiz irtenbideen zorroari dagokienez. Horren ondorioz, Lanteken garapena iraunkorra da, eta toki finantzario solidoa lortu du: 4.0 Industriaren ondoriozko erronka berriak jorratzeak dakarren hazkundeari aurre egiteko gaitzen gaitu horrek», baieztatu du Alberto Lopez de Biñaspre Lantekeko goi-karguak.

Ohikoa denez, konpainiak IM2020 International Meeting izeneko bileran aurkeztu ditu emaitzak. Bilera horretara 170 lagun hurbiltzen dira urtero, mundu osoko langileen eta hornitzaileen artean, eztabaida-foroa sortu eta ekitaldiaren balantzea egiteko asmoz. International Meeting bileran, era berean, antolakundeak datozen urteetan jarraituko dituen estrategia eta ibilbide-orria indartzeko negozio-xedeak zehazten dira, Lantek marka metalaren sektorean mundu-mailako erreferente gisa eta merkatuaren eraldaketa digitalean aitzindari gisa finka dadin.

Honako edizio hau Gasteizko Europa biltzar-jauregian egin da, eta bereziki garrantzitsua izan da, besteak beste Bart Farrell izan baitu hizlari (Farrell VeGlobaleko talent manager-a eta trebatzaile nahiz dibulgatzaile teknologikoa da). Bestalde, hiru egunez egin da, jardunaldiz eta lantaldeen bilerez gainezka, izen handiko aholkularitza-enpresa batzuen laguntzarekin; hala nola, Minsait (Indra taldea), JAKINCODE eta OPE Aholkulariak izan ditu ondoan.

Eraldaketa digitala: Irtenbideen Atala

Negozio-arloen arabera, Irtenbideen Atalak izan duen % 24,7ko hazkundean islatzen da konpainiak digitalizazioaren alde egin duen apustua. Hala, Smart & Digital Factory ideia egia bihurtzea da atal horren helburua, eta, horri begira, ekoizpena eta enpresa oro har kudeatzeko eredu integral bat ezarri du.

Eremu geografikoei begiratuz gero, Frantziak, Alemaniak, Espainiak, Koreak, Italiak eta EEBBek arlo horretan hazkunde handia izan dutela azpimarra daiteke, % 35 inguruko ratioak izan baitituzte (Frantzia eta Alemania, adibidez, % 50era iritsi dira). Oso datu ona da hori, horiek aurretik ere bolumen handiko merkatuak baitziren. Txinak hazteko espektatiba handiak dauzka, bertako metalaren industriak apustu irmoa egin baitu 4.0 Industriaren alde, eta Eraldaketa Digitaleko eta Fabrikazio Aurreratuko Irtenbideen Atalaren motore bihurtu da. Izan ere, hein batean, enpresa industrial askotan, softwareak oso toki nabarmena hartu du instalazioen digitalizazioan, horri esker sistemak, makinak eta prozesuak elkarri konektatuta egon baitaitezke, eta datuetan oinarritutako erabaki eraginkorrak hartu.

Negozio-eredu gisa, eguneraketetarako eta laguntza teknikorako Harpidetzen Atalaren hazkundea ere nabarmendu behar da, % 16 hazi baita.

Cloud aplikazio berriak eta SaaS modeloa sustatuz, negozio-eredu hori hedatzen laguntzen ari dira.

Konpainia bizitzen ari den hazkunderako arrazoi nagusietako bat berrikuntzaren aldeko apustua da. Iaz, ikerketari, garapenari eta berrikuntzari bideratutako zenbatekoa 2,96 milioi eurokoa izan zen; hots, aurreko urtean baino % 15 gehiago.

Bada, fabrikazio aurreratuaren eremuan irtenbide berritzaileak (metalerako espezifikoak) merkaturatzea da inbertsio horren xedea, eta, horrela, bide ematen zaie automobilgintza-, aeronautika-, trenbide- eta itsasontzi-sektoreen hazkundeari eta bikaintasunari.

Multinazionalak eraldaketa digital hedatuaren kontzeptupean garatzen ditu berrikuntza guztiak; hau da, bezeroekin, hornitzaileekin eta merkatuarekin batera elkarlaneko guneak sortuz, partner teknologiko gisa hazteko.

Zentzu horretan, konpainia MES aurreratu baten sustapena azkentzen ari da, zeinaren bidez erabakiak datuen analisian oinarrituta hartzen diren.

«2020an, gure estrategia bezeroengan eta nazioarteko oinarri instalatuaren garapen esponentzialean zentratuko da, eta egiazkoa bihurtuko dugu gure sektorearen eraldaketa digitala, fabrikazio aurreratuenaren teknologian, eragiketen bikaintasunean eta irtenbide- nahiz zerbitzu-hornitzaileengan oinarrituta. Gainera, nazioarteko merkatuan egin ditugun 34 urteek benetako konpainia gisa eta 4.0 Industriaren aitzindari gisa bermatzen gaituzte», adierazi du Alberto Lopez de Biñaspre Lantekeko goi-karguak.

Partekatu

Beste berri batzuk