“LIFE-Valorlact” proiektuak elikagaien prototipo berriak garatu ditu gaztandegietako esne-gazurarekin

Bizkaia

Ekimen hori Europako Batzordearen Life programaren bidez finantzatzen da, eta beste negozio-aukera bat eskaintzen die gaztagintza-sektoreari eta pertsonen nahiz animalien kontsumorako elikagaiak produzitzeko sektoreari

 Esne-gazuraren aprobetxamendu osoak balioa eransten dio elikagaien industriari, eta isurketek eragindako kutsadura murrizten du

 Xerratan moztu daitekeen gazta, gazta-saltsa, edari fruta-zukuduna eta txokolate-zaporeko produktu disolbagarria dira elikagaien prototipo berriak

Eusko Jaurlaritzak, AZTIk, NEIKER-Tecnaliak, BM Ingenieríak eta Iberlactek hartzen dute parte “Valorlact” proiektuan

 índice AZTIren Elikagaiak Ikertzeko Unitateak elikagaien zenbait prototipo lortu ditu gaztandegietan sortutako esne-gazurarekin. Prototipo horiek aukera ematen dute hondakintzat jo ohi den eta behar bezala tratatzen ez bada kontaminatzailea izan daitekeen produktu organiko bat merkaturatzeko. Bestalde, NEIKER zentro teknologikoak animalien kontsumorako pentsuen zenbait prototipo ere sortu ditu, konposizioaren % 6 eta % 12 bitartean esne-gazura dutenak. Ikerketa hori “Valorlact” proiektuaren barruan kokatzen da, zeina Europako Batzordearen Life+ programak finantzatzen baitu. Programa horren helburua da gaztandegietako esne-gazura hondakintzat jotzeari uztea eta elikadura-katean sartzea. Horrek beste negozio-aukera bat eskaintzen die gaztagintzako sektoreari eta elikagaiak produzitzeko sektoreari.

Gazta egiteko prozesuan esnea gatzatu eta kaseina eta koipea bereizitakoan gelditzen den likidoa da gaztandegiko gazura. “Valorlact – Gaztandegiek sorturiko gazuraren aprobetxamendu integrala” proiektuaren helburuetako bat da frogatzea euskal gaztandegi txiki eta ertainetan sorturiko esne-gazuraren % 80tik gora birziklatu egin daitekeela, elikagai berriak prestatuz eta biogasa lortuz. Ekimenaren koordinazio orokorra Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako Zuzendaritzak darama; koordinazio teknikoa, AZTIk; eta gainerako partaideak NEIKER-Tecnalia, BM Ingeniaritza eta Iberlact dira. EAEko gaztandegi batzuek ere parte hartu dute, hala nola Aguraingo Aldanondok, Zamudioko Vascolac-ek eta Arantzazuko HAZI Artzain Eskolak.

“Valorlact” 2012ko uztailean jarri zen abian, eta eman dituen lehen emaitzetako batzuk dira prototipo hauek: xerratan moztu daitekeen gazta, gazta-saltsa, edari fruta-zukuduna eta txokolate-zaporea duen produktu disolbagarria. Elikagai berriak esne-gazuraren kontzentratuekin prestatzen dira, eta, une honetan, baliozkotzen ari dira bizitza erabilgarriari buruzko azterketen bidez eta kontsumitzaileen dastatzeen bidez. Parte-hartzaileen asmoa da produktu horiek garatzeko behar den teknologia elikagaien industriara transferitzea, horrek balioa erantsia emango baitio sektoreari eta sektoreko jarduerak dibertsifikatuko baititu.

Animalien elikadurako industriak ere beste negozio-aukera bat izango du “Valorlact” ekimenari esker. NEIKER-Tecnaliako ikertzaileek pentsuen zenbait prototipo sortu dituzte, eta elikadura-probak egin dira haiekin edoskitzaroan dauden ardiekin, oilo erruleekin eta haragitarako broiler oilaskoekin. Emaitzek adierazten dute pentsuan esne-gazura % 6-12ko proportzioan sartzeak hobetu egiten duela aztertutako parametro guztien errendimendua: erruteko tasa, eguneroko ingesta, konbertsio-indizea eta pisua irabaztea. Esne-gazura sartzeak aukera ematen du kostu baxuko lehengai bat izateko, eskuragarritasun eta prezio oso aldakorreko beste produktu batzuen aldean.

Erakusketarako instalazio pilotua

“Valorlact” proiektuaren beste emaitzetako bat da erakusketarako instalazio pilotu bat jarri dutela martxan Vascolac gaztandegian (Zamudio, Bizkaia). Ikertzen diren teknologia guztien proba esperimentalak egiten dira instalazio horretan. Instalazioak iragazketa-eremu bat du esne-gazurarekin proteina-kontzentratuak lortzeko, eta iragazketa-prozesutik lortutako iragaziarekin bidez biogasa (metanoa) ekoizteko eremu bat ere bai.

Proiektuaren hasieratik lortzen den informazioarekin, ekintza-plan bat egin nahi da aurten, EAEko esne-gazuraren balorizazioa egiteko, barnean hartuta gaztandegi-mota bakoitzerako balorizazio-aukerak. Bideragarritasun tekniko, ekonomiko eta ingurumenekoaren ikuspuntutik ebaluatuko dute plana, eta gaztagintza-sektorearekin eta plana ezartzen esku hartzen duten beste eragile batzuekin adostuko da, hala nola Administrazioarekin, enpresekin eta nekazaritza eta abeltzaintzako elkarteekin. Adostasun hori lortzeko, eragileek bilera bat egingo dute otsailean.

Gaztagintzako esne-gazura esnekien industriako azpiproduktu nagusia da, eta, materia organiko asko duenez, oso kontaminatzailea da. EAEko gaztandegi txiki eta ertainek, gaur egun, ez dute azpiegitura egokirik esne-gazura kudeatzeko eta balorizatzeko; beraz, “Valorlact” proiektua oso onuragarri gertatuko zaie azpiproduktu horri irtenbide jasangarri eta komertzial bat emateko. Era berean, aukera emango die ingurumen-legeriaren eskakizunak betetzeko eta isurien ondoriozko gastuak gutxitzeko.

AZTIri buruz

AZTI zentro teknologikoa itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan aditua da. 30 urtetik gorako ibilbidea du, eta 45 herrialdetan baino gehiagotan dihardu, 230 lagunetik gorako aditu-talde baten laguntzarekin. Adituon zeregina da ideiei forma ematea, gero ideiok balio dezaten, produktu eta zerbitzu bilakatuta, enpresa-ekimenak sortzeko eta natura-baliabideak berreskuratzeko eta zaintzeko.

Ikerketa estrategiko eta aplikatua egiten du nazioartean, Tecnalia Korporazioarekin aliantzan, bezeroei soluzio integral eta berritzaileak emateko. Zientzia gaur egungo eta etorkizuneko gizartearentzako balio eta aberastasun bilakatzea da AZTIren nortasun-adierazgarria.

‘LIFE-Valorlact’ proiektuaren bideoa ikusteko esteka

https://www.youtube.com/watch?v=KHmgLd69alM

Partekatu

Beste berri batzuk