Makina-erreminten eta fabrikazio-teknologien sektoreak %5,6 gehiago fakturatu zuen 2013an
- 2013ko gertaeren bilakaera zailari baino, 2012ko eskabide-zorro onari egotz dakioke hazkundea.
- Urtea gaizki hasi zen eta gutxitik gehiagora joan bada ere, eskabideek %15 baino gehiagoko beherakada estimatua izan zuten.
Nahiz eta zifrak behin-behinekoak izan, azpisektoreka egin den analisiaren arabera, makina-erremintek %7,8ko hazkundea izango dute. Izan ere, orain arte zifra apalagoak lortu dituen harroketak %7ko gorakada izan du, eta fakturazio maximo historikoak lortu dituen deformazioa, ordea, %8,8raino igo da. Bestalde, osagaiek ere hazkundea izan dute, baina apur bat txikiagoa (+%2,5), batez ere fabrikatzaile asiarrek duten egoeragatik. Erremintei dagokienez, azken hiruhilekoan hobekuntza izan dute eta urtea berdin itxi.
AFM Advanced Manufacturing Technologies elkarteko presidente José Ignacio Torrecillak ondokoa baieztatu du: “Zaila da urtea interpretatzea. Erakartzeari dagokionez, 2012a emaitza onekin itxi genuen, batez ere deformazio-makinen azpisektorean; eta horri esker nabarmen areagotu ahal izan dugu fakturazioa 2013an. Halere, lehen seihilekoa eskasa izan zen eta eskabideak asko ahuldu ziren. Urtearen azken txanpa zertxobait dinamikoagoa izan da eta zapore hobea utzi digu. Beraz, urte berriari honela aurre egingo diogu: zorro txikiagoarekin, baina duela hilabete batzuk baino esperantza handiagoekin. Benetako erronka aurreikuspenak egiteko. Eskabideak hobetu eta fakturazioa errepikatzea ez litzateke emaitza txarra izango.
Ez dugu ahaztu behar jasan dugun krisi gordinean gure enpresa gehienek asko sufritu dutela, eta oraindik ere urrun gaudela susperraldi orokor batetik. Tokiko merkatuarekiko menpekotasun handiagoa duten eta hain bideratuta ez dauden produktuak eskaintzen dituzten enpresek benetako ahaleginak egiten dituzte euren jarduera testuinguru onuragarrietara eramateko. Zentzu horretan, laguntza eman behar zaie nazioartekotzearen zein berrikuntzaren alde egiten duten esfortzuarengatik”.
Esportazioen kasuan, produkzioak izandako antzeko portaera espero da eta azpisektoreka ere errepikatzen da. Sektoreak bere osotasunean duen joera esportatzailea %80 baino handiagoa da beste behin ere, eta makina-erremintek %90tik gorako zifrak lortu dituzte. Nabarmentzekoa da makina-erreminten eta fabrikazio-teknologien sektoreak 700 milioi euro baino gehiagoko superabit garbia eragin duela balantza komertzialean. Izan ere, kopuru hori harrigarria da beste jarduera batzuekin alderatuta, bai termino absolutu bai erlatiboei dagokienez.
Merkatuka, azpimarratu beharreko lehendabiziko ideia da Asian hazkuntza handiak moteltzen ari direla, batetik, Txinako inbertsio-ereduan egindako egiturazko aldaken eraginez eta bestetik, Indiako ekonomia balaztatu egin delako. Halere, Europan susperraldi zantzuak daude, nahiz eta modu ahulean eta oraindik ere Asian gertatutako beherakada konpentsatzeko nahikoa ez izan. Eskabide sendoari eutsi egin dioten Estatu Batuak dira oraindik ere gainditzeke dagoen ikasgaia. Horrekin guztiarekin, 2013ko eskabide garbiak 2012koak baino baxuagoak izan dira.
Makina-erremintei dagokienez, urrira arteko esportazio-datuak daude eskuragarri. 2013. urtean esportazioak honelakoak izan dira 5 merkatu nagusienetan: Aurreneko tokia berreskuratu duen Alemanian, %15,9; Txinan, %13,6; Frantzian, %7,9; Brasilen, %5,4 eta Errusian, %5,2. Hurrengo bostak Erresuma Batua, Mexiko, India, Portugal eta AEB dira.
Espainian hobekuntza ematen ari da, baina benetan txarrak diren zifretatik abiatuta; beraz, hazkunde erlatiboak handiak ematen duten arren, datua oraindik oso pobrea da termino absolututan. Nolanahi ere, merkatu nazionaleko eskabide-sarrera (+%75) hobetu egin da lehenengo aldiz 2 urtetan, eta jarduera industrialaren mailek joera arinki aldatu dute.
José Ignacio Torrecillak ondokoa gehitu du: “Ziurgabetasun mailak oraindik ere oso altuak dira, eta hasi berriak diren susperraldi-perspektibak gehitu behar zaizkio ahulagoak diren zorroen errealitateari. Urteak nolako bilakaera duen ikusi behar dugu lehendabizi; nahiz eta perspektibak onuragarri samarrak izan, laster gauzatu behar baitira sektorearen emaitzengan eragina izan dezaten ekitaldi honetan”.
Sektorearen hurrengo hitzordu garrantzitsua Bilbon izango da, ekainaren 2tik 7ra egingo den BIEMH ferian. Torrecillak azaldu duenez, honelakoa izango da lurraldeko ekitaldi industrialik handiena: “Makroekonomian ematen ari diren aldaketek eragina izan beharko dute tokiko industrian; izan ere, parte hartuko duten erakusketari kopuruak islatzen dute merkatu nazionalean aurreikuspenak hobetzen ari direla. Badakigu bisitariek, beti bezala, erantzun ona izango dutela bai fabrikatzaileek bai banatzaileek eurei azken berritasunak helarazteko egiten dugun ahalegin izugarriaren aurrean”.
Elkarte sektorialaren presidenteak oso positibotzat hartu ditu berriki Eusko Jaurlaritzak jakitera eman dituen makineria industrialaren berritzea sustatzeko neurriak: “ETEek baldintza onuragarriak eskura izatea eta horri esker, tresnerian inbertitzeko aukera izatea ona da guztiontzat, eta eragin biderkatzaile bikoitza du: batetik, gure salmenten indarraldiaren ondorioz sortzen dena eta, bestetik, produkzio-baliabide modernoez hornitzen denaren lehiakortasuna hobetzeak dakarrena, are garrantzitsuagoa. Eusko Jaurlaritzak EAErako prestatutako ekimena laudagarria da zinez, eta espero dugu Espainian antzeko neurria hartu ahal izatea; horrelako bultzaden premia handiagoa baitu. Azkenik, bai ohiko jarduerak bai hainbat eskabide berezi finantzatzera bideratutako neurriak beharrezkoak dira; bereziki, nazioartekotze eta ikerketaren aldeko ahaleginak”.