LKSk lankidetzan dihardu Uruguaiko Gobernuarekin

Araba

LKSk lankidetzan jardungo du Uruguaiko Gobernuarekin, ekimen  autogestionarioen gestio-dinamikan eta Garapen Fondoaren (FONDES) laguntzak jaso ditzaketen beste enpresa batzuetan berrikuntza ezartzeko.

LKS-uruguayLKS kontsultoretza-proiektu bat garatzen ari da Uruguaiko Ekialdeko Errepublikako Gobernuaren Plangintza eta Aurrekontu Bulegoarentzat. Proiektuaren helburua lan egiteko eredu bat zehaztea da, ekimen autogestionarioetan –horietako batzuk kooperatibak dira– eta Garapen Fondoaren (FONDES) laguntzak jaso ditzaketen beste enpresa batzuetan berrikuntza ezartzeko.

LKSk lehenago egindako beste lan batzuetan ere antzeman du berrikuntzaren beharra, horrelako enpresen negozio-ereduen iraunkortasunari begira. Hala egiaztatu dute herrialde horretako Plangintza eta Aurrekontu Bulegoko zuzendariak, Gabriel Frugonik, eta Mujika lehendakariaren aholkulariak, Pedro Buonomok, MONDRAGONera egin berri duten bisitaldian, LKSur-eko Nico Rehermann lagun zutela. Bisitaldian bilerak egin dituzte taldeko erakunde batzuekin, besteak beste LKSrekin. Bilera horretan, MISE Dibisioko orduko zuzendari nagusi eta gaur egun MONDRAGON Korporazioko lehendakari Javier Sotilek hartu zuen parte, baita LKSko zuzendari nagusi Elena Zarragak, Kontseilu Errektoreko lehendakari Iñaki Ormaetxek, Gestio Kontsultoretzako zuzendari Carlos Barandiaranek eta bisitariek eskatutako lankidetza-eskaerari erantzuna eman behar zioten kontsultoreek berek ere.

Proposamena onartu ondoren, LKSko bi estrategia-kontsultore, Alfonso Echanove eta Cristina Múgica, Uruguaira joan ziren bi asterako, proiektuari hasiera emateko. Proiektuaren bukaera, berriz, otsailean aurreikusita dago. LKSko bi kontsultoreek 20 bilera baino gehiago egin dituzte Montevideon, Uruguaiko Gobernuaren,  hango berrikuntza-ekosistemaren, enpresa autogestionarioen eta mugimendu kooperatiboaren ordezkariekin.   Era berean, egonaldian zehar bi lantegi egin dituzte ekimen autogestionarioei berrikuntzaren hastapenak irakasteko. Horiek beren proiektuak aurkeztu dizkiote dagoeneko FONDESi. Guztira, 28 ekimenek hartu zuten parte lantegiotan.

Bi asteotan gauzatutako jarduerari esker, Uruguaiko berrikuntza-ekosistemaren errealitatea eta enpresa autogestionarioen berrikuntzarekiko egoera sakonki ezagutu ahal izan dituzte kontsultoreek. Hortik aurrera, ekimenetan berrikuntza bultzatuko duten lan-proposamenak diseinatzea izango da proiektuaren helburua. Ondoren, Gobernuko arduradunek baliozkotu beharko dute proposamena, FONDESen ezartzeko.

Partekatu

Beste berri batzuk