Michel Armand CIC energiGUNEeko ikerlaria Mundu osoko Zientzialari Aipatuenen arteko zerrendan bigarren urtez jarraian
Clarivate Analytics-ek urtero argitaratzen duen Highly Cited Researchers zerrendak nazioarte mailan eragin handiena duten zientzialariak aintzatesten ditu, urte osoan komunitate zientifikoak euren lanei buruz egindako erreferentzia kopuruan oinarrituta
Stanford-eko Unibertsitatearen iritziz Energia arloko Estatuko ikerlari nagusi den Armand, etorkizuneko ibilgailu elektrikorako egoera solidoko bateria lortzera zuzendutako lan taldearen buru da CIC energiGUNEtik
Michel Armand, CIC energiGUNEko, energia elektrokimikoa eta termikoa biltegiratzearen arloan Europan erreferentea eta Basque Research & Technology Alliance BRTAko kide den ikerketa zentroko ikerlaria, Clarivate Analytics enpresak urtero egiten duen “Highly Cited Researchers” (Ikerlari Aipatuenak), zerrenda ospetsuan sartu da bigarren urtez jarraian. Zerrenda horrek, urte batean beraien arloan gehien aipatzen diren lanen %1 egin duten ikerlariak biltzen ditu.
“Michel Armand zerrenda horretan egoteak energiaren alorreko munduko ikerketaren abangoardian jartzen du CIC energiGUNE”, adierazi du Nuria Gisbert Zentroko Zuzendari Nagusiak. “Gainera, ezin dugu ahaztu Michel Armand ikerketari eta bikaintasun zientifikoari eskainitako bizi-eredua dela, eta eredu horren esperientziak lidergorako ateak irekitzen dizkigula ibilgailu elektrikoaren arlo erabakigarrian”.
Alde horretatik, nabarmentzekoa da aurtengo zerrendan 26 Nobel saridun daudela, aurten saria jaso duten hiru barne (Emmanuelle Charpentier eta Jennifer A. Doudna, Kimikan; eta Reinhard Genzel, Fisikan). Guztira, mundu osoko 6.167 ikerlari daude zerrendan, eta horietako 103 Estatu espainiarreko erakundeetan aritzen dira, Michel Armand, besteak beste. Komunitate zientifikoarentzat, munduko zerrenda honetan agertzea ohore bat da, eta nazioarteko erreferentzia argia da profesional baten ikerketa arloko bikaintasunerako.
Michel Armand Highly Cited Researchersen egotea bat dator azken urteetan jaso dituen aintzatespenekin. Stanfordeko Unibertsitatearen ustez, Estatuko ikertzailerik garrantzitsuena da energiaren arloan, eta halaxe adierazten da munduko 100.000 zientzialari garrantzitsuenen bere zerrendan. Izan ere, patenteak eta ikerketak partekatzen ditu 2019ko Kimika Nobel saridunetako birekin, John Goodenough-ekin eta Stanley Whittingham-ekin, hain zuzen ere, eta nazioarteko komunitate zientifikoak “etorkizuneko baterien hurrengo aita handitzat” jotzen du, elektrolito solidoarekin egindako lanagarentik.
Armand irakasleak hainbat aintzatespen jaso ditu zientziaren arloan, 2000. urteko Volta domina, 2010eko Galileo saria, 2012ko Aymé Poirson saria eta 2016ko Catalán-Sabatier saria, besteak beste. Era berean, Honoris Causa Doktore da Deakingo eta Upsalako Unibertsitateetatik, eta nazioarteko aldizkarietan argitaratutako 416 argitalpenen egilea edo egileetako bat da, 295 aurkezpen egin ditu hitzaldietan eta 200 patente aurkeztu ditu edo aurkeztekotan da. Gainera, 30 doktoretza tesi zuzendu ditu, eta horietako hiru EHUkoak, Euskal Herriko Unibertsitatekoak, dira. Egindako lana aintzatesteko, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak harrera egin zion iaz, eta “CIC energiGUNEk berrikuntzaren erreferente gisa izan duen posizionamenduan izandako eragina” nabarmendu zuen.
2011n hasi zen CIC energiGUNErekin harremanetan, “Energia, Bateria eta Superkondesadoreen biltegiratze” Arloko Batzorde Zientifikoan sartu zenean. Aldi berean elektrolito polimerikoen ikerketa-taldearen sorrera zuzendu zuen. Azpimarratu behar da elektrolito solidoari buruzko zentroaren ikerketa-lerroa Europa mailako bost lerro nabarmenen artean dagoela gaur egun. Une honetan, Armand irakasleak zentroari estu lotuta jarraitzen du, jarduera zientifikoa eta ikerketa-talde osoa gainbegiratuz.
1946an Frantzian jaioa, Michel Armand 80ko hamarkadaren amaieran hasi zen litiozko bateria kargagarriak ikertzen –polimero solidoaren elektrolitoarekin egindako konbinazioaren bitartez–. Horri esker, besteak beste, garatu ahal izan dira ibilgailu elektrikoari lotutako teknologia nagusiak. Gaur egun, CIC energiGUNEren elektrolito solidoaren ikerketa-arloko arduraduna da, eta etorkizuneko ibilgailu elektrikoaren egoera solidoko bateria lortzera bideratutako lantalde bat koordinatzen du.