Maider Zarrabeitia CIC energiGUNEko ikerlariak EHU/UPVko Doktoretzako Ez Ohiko Saria jaso du, sodiozko ionen bateriei buruzko tesiari esker
Une honetan nazioarteko egonaldia ari da egiten Ulm-eko (Alemania) Helmholtz institutuan, eta bertan, energiaren biltegiratzearen arloan erreferentziazko ikerlaria den Stefano Passerinirekin batera ari da ikertzen.
Maider Zarrabeitia CIC energiGUNEko ikerlariak, 2016-17 Ikasturteko Zientzia Esperimentalen alorreko EHU/UPVko Doktoretzako Ez Ohiko Saria jaso du “Low and high voltage stability of Na-ion battery materials: study of structural, transport and interfacial properties” nazioarteko doktoretza tesiari esker. Bere bikaintasuna dela eta epaimahaiaren aintzatespena merezi izan duen lana Miguel Ángel Muñoz Márquez eta Montse Casas-Cabanas doktoreek gainbegiratu dute. Biak ere CIC energiGUNEko kideak dira.
Une honetan, ikerlari gaztea Ulm-eko Helmholtz Institutuan (HIU) ari da lanean, baterien inguruko ikerketan nazioarteko erreferentzia den Stefano Passerinirekin batera, Doktoretza osteko nazioarteko bere egonaldian. Egonaldia, CIC energiGUNEren Ikerketa Programaren barruan jasotzen da, eta, ibilbide akademikoa aintzatetsiz, Hezkuntza Saileko Doktore Ikerlari Langileen Hobekuntzarako Doktoretza osteko Programaren barruan Eusko Jaurlaritzak ematen duen finantzaketari esker egin daiteke. Aurretik 6 hilabete igaro zituen Camerinoko (Italia) Unibertsitatean, eta bertan elektrolito solidoaren interfazea aztertu zuen Francesco Nobili irakaslearekin. 2020an CIC energiGUNEra itzuliko da, Miguel Ángel Muñoz Márquez buru den Interfaze Aurreratuko Azterketa Taldean sartzeko.
Saria Maider Zarrabeitiari eman izanak, balio akademiko handiko lorpen pertsonala izateaz gain, agerian uzten du CIC energiGUNEk bikaintasunarekin eta aukera berriak eta hobeak sortuko dituzten lankidetzarako eremu aurreratuen etengabeko bilaketarekin duen konpromisoa. Kasu honetan, euskal zentroak loturak estutu ditu kontinenteko erakunde akademiko garrantzitsuenetako birekin, Alemaniako Helmholtz Institute Ulm (HIU) izenekoarekin eta Italiako Camerinoko Unibertsitatearekin, hain zuzen ere.