Legionellaren aurka borrokatzeko jomuga berria aurkitu dute

Bizkaia

Bakteriak VipD izeneko proteina askatzen du gure zeluletan, eta bertan biziraun daiteke.

Aurkikuntza horrek bide eman dezake legionellosiari aurka egingo dioten metodo berriak diseinatzeko.

CIC bioGUNEk, AEBetako Osasun Institutu Nazionalak eta Bartzelonako Superkonputaziorako Zentro Nazionalak egindako lanaren fruitua da.

Investigadores CiCbioGUNEZientziak mugak jarri dizkio legionellari. AEBetako Osasun Institutu Nazionalarekin (NIH) eta Bartzelonako Superkonputaziorako Zentro Nazionalarekin lankidetzan, CIC bioGUNE biozientzien ikerketarako euskal zentroak gidatu duen ikerketak ezagutzera eman duenez, bakteriak, giza-zelulak infektatzen dituenean, VipD izeneko proteina askatzen du, zelulek hura suntsitzea ekiditen duena. Proteina hori etorkizuneko sendagaien jomuga izan daiteke, bakteriak infekzioa gauzatzea saihesteko.

Legionella pneumophila bakteria da legionellosiaren erantzulea, alegia, neumonia, sukar altua eta, muturreko kasuetan, heriotza ere eragin dezakeen gaixotasuna. Ur geldituetan bizi den legionella arnasbideetatik sartzen da gure organismoetara, ur kutsatuko tanta mikroskopikoak inhalatzen ditugunean.

Egoera arruntetan, zelulek bakteria “jan” eta hondatuko lukete euren barruan sartuko balitz; aitzitik, CIC bioGUNEk, NIHk eta BSCk aurkitu dutenez, legionellak arestian aipatutako proteina askatzen du, eta zelularen “digestio-aparatuaren” garapena ekiditen.

Hain zuzen ere, proteinak endosoma –garatzen denean, “urdail” baten antzera funtzionatzen duen organulua– heltzea inhibitzen du. Hortaz, organo hori haztea ekiditen duenez, bakteriak zelularen barruan biziraun dezake.

“Endosomaren mintzean dagoen Rab5 giza-proteinarekin kontaktuan jartzen denean aktibatzen da VipD proteina, eta, orduan, lehenengoaren garapenari boikot egiten dio”, azaldu du CIC bioGUNEko ikertzaile Aitor Hierrok.

Proceedings of the National Academy of Sciences aldizkari zientifiko iparamerikarrean berriki argitaratutako ikerketa horretan, gainera, VipD proteinaren molekulen egitura zehaztu da, X izpien bidez. Era berean, frogatu da molekula bien arteko elkarketa blokeatu egin daitekeela, VipD proteinaren aktibazioa galarazten baita horrela.

VipD proteinak duen zeregina ezagutzeak ate berria irekitzen du legionellaren aurkako borrokan, jomuga terapeutiko gisa erabilgarria den aztertu ahalko litzateke-eta. Hau da, aurrerapen horri esker, proteina horren kontra, hain zuzen, aritzen diren medikamentu berriak garatu ahalko lirateke, eta horrek gure zelulek bakteria digeritzea erraztuko luke.

Eskarmentua

CIC bioGUNEk ibilbide esanguratsua egin du legionella pneumophila ikertzeari dagokionez. Duela urtebete, CIC bioGUNEko, NIHko eta BSCko ikertzaileez osatutako lantalde berberak PLOS Pathogens aldizkarian ikerketa bat argitaratu zuen; eta bertan deskribatzen zen bakteriak giza-zeluletan kamuflatzeko eta oharkabe gelditzeko jarraitzen duten estrategia.

“Legionella ikertzea oso interesgarria da, batetik, ostalarien eta patogenoen arteko harremanak aztertzeko eredu bikaina delako, eta, bestetik, ostalariaren defentsak saihesten dituelako eta hondatua izan gabe biderka daitekeelako”, baieztatu du Hierrok.

“Erakundeen babesari esker, potentzial izugarria duen ikerketa-lerroa finkatzen ari gara, nazioartean lekua hartzen ari dena”, gehitu du.

Legionellosiari buruz

Legionellosia izena 1976an erabili zen aurrenekoz, Amerikako Legioak Filadelfian (AEB) egin zuen konbentzio bateko partaideen artean zabaldutako neumonia-agerraldia deskribatzeko. Ur geldituetan bizi eta airearen bidez transmititzen den legionella pneumophila bakteriak eragiten du aipatutako patologia.

Infekzio-foku ohikoenak dira, besteak beste, ur-sistemak edo eraikin handietako hozte-dorreak, hoteletan, erietxeetan edo bainuetxeetan daudenak, kasu.

Patogeno horren bidezko infekzioak pronostiko oso desberdina duten bi gaixotasun eragin ditzake. Ezagunena legionarioaren gaitza da, neumonia eragin dezakeena, eta, antibiotikoetan oinarritutako tratamendu egokia erabiltzen ez bada, hilkortasun altua dakarrena.

Pontiacen sukarra ere eragiten du, sukar altuko jazoerak ondorio dituen gaixotasun ez hain larria, gutxi irauten duena eta berez sendatzen dena.

Partekatu

Beste berri batzuk