Lurzoruak ebaluatzeko eta modu jasangarrian kudeatzeko web aplikazio bat herritarren eskura

Albisteak, Araba, Bizkaia

NEIKERek LURZAIN soluzioa garatu du lurzoruen osasuna modu sistematizatuagoan monitorizatzeko

Plataformaren bidez egindako neurketek informazio erabilgarria emateaz gain, Euskadiko lurzoruaren osasunaren etengabeko monitorizazioa eta erregistro zehatza egiten ere lagunduko dute, zientzia parte hartzailetik abiatuta

Aplikazioa Europar Batasunak bultzatutako URBANKLIMA 2050 programaren barruan dago, eta klima aldaketaren ondorioak arintzeko edo horietara egokitzeko proiektuak bultzatzea du helburu

Jasotzen diren ekintza ugarien artean, herritarren konpromisoa eta ahalduntzea bultzatzera bideratutako ekintza bat dago

Lurzorua funtsezko baliabidea da ekosistemen orekarako. Landarediaren euskarri gisa dihardu, landareen eta laboreen hazkundea ahalbidetuz, eta uraren zikloaren erregulazioan ere berebiziko garrantzia du, infiltratzen eta biltegiratzen eta uholde eta lehorteei aurrea hartzen laguntzen baitu. Horregatik guztiagatik, funtsezkoa da lurzoruaren osasuna mantentzea ingurumen jasangarritasuna eta nekazaritzako produktibitatea sustatzeko, degradatzen bada, emankortasuna galtzea, biodibertsitatea murriztea eta ingurumen arazo larriak gerta baitaitezke.

Testuinguru horretan, NEIKER zentro teknologikoak, Basque Research and Technology Alliance (BRTA) erakundeko kideak, LURZAIN garatu du, zientzia parte hartzailetik abiatutako web aplikazioa, lurzoruaren osasuna ebaluatzera bideratua. Proiektua Europar Batasunak bultzatutako URBANKLIMA 2050 programaren barruan dago, eta klima aldaketaren ondorioak arintzeko edo horietara egokitzeko proiektuak bultzatzea du helburu.

Zehazki, proposamenaren helburua da interesa duen edonori tresna bat ematea bere lurzoruaren osasun egoera modu errazean ebaluatzeko eta kudeaketa jasangarrirako beharrezkoak diren parametroak emanez.

Horretarako, NEIKER hamarkada bat baino gehiagoan Lurzoruen Osasun Txartelen bidez lortutako esperientzian oinarritu da, zeina ekosistema edafikoen egoera ezagutzera bideratutako sistema bat den. “LURZAINen aplikatzen diren 12 neurketa espezifikotarako proposamen bat doitu eta hobetu dugu; esaterako, lur bloke bat ateratzea zizare kopurua kontatzeko, organismo horiek zeregin erabakigarria baitute materia organikoaren deskonposizioari edota lurzoruaren egitura hobetzeari dagokienez”, Lur Epelde NEIKEReko Baliabide Naturalen Kontserbazio Departamentuko ikertzaileak azaldu duenez.

Neurketen zehaztasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, zentroak, Eskoziako James Hutton Instituterekin lankidetzan, digitalizaziorantz jo du, irudiak hartzeko telefono mugikor bat erabiltzen duen neurketa berritzaile bat gehituz, lurzoruaren materia organikoa, testura, pH-a eta horrelako funtsezko propietateak estimatzen dituzten sare neuronalen ereduekin batera.

Horrenbestez, LURZAINek 12 neurketa horiek Lurreko bizitzaren sostengurako funtsezkoak diren bost funtziotan antolatzen ditu: landare ekoizpena, biodibertsitatearen sustapena, uraren erregulazioa, emankortasuna mantentzea eta karbono bahiketa.

Praktiken ebaluazioa

Lortutako datuen bidez, aplikazioak diagnostiko konparatibo bat sortzen du datu base zabal batekin. Funtzionaltasun horrek, lurzoruaren egoeraren ikuspegi eguneratua emateaz gain, urtez urte neurketak errepikatzen direnez, erregistro historiko bat ezartzeko aukera ere ematen du.

“Erregistro horrek denboran zehar lurzoruaren osasunean eragin dezaketen maneiu aldaketak jasotzen ditu, hala nola nekazaritzako esku hartzeak, kontserbaziorako praktikak edo ingurumen aldaketak. Hori erabakigarria da maneiu jasangarriko praktiken eraginkortasuna ebaluatzeko eta baliabide naturalak kontserbatzera eta hobetzera bideratutako erabaki informatuak hartzeko”, adierazi du zentroko ikertzaileak.

Herritarren parte hartze aktiboa

Aplikazioa laborategi espezializatuen beharrik gabe eta jarraibide erraz batzuk betez erabiltzeko diseinatuta dago. Erabilera sustatze aldera, NEIKERen asmoa da aldizkako ikastaroak antolatzea eta neurketak egiteko beharrezkoak diren materialekin kitak ematea, publiko desberdinak inplikatzeko, nekazaritza arloko profesionaletatik, ikasle eta norberaren ingurunearen osasunean interesa duten herritarretaraino.

Ildo horretan, adibiderik onena Gasteizko Ingurumen Gaietarako Zentroarekin egiten duen lankidetza da, zeinak udalerriko “Herritarren Zientzian Parte Hartzeko Sarea” koordinatzen baitu, 2018tik “Lurzoruak Kontserbatzeko Programa” ere jasotzen duena. Urte hauetan zehar, programaren barruan, 350 lursailetan baino gehiagotan egin dira neurketak, eta horrek eman du orain LURZAIN kaleratu ahal izateko esperientzia. Eta haiek izaten ari dira LURZAIN testatzen lehenak.

Erabiltzaile bakoitzari informazio erabilgarria emateaz gain, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lurzoruen osasuna monitorizatzeko aktiboki parte hartzea sustatzen du, herritarren zientziaren bidez. Horri dagokionez, Epeldek zehaztu duenez, “egindako neurketa bakoitza mapa interaktibo batean txertatuko da, www.lurzain.eus, eskualdeko lurzoruaren osasunari buruzko erregistro zehatza eta osatua sortzen laguntzeko”.

Partekatu

Beste berri batzuk